Bittor Hidalgo: «Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da»

  • Mito handienen kontra, ikerlari jarreraz ekiten du. Dena argudiatzen du datuz, eta argi bereizten du frogatutako gertakizunen eta iritzien arteko muga.


Euskal joskera honela definitua duzu: "Nagusiki erabili ohi dugun hura. Orain eta lehen. Ahoz zein idatziz". Zure ikerlanaren arabera, zein da euskal joskera, eta zein da orain erabiltzen denarekin dagoen aldea?

Bi garai desberdin daude zeharo eta iraultza bat dago tartean.
1900 arte, badago euskal joskera naturala edo deitu dezakegun bat, nolabait hausnarketa seriorik gabe edo egiten dena, gauzak komunikatzeko egiten dena. Norbaitek sermoiak eman behar dituelako mezatan, edo nobela bat idatzi nahi duelako. Gehiegi pentsatu gabe zein den euskararen egitura, baizik eta berak ezagutzen duen euskara aurrera eramanez.
Eta 1900ean dator iraultza. Jakinaren gainean, kontzienteki egindakoa da, pertsona batzuk bultzatutakoa. Alderantzizko eskola bat sortzen hasten da. 1900ean euskara, erdi hilean zegoen, oraintxe dagoen bezala. Ordura arte, XVII.mendean eta XVIII.mendean euskarak galtzen du Araba guztia. XVIII.mendean eta XIX.mendean galtzen du Nafarroa ia osoa, gaur eguneko mugetaraino. Beraz, gaztelania irensten ari da euskara, fisikoki lurraldeak kentzen, eta euskal gizartearen barruan ere diglosia egoera ikaragarriak eragiten. Normala da gazteleraren kontrako mugimendua sortzea, bideetan erratzen baldin bada ere. Eta mugimendu horrek badu joskeran ere bere eragina.
Planteatu beharrean euskal joskera da "euskaldunek orain arte erabili dutena", euskal joskera definitzen dute "gaztelaniaren kontrakoa". Gainera gaitzetsi egiten da ordura arte, euskal idazleek edo euskal hiztunek erabilitako guztia. Lege bat asmatzen dute, lege gezurretakoa, eta lege hori betetzen ez dutenei "euskara txarra" egitea egozten diete.

Azkue eta Altuberena da lege hori, ezta?

Bai, Azkue da nagusiki legea asmatzen duena, eta nolabait eragina duena garai hartako belaunaldi euskaltzale guztian. Azkue oso pertsona dinamikoa zen, bera zen euskararen berpiztailea mende buelta horretan, eta bere inguruan biltzen ditu garaiko euskaltzale guzti-guztiak. Bizkaian ateratzen ditu "Euskaltzale", "Ibaizabal" aldizkariak. Gasteizko apaizgaitegian, seminarioan, bera da euskal adarraren bultzatzaile nagusia. Eta euskal adar horretan hazten dira Txomin Agirre bera, edo Manuel Lekuona, edo Joxe Migel Barandiaran... Eta horiek denak dira Azkueren kumeak, Azkueren pentsamendua garatzen dutenak.
Altube da izena eramaten duena. Joskeraren kontuan bi liburu ateratzen ditu. 1919-20an ateratzen du "De sintaxis vasca" izeneko liburu bat. Eta jada hor bere joskeraren ikuspegi guztia dago. Lan hori zenbait gehigarrirekin argitaratzen da berriro 1929an "Erderismos" izenarekin, eta horrek hartzen du fama handia. Fama handia hartzen du, atzetik badaukalako aitaponteko garrantzizko bat, Azkue. Altubek ez du egiten Azkuek esandako gauzak errepikatu baino, dotoreago, jantziago, edo adibide gehiagorekin emanda, baina Azkueren ideiak dira hor daudenak.

Nola formulatu zituzten Azkuek eta Altubek legeak? Lege zehatzak zein dira?

