Oker dago Euskal Herriaren etorkizuna EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) hiru herrialderen parlamentuan baino ez eztabaidatuz konpondu gura duena.
2. Oker dago EAEko parlamentuan eztabaidatuko den plan horretan aukerak mugatzea planteatzen duena.
3. Oker dago naziorako plana egin, eta sozietate justuagoa lortzeko premia aldarrikatzen ez duena.
4. Oker dago estatuak bere planaren kontra egingo duen erasoari aurre egiteko euskal sozietatearen babesa bilatzen ez duena.
5. Oker dago arazo nazionalaz herri kontsulta eskatu eta nazioaren arazo diren gai zehatzez herriari kontsultatzen ez diona: Abiadura Handiko Trenaz, esate baterako.
6. Oker dago «salatariak salatu» lelopean kazetariak «kritikatzen» dituena. Okerrago legoke, berriz, «salatariak» ohi den legez «zigortzeko» eskubidea duela pentsatuko balu. Izugarri oker, egingo balu. Atzera bueltarik ez duen ekintza izango litzateke hori, eta aspaldi eskatu zitzaion horrelakorik ez egiteko. Fernando Buesa eta haren bizkartzain Jorge Diez hil eta gero, hain zuzen.
7. Oker dago militanteei hauxe diotsena: «ETAren ekintzak Euskal Herriaren defentsan: Azkar enpresaren aurka. Bilbon Iberdrolaren aurka, Santanderko aireportuaren aurka, Alacanten bi hotel suntsitu ditu lehergailuak erabiliz, Leioan Opel-Goñiren aurkakoa».
8. Oker dago behar-beharrezkoa dugun eztabaida egiteko gunea antolamendu berri baten sorleku bihurtu gura duena. Alderdi eta erakundeen ordezkaririk gura ez duenak ez luke arduratu beharko zenbait alderdi eta erakundetako ordezkaririk ez dagoela-eta.
9. Oker dago eraginkortasuna aspaldi galdua duen erakundeari lur hartzeko pista gertatu gura diona: hamaika arrazoi dago, ez da aitzakia bat behar.
10. Oker dago Orwellen Boxer-ek legez pentsatzen duena: «Napoleon is always right». Oker dago, gaur zuri eta bihar beltz hausnartu barik onartzeko prest dagoena. (Baina gerta bedi, lehenbailehen).
11. Oker dago elkar ulertzea bilatzekoak ei diren egitasmoak zintzotasun ezetik abiarazten dituena.
12. Oker dago oinarrizko txostenerako hauxe proposatzen duena: «Ibarretxe Planarekin, Espainiako Estatua eta Baskongadasen arteko paktu politikorako eskaintza aurkeztu dute EAJ eta EAk. Hitz eta apaindura abertzale askoren atzean, planteatutako eduki eta ezaugarrien arabera, proposamena ‘Moncloako Estatutuaren bigarren saio’ bezala kokatzen joan da, orain arte». (...) «Muturreko baldintzetan eta boto erabilgarria aldarrikatzen zuten EAJ-EArekin burutu badira ere, ezker abertzaleak garrantzi kualitatibo eta kuantitatibo handiko esparru sozial eta politikoa egitura du AuB eta herri plataformen inguruan. Maiatzaren 25eko hauteskundeekin demokraziaren kontrako marko instituzionala osatu da; EAJ, EA, EB eta Aralarrek bere mesedetan baliatu eta erabili nahi dutena».
13. Oker dago Espainiako parlamenturako hauteskundeetan jokoan ezer ez dugula dioena. Muguruza parlamentuko kide zen garaian beste dugu jokoan. Etorkizun hurbilean hauteskunde horietan parte hartzeko aukerarik izan ez dezagun borrokatu behar dugu.
14. Oker dago Euskal Herri osorako estrategia eta abiadura bakarra proposatzen duena. Orain 25 urte bezain oker dago.
15. Oker dago herri honen etorkizuna elkarlanean eta indarrak metatzean barik abangoardiatan ikusten duena. Oker dago, indarrak metatzeko, gero eta gehiago izateko balio ez duten borroka-moldeak babesten dituena.
16. Oker dago arerioak barrikadaren alde berean bilatzen dituena. Okerrago oraindino, aurkitu ere egin dituela uste duena.
17. Oker dago nazio errakuntzako prozesu hau luzatzeak etorkizunean kalterik eragingo ez digula pentsatzen duena. Arerioak argi du zer gura duen eta zelan lortu behar duen.