Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda

  • Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako zerga-sistemaren aldaketak hautsak harrotu zituen Nafarroan 1893. urtean. Foruen aurkako neurria zela-eta, herritarrak zein erakundeak altxatu ziren. Gamazadaren (altxamenduaren) ondoren, foruen aldeko monumentua eraikitzen hasi ziren Iruñean eta 1903. urtean amaitu. Aurten dira 100 urte.

2003ko abenduaren 07an

Ilberriko gau goibeletan, Sarasate pasealekuko bertze muturretik, Foru-parlamentu zaharberritutik begiratuz, badirudi Nafarroaren miraila omen den andere oparoa zutarri itzel gainetik desagertu dela. Harritzekoa ote? Ehun urte goiko hori bizitoki, gibelean duen Diputazio-Jauregiko jaun batere ez zaio oraindik hurbildu eskua eta ongi etorria ematera. Zutarri-oinetako bortz testu handiosek sinestarazi zioten, beharbada, Nafarroaren sinbolorik bihotzekoena dela, eta jakin badaki protokoloekiko nafarren axolagabetasunaz. Baina ez al da gehiegi? Ehun urtetan hor esperoan egon arren, existituko ez balu bezala, inauguratu gabe oraindik ere. Hau bai sinboloa.

Monumentua: what monumentu?

1903 urtea aurrera zihoala, urrian eman zuen garaiko nafar Diputazioak bukatutzat gure Foru-monumentua, hamar urte lehenago hasia. Luze bezain gorabeheratsua izan zen eraikuntza. Eta egon badago gaur egun haren inaugurazioa eskatzen duenik. Areago, nafar agintariek egiten duten foruen manipulazio maltzurra gogoan, badago, egon, herri-inaugurazioa egin nahiko liokeenik lehen mendeurren honen kariaz, betiko foruzale sasikoei eskutik irabazteko asmoz. Bere abantailak ditu, alabaina, monumentuaren ofizialtasun falta horrek. Galdetu, bertzela, oso urte gutxi dela zutarri itzeletik gora igo eta anderearen gonetatik zintzilikatu ziren protestante haiei »berdin du zeren kontra edo alde», nola libratu ziren foruzainek jarri zieten salaketatik, ondare publikoa zapaldu izanagatik egindako salaketa hartatik. Erregistro batean ere ez da agertzen monumentu hau, nafar instituzio batek ere ez du bere gain hartu haren jabetza. Inaugurazio ofizialaren falta horrengatik, baiki. Ezin hobe suertatu zitzaien behinik behin protestanteei, salatariek ezin izan zutenez frogatu ondare publikoa denik: bertan behera gelditu zen auzia.

Ezti-gozoan bizi izatetik...

Errestaurazio izeneko garai luzeak ziren, Canovasek bideraturiko estatu-kolpe baten bidez hasitako garaiak (1875) eta Primo de Riverak, ohiturak ez galtzeko, bertze Estatu-kolpe baten bidez (1923) amaiera eman zien garai haiek. Hamarkada bukaezin baina korapilatsuak, zinez. Madrilgo erregimen sasi demokratiko hark gorrarena egiten zien temati Estatuko luze-zabalera osoan borborka irakiten ziren mugida guztiei; lan-munduan, gizartean, kultura arloan, Ipar Afrikan, Kuban, Filipinetan, Katalunian edo Euskal Herrian deus ere gertatuko ez balitz bezala. Nihil novum sole edo "zaharrak berri" erran genezake gaur egun ere, ikusten ari garenak ikusita. Nafarroako jauntxoak eztitan bizi ziren 1841.etik, Erregimen Zaharreko nafar Erresumari azken kolpea eman zion Foru-legea, beranduago Hitzarturiko legea izena egokituko zioten hura, indarrean jarri zenetik. Halako ondare familiartzat jo izan zuen ordutik kazike talde murritz berri batek Foru-probintzia, eta jaun eta jabe sentituko ziren beti ezusteko puntual batzutan izan ezik. Hala nola 1855.eko ezustean, non desamortizazio zibila helburu, Madozek nafar jauntxoei kendu nahi izan zien herri-lurren salmenten gaineko kontrola; edo 1877.an, Canovasek Tejada-Valdosera izeneko itunaren bidez Madrili pagatu beharreko kupo altuagoa eta zerga berriak ezarri zizkionean Foru-probintziari. Eta, horratx, halako batean, berriro ere, 1893.ean, bertze ezusteko batekin topo egin zuen nafar ondasunen oligarkia kudeatzaile/gozatzaile hark. Ezusteko honetatik etorriko ziren hizpide ditugun geure Foru-monumentuaren inguruko zertzeladak.

