argia.eus
INPRIMATU
Mediaberri
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
EHUko Zientzien fakultateko ikasle talde baten web gune zendua. On Manuel Montero errektoreak eraila. Ez naiz ni beharbada eskola erakunde legez famatzeko egokiena, torturaren lehen zantzuak instituzio horretan ezagutu bainituen nire garaian. Eskolak, zigorra zuen enbor eta egurra adar. Fruitua berriz, zintzotasuna irakasleen aginduei men egitean zetzala sinesten zutenak osatzen zuten. Ez zen Montero jauna hortik urrun ibilitakoa izango. Ikasle ohien argazki albuma gordeta, bertan beti aginte gunetan ezagunen bat izango duenak, bere agendan haien eskuko telefonoen zenbakien jabe izango da, berak bezala barneko putakumea ezkutatzen ikasiak eta noizbehinka paseatzera askatzen dutenak. Koadrila da, ezagunak laguntzat dituena. Ez diote elkarri estimu handirik, baina notarioek boligrafoan bezala, batera jarduten dute berenaren defentsan kongregazio erlijiosoetan ikasitakoa indar. Eta ez dute aurre egingo dien ikaslerik soportatzen, nahiz eta kongresu ordainduetan, itxuraz, euren menpekoen iniziatiba autonomo eta askatzailez teorizatu inpotenteek potentziaz egin dezaketen bezala. Holakoen eskutan dauzkagu gure gazte unibertsitarioak, gure jubilazioaren bermea.