argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2003ko abenduaren 07a

Teresa Calo eta Aitzpea Goenaga izan dira aurten Serantes Antzerki Testuen Sariko irabazleak. Lehenak gaztelaniazko atalean irabazi du La inevitable variedad del ser lanagatik. Bigarrenak Agur betirako lanarekin irabazi du euskarazko alorrean.

Aitzol Aramaioren Terminal film laburrak beste sari bat jaso du. Oraingoan etxekoa, Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bilerakoa, hain zuzen.

Monica Zamora, Iratxe Ansa eta Ander Zabala dantzari euskaldunak izan ziren lehengo astean Donostiako Kursaalean. Hirurak nazioarteko konpainia garrantzitsuen kide dira eta Espainiako beste bost dantzari garrantzitsuekin Vasos comunicantes lana eskaini zuten.

Juan Luis Zabalak Federico García Lorcaren Poeta New Yorken lana kaleratu du Erein argitaletxearen eskutik.

Patxo Telleriak idatzitako Kontenedore baten istorioak eta Euskara sencilloaren manifiestoa liburu batean argitaratu ditu Artezblaik Antzerki Testu Bildumaren baitan.

Asier Serranok «Gerrari bai» bigarren bakarkako lana kaleratu du. Loreleiren garaian eta aurreko diskoan landu ez zituen doinu gogorrak jaso ditu Oihukak kaleratuko duen disko honetan.

Itxaro Bordak Euskal Herriko biolentzia egoera jorratu du Alberdaniaren eskutik argitaratu duen Hiruko liburuan. Ipuina, saiakera eta antzerkia batu ditu bertan. Bestalde, Maiatz argialetxeak 100% basque Bordaren liburua frantsesez kaleratu du. Egileak berak itzuli du iaz Euskadi Saria jaso zuen liburua.