Izan ere, 1893.eko maiatzaren 10ean, Germán Gamazo Ogasun ministroak hurrengo urteko aurrekontuen proiektua prestatu bezain laster, honen berri izan zuten Nafarroan. Aurre-proiektuan honako hau irakur zitekeen: "Gobernuak, 1877.eko uztailaren 11ko Legearen 8. artikuluak ematen dion ahalmenaz berehala baliatuz, ezarriko dizkio Nafarroari bertze probintzia guztietako kontribuzioak, errentak eta zergak, bai gaur egun erresuma osoan indarrean daudenak nola lege berri honek sortzen dituenak". Zer eta zerga-sistema foral berezia, 1841.eko Hitzarturiko legeak kontsakratzen omen zuena, bertan behera geldi zitekeen.

...Foruen aldeko gogo-uholdera

Laster batean hasi ziren erreakzioak. Maiatzaren 16an bertan erabaki zuen Diputazioak ordezkaritza bat aurkeztea Gorteetan bere arrazoiak azaltzeko. 19an, Iruñeko Udalak eman zion sostengua ordezkaritza horri, prentsan kanpaina sutsu bat hasten zen bitartean Gobernuaren asmoen kontra. Hurrengo egunetan Nafarroa osoko bertze udal anitzek »handi eta txikiek, hala nola Tutera, Legarda, Olaibar, Mañeru, Agoitzeko barruti judizialeko 66 herritakoek...» beren atxikimenduak bidaliko zizkioten Diputazioari, Orreaga, Navas de Tolosa eta abarrez oroitu eta nafar aberriaren goraipamen bero-beroak adierazten zituztela. Ablitaskoek, adibidez, nora eta Madrilgo Gorteetara bidali zuten honako mezu hau: "Foruen itzalpean jaio gara eta hauen babesean hiltzea erabaki dugu. Nafar bakar batek bizirik iraun artean, euskal eta baskoien arrazaren ondorengo bakar bat gelditu artean, altxatu eginen da probintzia honetan foruen zutoihala, espainiar erregeek hainbatetan zin egin zioten hori".

Maiatzaren 28an manifestazio jendetsuak egin ziren Iruñean, Merindade-buruetan eta herri askotan, horrelako aldarrikapenak entzun ahal zirelarik: "Gora Foruak!", "Gora nafar-euskal batasuna!", "Gora nafar-euskal probintziak!".

Ekainaren 4an herrialde osoko jendea elkarretaratu zen hiriburuan. Baina gorabeherak izan zituen deialdi honek. Hasiera batean, Diputazioa bera atzetik eraginka, Iruñeko Udalak erabaki zuen probintziako alkate guztiei bidaltzea mezua, nafarrak guztiak biltzeko hirian. Baina bitartean, ekainaren leheneko gauean, itsumustu batekin egin zuten topo.

