argia.eus
INPRIMATU
Lana eta beharra
Joxerra Garzia 2021eko uztailaren 19a
«Beharra» esaten zaio bizkaieraz lanari, eta horrek zer pentsatua eman izan dit beti. Urte batzuk badira, nahi baino gehiago, lanean edo beharrean ari naizela. Aurreko batean, harira ez datorren kontu bat zela eta, nire lan-ibilbidearen berri ematen duen agiri bat eskatu behar izan nuen, eta izututa geratu nintzen: ia 28 urte ditut kotizatuak. Txunditu egin ninduen datuak, baina berehala ohartu nintzen agiriak ez zuela nik egindako guztia jasotzen. Arrasate eta Tolosako ikastolan, Euskadi Irratian, Euskal Telebistan eta EHUn egindakoa bakarrik jasotzen du agiriak; ez, ordea, hortik kanpo egindakoa, Irakasleen, Idazleen eta Bertsozale Elkartean, esaterako. Orduan otu zitzaidan egoki litzatekeela agirian agertzen direnei «lana» deitzea, eta besteei, berriz, «beharra». Izan ere, urte hauetan guztietan gauzak egiteko bi modu guztiz desberdin ezagutu ditut. Agiri ofizialetan agertzeko moduko erakundeetan, ez zaio beharrari begiratzen. Ahal dena egiten da, eta kito. Erakunde ez-ofizialetan, berriz, zer behar den, huraxe egiten da, ahal ez bada ere. Lana ogibide da; beharra, aldiz, herrigintza. Gurea bezalako herri batek nekez egin baitezake aurrera ahal dena bakarrik eginez, badugu, badugunez, beharraren beharra.