argia.eus
INPRIMATU
Hemen dela gorria!
Jakoba Errekondo 2003ko abenduaren 07a

Ez dakigu zenbaterainoko gorria, baina hemen da negua. Beroak, epelak eta hotzilak ahaztu ditu lurrak, eta fresko, hotz, hotz-hotz eta izozte eta jelateetara jarria da dagoeneko. Lurra bai, lurrean bizi diren milaka onddo, bakterio, nematodo, har eta beldar, zizare, ziraun, intsektu saldo, bare, barraskilo, sator, satain, satitsu eta abarrak ordea? Horiek gorrialdia ahal den gozoen igarotzeko prantatua dute habia.
Habiaren irrikatan indar zipitzik ere alferrik galdu gabe hor ditugu landareak, erreserben kudeaketa taktikoan azala gogortu eta gorri beltzenari ere kopeta zimurra erakusteko pronto.
Badira, halere, gorriaren gorritasunaren arabera kopeta erakuste horretan pattal samar azalduko diren landareak: hemengo hotza gorriegia egiten zaienak, sasoiz kanpo haztea nahi ditugunak, haur, nerabe eta gazteak, helduak izanagatik landatu berriak, aurtengo aldaxkak, haziak... Aterpea da beti babes onena, denak ezin estalpez josi ordea, eta bestelako zer edo zer egin behar.
Landareen ipurdiak eta sustraiak garatuak dituzten lursailtxoa babestea da aukera. Hotzak bistan dugun landare osoa erretzen badu ere, bere bueltan jarritako babesak zainak eta enborreko begiren bat salbatuko ditu, jeneralean.
Babes hori sortzeko erabiltzen diren materialak bi eratakoak dira, organikoak eta ez organikoak. Lehenengo horiek dira etxeko mugarrien barrurako tamainakoak. Eho gabeko pinu azala, pinu orria, orbela, sutautsa, zohikatza, lurrustela, konposta, artazortena, belar ondua, lastoa, garoa... edozein inorkin da ona. Landarearen ipurdiaren bueltan, ia erabat estaliko badu ere, hamabost-hogei bat cm lodi zabalduta lur altzoa ederki babestuko du. Tenperatura gorriei planto emateaz gain sustraiak hornituko dituen lurra harrotu, osatu, aberastu... finean bizituko du eta izerdi berria datorrenean landareak bon-bon!