Sarjentu matxinoa

Izan ere, Garesko muino batean zegoen Santa Isabel postu militarrean altxamendu saio bat egin zuen Lopez de Zabalegi sarjentuak bertze bortz lagunekin. Mendira jo behar izan zuten, Gares eta Obanosen partaide gehiago lortzen alferrik saiatu ondoren. Gutxi iraun zuten, bi egunetara desegin baitzen partida, eta ez nolanahika: Guardia Zibilak orpotik segika izan zituela, matxinatuen artean eztabaidatu eta elkarri tiroka bi partaide zaurituta suertatu ondoren. Erreakzio biziak sortu zituen saioak nafar hedabideetan eta politikariengan. Bereak eta bortz erran zituzten matxinatuen kontra: "Ameslari hutsalak", "munduz kanpokoak", "burutik joanak", "ergelak", "barru beltzak" eta antzeko loreak bildu zituzten protagonistek »ez zuen, bistan dena, oraindik irabazi gaur egungo zabalera semantikoa "terrorista" mintzoak». Ekintza bera, "gaztekeria", "burugabeko ausarkeria" eta abar izan omen zen. Dena dela, bertzelakoa izan zen prentsa errepublikarra, horrelakoak erran zituelarik ideologia horretako Madrilgo El País egunkariak: "Lopez sarjentuak, nafar fier horrek, oihu egin du Iparraldeko mendietan, baina ez da izan eromenaren oihua, desespero nazionalarena baizik. Ez da ero bat, espainiar bat baizik, hots, desesperatu bat". Edo: "Maitemindu egin gara Lopez sarjentuarekin", hau berau baita "memento historiko honetan Espainian dagoen lagun ondratu bakarra". Gainera, egun gutxitara Lopez sarjentuak Pirinioetako muga zeharkatzea lortu ondoren, balantze positiboa eginen zuen egunkari berberak: Gobernuak, atxilotu ezinean, "bere bizkarrezurra makurtu du Lopez sarjentuaren aurrean, Nafarroa osoak zor dizkiolarik honi betiereko eskerronak; izan ere, sarjentuak, aberriaren alde bere sakrifizioa eskainiz, saihestu egin du Nafarroak borroka armatuari ekin behar izatea, eskubideak galduz gero beranduegi izan baitzatekeen gerra ekiditea".

Denak Iruñera

Gauzak horrela, arazoak izan zituzten aipaturiko ekainaren 4ko manifestazioa aurrera eramateko. Asaldatu egin ziren Madrilen bai sarjentuaren saioarekin nola nafar instituzioek jorratu nahi zuten protesta-bide jendetsuarekin, eta luzamendutan ibili elkarretaratzeari legezko baia eman ez eman. Gogoan zuten oraindik hamazazpi urte zela amaituriko Bigarren »edo Hirugarrena, nork egiten dituen kontuak» Gerra Karlista, lau urte iraun zuen hura, foruak aho eta ezpainetan. 3ko gauean bertan jaso zen Madrilgo baimena. Nafar foru-agintariak ere dudatan ibili ziren deialdiarekin jarraitu ez jarraitu, Gareskoak izututa. Diputazioak biltzar sekretu bat egin ostean, deia mantendu bai, baina bertze mezu bat zabalduko zuen, herri bakoitzeko ahalik eta bizilagun gehien beharrean, ordezkariak bakarrik joan zitezen hiriburura erregutuz. Egia erran, hein batean baizik ez ei zuen arrakastarik izan jendea etxean geldiarazteko saioak, eta uholdeka bideratu omen ziren leku guztietatik Iruñera, tren-bagoi bereziak eta guzti antolatu zituztelarik zenbait herritan. Gainera, ekainaren 4an bertan, goizeko 11:00etan hasi behar zuen manifestazioak, baina Jainkoaren asmoak tartean ote, urte hartako Gorpuzti-egunean euria ari izan zuela-eta, aldatua zuten elizgizonek betiko prozesio panpoxa egiteko hitzordua, noiz eta... asma bitza irakurleak eguna eta ordua.

