Bakiok ondare arkitektoniko eta kultura elementu multzo guztiz aberatsa biltzen du, ingurune naturalean gorde ere. Hiru ibilaldiren bidez, udalerriaren historiaren berri izan dezagun gonbitea egiten zaigu, paisasajearen berezitasuna gizakiaren arkitektura aberatsarekin nahastuz.
Hiru ibilaldiak Turismo Bulegoaren ingurutik abiatzen dira eta luzera ezberdinekoak dira, norabidea eta argibideak emateko seinaleez hornituta egonik. Hiru ibilaldien bideak lotzen dira haien artean gune askotan, bisitariari norabidea aukeratzeko parada emanez.
Baselizen bideak itsasaldera eramango gaitu, Santa Katalina, San Kristobal eta San Esteban baselizetara igotzeko. Herri arkitekturaren adibideak izanik, bere garaian izan zuten garrantzia erakusten digute. Hainbat auzotan sakabanaturik zeuden Bakioko lehen biztanleentzat baselizak batzeko eta espiritualtasunerako guneak izan ziren.
Bideak, San Pelaio bisitatu ondoren, Gaztelugatxe famatura hurbiltzeko aukera ere emango digu, geroxeago labarretatik Bakioko hon- dartzaraino iritsiz.
Soro eta ortuetan zehar Santa Urtsula baselizara iritsiko gara, Jauregien bideari jarraituz gero. Gure bigarren ibilaldiak mendi hegal erditik eramaten gaitu itsasaldera, han hondartza inguruan, Lafita etxearen ondora. Etxe hau XX. mendeko 60ko hamarkadako arkitekturaren eredu berritzailearen adibidea da. Herria zeharkatuz hainbat jauregi dotore ikusi ahalko dugu, Frantziako Bigarren estilokoak, neoeuskaldunak, neokantabriarrak, XX. mendearen hasierako Bilboko aberatsen opor-etxeak gehienak.
Hirugarren ibilaldiaren eskutik Bakioko barrualdea ezagutzeko aukera izango dugu, Basigo auzoa, hain zuzen ere, Bakioko jatorrizko herri gunea. Bertan Andra Mari parrokia dago. Soro eta mahasti artean, barroko estiloko Elexpuru eta Hormatza jauregi bikainak ikusiko ditugu. Ibarrera jaitsi ondoren erromaniko estiloko San Migel baseliza aldera igoko gara, basoen artetik.
Erreka nagusia zeharkatuz, ibilaldiaren azken zatian dagoen Zubiaur auzora iritsiko gara. Bertan, herri arkitekturaren etxe multzo garrantzitsua dago, haien artean Tabernazar izeneko baserria, Bakioko zaharrena. Bukaeran, Santa Katalina eta San Martin baselizez gain, Bekoerrota-Bengolea errota eta ola zaharren albotik igaroko gara gure abiapunturantz.
Bakioko San Pelaio baseliza erromanikoa
Bakio eta Bermeo artean bakarti, kostaldeko errepidearen eskuinean eta belardi zabal baten erdian, Bakioko San Pelaio baseliza dago, erromaniko estiloan, Bizkaian gelditzen diren adibiderik interesgarrienetariko bat. Ermita, ondoren egindako obra batzuetan izan ezik, erromanikoa eta gainera, Bizkaiko kanpandorre erromaniko bakarra da.
Kanpotik elizak nahiko baxua den kanpandorre lauangeluarra du; hura bilduz, sarrerako egurrezko atari zabala.
Nabe bakarrekoa eta abside angeluzuzenekoa, leiho txaranbeldua duen tenplua da. Abside horrek ganga zorrotzeko estalkia du. Oinean erdiratutako sarbideak lau arkibolta dauzka.
Bere estilokoetan arrunta den bezala, absidea ekialderantz zuzenduta dago eta sarrera, aldiz, mendebalderantz.
San Pelaioren sorrerari buruzko dokumenturik ez badago ere, baliteke 1175ean eliza gisa eraiki izatea, Gaztelugatxeko San Joan ermitak funtzionaltasuna galtzearen ondorioz, leku-beharragatik eta hara hurbiltzeko zailtasunagatik.
Adituen arabera, Zumetxagako elizaren garaikidea da, bi tenpluen arteko parekotasunak nabarmenak baitira.
Bakioko San Pelaio Bizkaiko arte erromanikoaren lau adibiderik garrantzitsuenen artean dago, Abrisketako San Pedro baseliza, Zumetxagako San Migel eta Galdakaoko Santa Mariarekin batera, azken hau monumenturik handienetakoa izanik.
Nola uler daiteke hain zaharra den estilo erromanikoa Bizkaiko bazter ezkutu honetan agertzea? Batzuk diotenez, Erdi Aroan merkataritza nabarmena zeukan Bermeoko portuaren bidez eta beraz, Europa aldetik sartutako eragina izan daiteke. Beste batzuen aburuz, Donejakueren kostaldeko bidetik iritsi ziren korronte artistikoen ondorioa da. Ezin da ahaztu kostaldeko bidea Konpostelarako biderik garrantzitsuena izan zela mendetan zehar.