Euskarazko benetako fenomenoetatik abiatzen dira, joskeraren kontuan. Jabetzetik euskara eta gaztelania ez direla berdinak. Nabarmen da, zenbait kontutan gaztelaniaz aurretik doana euskaraz atzetik doa, eta alderantziz. Horrelako adibideak milaka ematen dituzte, esaterako, Altubek: Nola esaten da euskaraz "ser libre"? Bada, "libre izan" edo "aske izan". Edo etxera joan, nola esaten da gaztelaniaz? Bada, "ir a casa". Eta horrelako bikoteen edo binomioen konparaketatik legea ateratzen dute.
Legea da: euskaraz aditza beti atzean ematen da, gaztelaniaz aditza beti aurrean ematen da.
Eta gaztelaniaz egia da aditzak joera duela aurrean joateko eta euskaraz egia da, bikoteetan eta joera duela bigarren lekuan joateko. Baina pentsatu beharrean: "euskaraz aditza bigarren gunean joaten da", planteatzen dutena da "aditza amaieran doa". Aditza atzeratzeko arau horrek eragiten dizkigu gaur egun komunikatzeko eragozpenak edo zailtasunak mezuak ulertzeko.
Galdegaiaren legea gezurra dela esan behar da, gezurraren hizki guztiekin. Euskara eta gaztelania oso desberdinak dira. Baina ez galdegaiaren legeagatik, baizik gaztelania, gure inguruko beste hizkuntzak bezala, delako "aditza-objektua" motako hizkuntza. Euskara alderantzizkoa da, normalean osagarri bat hartzen du, eta gero aditza. Baina hori da, euskara delako "verb second languaje" motako hizkuntza, alegia, aditza bigarren lekuan daramatenen multzokoa, eta ez aditza amaieran. Klase berekoak dira, baita ere alemana, edo latin klasikoa, hungariera...


Erdararengandik bereizteko purismo sintaktiko honekin batera, zer beste purismok izan zuten eragina garai hartan?

Mende aldaketarekin hiru purismo mota sortu ziren: purismo lexikoa edo hiztegiko purismoa batetik, hitzen ordenari dagokion purismoa bestetik, eta zeinismoaren kontrako mugimendua.
Hiztegiko purismoa, Sabino Aranak eta bere eskolak bultza zuen. Sabinoren eskolak gehiegikeria ikaragarriak egin zituen, nahiz eta ulertzekoa den hori ere. Euskaltzale edo euskal-lari jantzienek oso garbi ikusten dute bidea ez dela sabindarrek aipatu dutena. Bide horrek askoz herrikoiagoa behar duela izan, hau da, euskaldunek erabili izan dituzten gauzak hartzera jo behar dela.
Purismo garaian, badago sinesmen bat: hizkuntzen arima joskera da, sintaxia, eta hori da benetan zaindu behar dena. Hau da, ez zaio hainbeste kasurik egin behar hiztegiari, edo hitz bakoitza gurea den edo kanpotik ekarria den epaitzeari. Arimari egin behar zaio kasu eta arima salbatzea da balio duena. Baina arima nork definitu du? Azkuek eta Altubek.
Purismoaren beste ondorio bat da, garai horretan gaitzesten direla, ordura arte erabili izan diren mendeko esaldien aurrepartikula guztiak: zergatik, zeren, zein, zeinismo guztiak. Ordura arte euskaldunek barra barra erabili dituzte idatziz eta ahoz. Baina garai hartan uste izan zuten partikula horiek latinetik datozela. Euskarak beste bide batzuk dituela hori adierazteko, bereak propioak direnak, eta baztertu egin zituzten. Garai horretatik aurrera desagertzen dira horrelako partikulak forma idatzi guztietan, eta ahozkoan ere gaizki ikusiak izaten hasten dira.

Zergatik du sintaxiko purismo mugimendu horrek arrakasta gaur egunera arte?