Arratsaldeko hirurak arte atzeratu behar izan zuten, bada, elkarretaratzea. Foru-Jauregian hasiko zen, diputatuen segizioa izanen baitziren manifestariak. Handik Udaletxera, hiriburuko alkatea eta zinegotziak bil zekizkien, eta Ziudadela kaleko Gobernadore zibilaren egoitzaren aurrean gelditzeko asmoa zuten, Madrilgo ordezkari nagusiari eskaerak aurkeztu artean. Hala egin eta, Sarasate pasealekua luzera zeharkatuz, berriro Foru-Jauregian amaituko zen ekitaldia. 15.000 partaide aipatu zuten kontalari batzuek. Batere gaizki ez zegoena, biribilduta izanda ere zenbakia, gogoan hartzen badugu hainbat kontu: hala nola, Nafarroako biztanleria (300.000 guztira), Diputazioaren aipaturiko saioak herritarrak etxean geldiarazteko, bai eta garaiko mentalitatea ere emakumeen paperaz. Intentzio osoz doa azkeneko hau. Izan ere, maiatzaren 28an, Iruñean, honelako errieta bat bota omen zion manifestari gizonezko batek oihuka eta sutan parte hartzen ari zen andre bati: "Emakumeek ez duzue etortzerik manifestazio hauetara; etxean gelditu behar, bendak egiten... laster batean beharko ditugulako!".

Lapikoa borborka

Hurrengo egunean bertze ekimen bat erabaki zuen Diputazioak: idazten zekiten nafar guztiek sinaturiko azalpen bat aurkeztea Erregina Erregeordeari. Kanpaina ireki eta hiru egunetara ia 120.000 sinadura bildu zituzten eta hilaren 28an hitzeman bezala Maria Kristina ama Erreginaren eskuetan utzi Madrilen, dotore eta txukun jostaturiko koadernoetan.

Luzatu eta korapilatu egin ziren gauzak hurrengo hilabeteetan ere. Gorteetako diskurtso beroak, Diputazio eta Gobernu arteko bilerak Madrilen, Gamazoren proiektuaren onarpena Parlamentuan, egunkarietako artikulu sutsuak, matxinadak Tuteran, Corellan eta Cascanten, manifestazio gehiago... Aipatuena, 1894.eko otsailaren 18an Castejonen harrera egin ziena diputatuei, Madrildik trenez esku hutsik, baina makurtu gabe zetozela. Castejonen ez ezik, Nafarroan sartu bezain pronto, trenbideko geltoki guztietan jende andana bildu zen "gora" eta "aurrera"ka, foruak, nafarrak, euskal herri zahar eta garaitezina eta tankera horietako aipamenak aho eta pankartetan. Entzungor, aldiz, Madrilgo agintea, harik eta martxoaren 8an Gobernua krisian lehertu eta Gamazok ministerioari utzi zion arte. Oraindik ere saiatuko ziren legea aurrera eramaten, baina hurrenez hurren etorriko ziren krisi berriei esker libratu ahal izan ziren foruak mementoz eraso hartatik.

Monumentuaren ideia

1893.eko ekaineko giroan jaio zen Foru-monumentuaren ideia. Ekainaren 4ko manifestaziotik bi egunera gutun bat argitaratu zuen Manuel Jimenok, "Ideia bat" proposatuz: plaka bat kokatzeko Foru-Jauregiko fatxadan, ekintzaren oroimenez. Egun eta espiritu berean, Fiacro Iraizoz garaiko idazleak monumentuaren ideia aireratu zuen: "Alegoria artistiko bat, monumentu apal bat", "eguratsean" altxatu eta haren aurrean urtero "Foruen jaia" egiteko; eraikuntzari dagokionez, "utikan subentzioak eta sakrifizio garestiak; ez ote da herriarentzako? Bada, herriak berak egin behar. Herri diru-bilketa eta denon gogo beroa, aski". Bederatzi egunetara eratuta zegoen batzorde bat, bere eginen zituena bien ideiak eta lanean hasteko asmoz. Hilaren 16an plazaratu zituzten dena aurrera eramateko egin beharrekoak eta diru-bilketarako oinarriak: 25 zentimotik 25 pezetarainoko emaitzak egin zitzaketen penintsulako nafar guztiek, eta nahi adina diru talde kolektiboek nola itsas haraindiko nafarrek; kolektak antolatzeko laguntza eskatu zien prentsari, hiriburuko dendari batzuei, probintzia osoko alkateei, parrokoei eta aisialdi-elkarte guztiei; bertzalde, ezin utzi aipatu gabe, Foru-Diputatu bakoitzak bere barrutiko itzal handiko pertsonei »kazike garaietan gaude, ez ahaztu».

