Enpresek beti jaulki ditzakete akzio berriak inbertitzaileei nahiz lehentasunezko eskubidea duten beren akziodunei eskaintzeko. Era horretako operazioari kapital gehitzea esaten diote, eta bi helburu izan ohi ditu: enpresaren proiektuetarako finantzazio bide berriak aurkitzea da bata eta akziodunen konposizioa aldatzea bestea. Kapitala gehitzerakoan, ez dira salgai jartzen bazkide akziodunen akzioak, baizik eta titulu berriak ateratzen dituzte konpainiek. Adibidez, demagun enpresa batek 20 milioi euroko kapital soziala duela, hura 1.000 euroko 20.000 akziotan banatua dagoela eta, halatan, Akziodunen Batzarrak bost milioi euroko kapital gehitzea egitea erabaki duela. Bada, kontu horrek esan nahi du enpresak bost milioitan handituko dituela bere errekurtsoak eta finantzatzeko gaitasuna, akzio berrien salmentaren bidez. Operazioa burutzeko, hainbat tramite egin behar izaten dira: balioen merkatuko Nazio Batzordeari komunikatzea, jaulkitzeko erabakia egiaztatzen duten dokumentuak erregistratzea eta abar. Akzio zaharren -gehikuntzaren aurrekoen- eta berrien arteko diferentzia, berriz, batzuek eta besteek dibidendua kobratzeko duten eskubidean eta negoziatzen pasatutako denboran dago oinarritua. Bi modutan egin daitezke kapital gehitzeak: akziodunentzako gastua dutela edo gabe (akzio liberatuak edo doakoak). Ohikoena da titulu edo akzio berriek zaharrek baino dibidendu apalagorako eskubidea izatea, hau da, jaulki ostean zirkulazioan ibilitako denborari buruz proportzionala izatea.