Nik askotan zalantzan jartzen dut, ez dakit.
Espainiako gerra zibila etorri zenean euskal ikasketetan sekulako etena egin zen. Beraz, ez zen hitzen ordena eztabaidatzeko, sakontzeko edo aztertzeko garaia. Ondoren, Frankismo garai guztian Hegoaldean euskara ez zen hizkuntza komunikatibo bat izan. Garai hartan ez dago euskal prentsarik, euskara ezin liteke erabili, eta beraz, euskara testimoniala da. Ez da idazten gauzak kontatzeko, baizik eta esateko "gu euskaldunak gara". Berdintsu dio modu batera edo bestera idatzi, balio sentimentala du.
Arazoak hasten dira Hegoaldean, behin frankismoa bukatzen ari denean, eta euskara benetan komunikazio hizkuntza bihurtu nahi denean. Euskararen transmisioan eten ikaragarria zegoen, bai famili transmisioan eta baita kultura transmisioan ere. Hegoaldean garai hartan euskaldundu ginen guztiok ez genuen ezagutzen euskal liburu bakar bat ere! aurreko testurik ez zegoen, orduantxe sortzen ari ziren testuak bakarrik ezagutzen genituen. Geu sortzen ari ginen euskara, ez genuen aurreko tradiziorik ezagutzen.
Momentu horretan euskararen beharrak ez ziren hainbeste joskerakoak. Garai hartako behar larrienak ziren euskara eta euskara batua bultzatzea. Eta euskara batua bultzatzerakoan lehentasunak mailakatu behar dira: lehendabizi ortografia batu behar da, gero morfologia, ondoren hiztegia... Joskera oso urrutian dago, eta pentsatzen da nahiko modu automatikoan egiten den gauza bat dela. Lan handia egin da azken 35 urte hauetan euskara batua aurrera ateratzen eta euskara bultzatzen. Nahiko lan izan dugu euskara, hizkuntza baztertua, EAE-n behintzat hizkuntza ofiziala edo erdi ofiziala bihurtzen. Hausnarketarako denbora gutxi eman du.
Idazleek galdetzen zutenean "nola egiten da?" Erantzuna da: a, bada begiratu Altube! Hori oso ondo kontatzen du Txilardegik. Txilardegik argitaratu zuen 1977an "Euskara batua zertan den". Dibulgazio lan bat da, 1968ko Arantzazuko batzarretik Euskaltzaindiak euskara batuaren bidean egin dituen lanak azaltzen dituena. Berak oso garbi esaten du: joskeraren kontuan zer daukagu? Bada ez daukagu ezer, baina hobe da "Erderismos"era jotzea, hori baita daukagun bakarra.
Euskaldun txarraren kontzientziak ere eragin du. Altuberen testuak irakurrita han jartzen badu "el buen vasco hace así... y el mal vasco así". Egiten badugu "mal vasco"ek bezala, ez gara ausartzen esatera ere, pentsatzen duguna da "zenbat daukadan oraindik ikasteko"!. Gaurko euskara batuaren egitura ulertu ezin izan dugunean, askotan pentsatu dugu "euskaldun txarra naiz, oso erdaldundua nago...". Gure belaunaldian hori izan da sentsazio nagusia.


Gaur egun oso modan dago Chomskyk Estatu Batuetan gidatzen duen eskola sintaktikoa. Arrakasta handia du, mundu osoan ondoen antolatuta dagoen eskola sintaktikoa da, baina eztabaida asko egiten da horren inguruan.