Ekainaren 28an, nafarren sinadurak Erregina Erregeordeari eman zitzaizkien egun berean, Esteban Perez Tafallak, bere kontuz eta poltsaz argitaratu zuen Nafarren Ohorezko Liburua izena hartuko zuena, luxuzkoa, hitzaurre bero bat eta 120.000 sinadurak bilduz, eta nafar udal guztiei oparitu tokian tokiko artxiboetan betiko gorde zezaten. Aldi berean, Tuterako eta herri askotako udalek deliberoa hartu zuten Foruen izena jartzeko karrika edo plaza garrantzizkoei, gaur egun edonon ikus ditzakegunak.

Monumentuaren patua

Giro bero-beroa, dudarik ez, baina diru-bilketa nahi baino motel eta apalagoa, Martinez de Ubago Lizarragaren proiektua aurrera eramateko. 1894.eko uztailaren 3an jaitsi behar izan zituen batzordeak emaitza gutxienekoak »5 zentimotara» eta mugarik gabe ireki gehienezkoak. 1895.eko urtarrilean 40.000 pezeta omen zituen batzordeak, nahikoa ez, eta Diputazioari eta hiriburuko Udalari eskatu zien dirua jar zezatela. Egileak berak monumentua merkatzeko erreformak planteatu arren, bertze 30.000 pezeta lortu behar, omen. Ez ziren oso azkar mugitu bi instituzioak, eta urria arte ez zuten erabaki euren ekarpena, 10.000 pezetakoa Diputazioarena, 5.000koa Udalarena.

Lanak azaroan hasi ziren, Foru-Jauregiaren aurrean, baina laster eta maiz utzi behar izan zieten diru faltagatik. Tartean, obrak karrikan suposatzen zituen oztopoak, higiene-arazoak, elkarrekiko kargu-eskaerak Udal, Diputazio, batzorde eta arkitektoaren artean. 1898.eko azaroan Diputazioak berak hartu zuen bere gain lanen jarraipena, baina 1900.eko martxoan berriro geldirik zeuden obrak. El Eco de Navarra egunkari liberalak, ironia zorrotz eta gordinean, proposamen bat egin zuen: zimentarrien gain-gainean plaka bat jar zedila legenda batekin: "Foruen aldeko gogo-uholdeak lorturiko maila". 1902 urteko Foru-aurrekontuetan diru-partida bat jarri arte, ezin izan zuten eraikuntza-lanetan segi. Honi esker egin ahal izan ziren monumentuko estatua osoak, 27.000 pezeta kostatu zuelarik Nafarroaren goiko alegoriak. Monumentuak, guztira, 200.000 pezeta inguru. 1903.eko urrian bukatutzat eman zuten arren, 1905a arte ez zituzten jarriko bortz plakak, Olorizek paraturiko bortz testu foru- eta euskaltzaleekin, hiru gazteleraz eta bi euskaraz, hauetako bat karaktere iberiarrekin eginda.

Eta nafarren bihotza inarrosten omen duten lege sakratuak eskuan, andere oparoa utzi zuten hor goian ongi etorria eman gabe, noraino heldu zen nafar patrizioen foru aldeko gogo-uholdea oroit gaitezen.

