Bazterrera lekutu nahi dituzte, lekune sortu berrian itxurako ez direla eta. Euskaldunako untziolaren eta Labe Garaien gerizpean umil jarri ziren behin, gunea Olabeaga zenean. Orain berriz Abandoibarraren luzapena ei da, eta orduko itzala galdu dutenez eta Guggenheimeko eguzki berriaren aurrean biluzik agertu, lotsakizun seinalatu dituzte handiki guztiek. Olabeagako langile-familiak lekuz kanpo beren auzo izandakoan.
Domeinutik kanporatu dute, halaber, komunikazio-zientzien fakultateko ikasle euskaldunen web-gunea. Adierazpen askatasunean sinestun, ikasleek ez dute erreparatu komunikazio-uhin berrian: ez du askatasunik behar, obedientzia ez besterik.
Campusetik kanpo jarri dute, baita, bertan aspaldiko izan arren, handikiek ikasgelatan nahi ez duten irakaslea; gorriak eta beltzak ezagutu ditu irakasle kaleratuak, gose-greban zen bitartean, baina Euskal Herriko Unibertsitatea deitu eremutik extramuros jarri dute, akaboan bizkaitar-arabar-gipuzkoar ez diren euskaldun guztiak lekutu dituzten modu berean.
Lekune berriak sortzerako orduan kontuan hartu beharrekoa, ez dezagun etxeko inor kale gorrian utzi.