Pedro Esarte: «Gamazadak ez dira bukatu 1512. urtetik aurrera»

Gamazo ministroaren proiektuak nolako erreakzioa jaso zuen herritarren aldetik eta Nafarroako Diputazioaren aldetik?
Ezer baino lehen beti Gamazoren proiektua dela esaten da, baina garbi utzi behar da Madrilgo gobernuaren proiektua zela. Herriari eta Diputazioari dagokionez, Nafarroako Diputazioa herriak sortu zuen mugimendu eta erreakzioaren buru jarri zen, beti egin izan duen bezala. Gidaritza hartzen du eta Nafarroako arazoak berak konponduko dituela esan. Hurrengo bozketan aukeratu zuten Diputazio hori bera eta kolpera sartzea lortu ez zutena (aurrekontuen proiektu berria), poliki-poliki sartu zuten.

Diputazioak ez zuen ordea, herriaren alde egin?
Besterik egin zezakeen ala? Udalak ere aurka zituen. Arazoaren gidaritza hartu zuen. Begira adibide hau: Madrila bidaltzeko sinadurak jaso behar zituzten. Bada, Nafarroako Diputazioak onartu zuen udalerrietako sentimendu hori eta Madrila bideratu zuen, baina sinadurak eraman gabe. Diputazioak lapikoaren estalkia zaindu zuen, lapikoak su hartu ez zezan. Gobernu hark eta ondorengoek ere gauza bera egin dute, uneko egoerarekin gustura daudelako. Herriari zer esan horrelakoetan berriro aukeratua izan zaitezen? Bada, irabazi dugula! Nafarroan denak garaipenak izan dira, baina orain Nafarroa ez da erresuma probintzia baizik.

Herriak sinetsi zuen orduan Nafarroako Diputazioaren azpijokoa?
Herriak ezin zuen gehiago egin, ordezkaritza ez zegoen udalerrietan gobernuan baizik, hau da, garai hartan Diputazioa deiturikoan. Bai, herriak irentsi zuen, hurrengo hausteskundeetan berriz irabazi baitzuen gobernu hark. Mugimendua herri mailakoa izan zen; sinadurak bai Madrila eramateko eta baita monumentua egiteko ere herrietan bildu ziren.
Orain dagoen kontraesana honakoa da: batetik, kontua da orduan galdu zen hura ez dela errekuperatu. Aurrekontuak Nafarroan antolatzeko eskuduntza ez du eskatzen Nafarroako gobernuak. Bestetik, orain ere monumentuarekin gora eta behera dabiltza gobernukoak, hondar piloa botatzen berez gertatu zenaren gainean, alegia, aldarrikapen haiek herri ekimena izan zirela eta ez gobernuaren ekimen. Oraingoan berak jarri du dirua eta festa berak antolatu du, gainerakoak bere onetik atera ez daitezen.
Zure liburuak 100 años de Gamazada izena du.

Baina, bazeukan 1.000 años de Gamazada izena edukitzea. Gamazadak ez dira bukatu 1512. urtetik aurrera.

«Biba Gamazo!»

German Gamazo ministro liberala izan baitzen nafarrak bildu zituena. "Biba Gamazo" oihua, maiz errepikatu zen Gamazadaren garaian, duela mende bat etsaiak batu zituen nafarrak. Ziuraski, ondoren, ez da horren kontsentsu zabala ezagutu Nafarroako politikagintzan.

Egunotan, Gamazada baino, monumentua, eraikina da hizpide; 1903ko urrian bukatu zen monumentua, eta ofizialki inauguratzeke dago. Gustukoa dugu lurralde honetan monumentuak eraikitzea, mugarriak bailiran paratu, gisa horretan galdu dugun zerbait berreskuratuko dugulakoan. Foruena, Amaiurkoa, Noaingoa... kanpotik ikusita bitxia, inoiz ulergaitza dena, guztiz logikoa pausaleku honetan.

Foru monumentua Hiriburuzagian da, Iruñeko Sarasateko pasealekuan, eta bere kokapenak esanahia berezia dauka. Badirudi, botereak eraikinaren abaroa bilatu duela. Gibelaldean Nafarroako Gobernua, albo batean, Espainako bankua, bestean karlismo gordina, eta, urrutian, baina aurrez aurre, antzinako Entzutegia, egun Parlamentua bilakaturik »bezgauza anitzentzat», nonbait, ihesa oztopatzen dabilzkio eraikinaren gaineko andereari.

Anderea, gailurreko estatua, gure iragan hurbilaren lekukoa izan da. Talaiatik, egitea dauka gure mendearen kronika, zer ez duen ikusi, entzun, sufritu goiko emaztekiak: gazteak solasean eta lardaskan, abestiren bat Agata Deunan, danbolin eta gaita soinuak dantzari gutxi batzuk asetzen, eta, manifestazioen helmuga izan denez »puskaz gehiago Gazteluko Plaza hesitua dagoenetik», dozenaka hizlarien elea. Esan ohi da, andereari, bisaia mudatzen zaiola diskurtsoaren arabera.

Monumentua sinboloa izan da eta sinboloa izaten jarraituko du. Nabarrismoa ere, horren jakitun da, eta Erresuma zaharraren sinbologia berritzen ari den honetan, espero zitekeen bezala, ez da eraikinen onuraz ahaztu.

Lehenik eta behin, lerro hauek argitaratzen direnerako, baietz ofizialki mustua egon, egun hauetarako eraikinaren inguruan egin duten muntaia, inaugurazio ofizialtzat har baitaiteke. Ekitaldirako hautatu duten leloa »pacto y libertad (ituna eta askatasuna)», inondik ere, etorkizun zaharraren adierazle. Bestaldetik, herritarren eskura jarriko dute datu-base bat, non bila daitezkeen monumentua ekonomikoki sustengatu zutenen izenak. Era berean, aipatu muntaian, igogailua paratu digute, andereari bisita egin behar; inori, ikuskizunak, izeba zaharraren aurpegia ekarriko dio gogora. Azkenik, dena bururatzeko, eta garai berrien lekuko, aparkaleku bat eginen digute, oroitarriaren azpian, erroak irauli nahian edo. Eskuinak »PSN barne?» argi dauka, berezko identitatea behar du, asmatua izan ala ez, eta, Nafarroa, Nafarroa da esaldia abiapuntu, kutsu identitarioz zipriztinduriko diskurtsoa ari da apailatzen.

Bizkitartean, sinboloetatik haratago, diskurtso erditzerik ez gurean, eta are gutxiago erdiko biderik. Nafarroa Garaian, euskaltzaletasunak, diskurtsoaren alorrean, iraultzea baino zerbait gehiago behar du garai berriei aurre egiteko. Sukurtsalismotik haratago, berezko bidea urratu beharra dago, nago ez ote den beranduegi horretarako.

Gauzak honela, duela ehun urteko gertakariak gogora ekartzean, nagusiki, gure bidearen okerraz jabetu beharko ginateke, eta ez, besterik gabe, hamaikagarrenez salatu, »bestaldetik, guztiz zilegi dena», egungo erakundeen utzikeria. Egia esanez, aurtengo muntaia ikusirik ezin erakundeen utzikeriaz mintzo.

Areago ikurriñaren auzia berpiztu duten honetan, Pedro Esartek dioen legez, Gamazoek aspaldi inguratzen dute monumentuko anderea. German Gamazok batu zituen nafarrak, botereak biltzen du eskuina eta Nafarroako euskal abertzaleak iraganean batzen dira. Egun, ba al dugu etorkizunik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


'Kontzertismoa', beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


Eguneraketa berriak daude