Ni eztabaidarekin gehiago nago eskola horrekin baino. Baina eskola horren barrenean sartuak daude euskal sintaxilari guztiak, edo ia guztiak.
Chomskyren ustea da hizkuntza guztien azpian badagoela gramatika unibertsal bat, hizkuntza guztietarako bideak ematen dituena, nahiz eta gero hizkuntza bakoitza bere modura antolatzen den. Eta bere asmoa, gogoa, eta nahia da gramatika unibertsal hori aurkitzea. Asmo loriagarria eta zoragarria da baina erabiltzen dituzten bideak oso eztabaidagarriak dira.
Kontua da, eskola honen barruan euskara oso hizkuntza berezia, kuttuna izan dela. Eta berezia izan da, hain zuzen, galdegaiaren kontuagatik. Galdegaia da esaldian informatikoki garrantzia gehien duen osagaia, fokua. Eta euskaraz, munduko beste hizkuntza guztietan ez bezala, definitzen da galdegaiak aditzaren aurrean joan behar duela. Baina fenomeno hau ez da euskararena berea, baizik Altubek definitutako lege baten ondorioa. Eskola honek akritikoki edo aztertu gabe hartu du Altuberen lege hori.
Chomskyren eskolaren barruan, euskararen hitzen ordenaz lehen azterketa estatistikoa egin zuena Derlay irakasle holandarra da. Berak aztertzen dituen testuak dira: Joxe Migel Barandiaranen testuak, eta 1950ean Nemesio Etxanizek idazten dituen antzerki eta itzulpenak. Nemesio Etxanizek idazten du Altuberen araua ondo ikasi eta gero. Eta Joxe Migel Barandiaranen narrazioak dira, Azkuek Arantzazuko monasterioan irakatsitako moduan idatzitakoak, ez naturalki jasotakoak. Beraz, azterketa estatistikoen emaitzetan ateratzen den eredua da Azkue eta Altuberena: Subjektua, Objektua eta Aditza ordena daukan hizkuntza dela euskara. Baina aztertuz gero benetan euskararen sintagmen ordena, euskaraz gehiengo ikaragarri batean Subjektua Aditza Objektua da ordena arrunta.
Orain ez da gehiegi interesatzen Altuberen lege hori zalantzan jartzea, ze hori zalantzan jartzeak zalantzan jartzen duelako euskararen balioa gramatika unibertsalaren barruan.

Zein izan dira Azkue eta Altuberen legearen aurka egon direnak?

Hasiera hasieratik, lege honen kontra ateratzen da Mokoroa. Zuzenean ez doa lege honen kontra, baina bai garai hartako purismo mugimendu guztiaren kontra.
Altuberi kritikarik zorrotzena Luis Mitxelenak egin zion. Mitxelenak hitzaldi bat eman zuen 1951an, euskaltzain egin baino urtebete lehenago, Arnold Oihenart poeta-idazlearen gainean. Hitzaldi horretan, 10-15 orri irakurri ondoren, eten nabarmen bat egiten du, eta hasten da Altuberen kontra egiten, nahiz eta ez duen zerikusirik ordura arteko gaiarekin. Orokorrean, Euskaltzaindiaren garai hartako ikuspegiari kontra egiten dio. Laburtuta, zera dio: Altuberen legeak agian izango dira euskarak behar lituzkeenak, baina horiek ez dira euskararen legeak.
Zenbat aldiz eskatu nion Mitxelenari berak idatzi zezala zein den euskaraz hitzen ordena! Ez zuen egin, eta sekulako pena dut horregatik. Nire tesia egiten hasi nintzenean Mitxelena hil egin zen, eta ez nuen aukeratik izan gai honetaz luze hitz egiteko. Pena, pentsatzen baitut berak klabe asko eman zitzakeela gai hau ulertzeko.
Garai horretan bere lanak egiten hasten da Villasante ere, Krutwigen eskolan. Krutwigen eskolak euskara batua proposatzen zuen, baina ez gipuzkeran edo goi nafarreran oinarritutakoa. Lapurtera klasikoa berreskuratzea zen haien proposamena, Sarakoa izan delako literaturan gehien garatu den eskola. Villasantek 1955ean egin zuen Euskaltzaindirako sarrera, lapurtera klasikoa defendatuz. Baina azpimarratzen du pena dela Lapurdiko autore klasikoen joskera, joskera arrotza, joskera erromanikoa erabiltzen dutela. Bi arrazoi botatzen ditu Lapurdiko autore klasikoen joskera txartzat hartzeko: batetik zeinismoa erabiltzen dutela, eta bestetik ez dutela batere errespetatzen galdegaiaren legea. Mitxelenak gogor erantzuten dio, Villasante oso mintzen da kontu horrekin eta amore emanda, Mitxelenaren alde hasten da. Erreparatuz gero Villasanteren lanetan, 1956tik hiltzen denera arte egin zituen lan denen kezka da euskal joskera, eta lan denek berreskuratu nahi dute ordura arte euskal tradizioak erabili duen joskera, Altuberen inguruan sortu den lege horren kontrakoa dena. Oso lan onak dira, deskriptiboak, eta esperientzia pertsonalak kontatzen dituzte.
Esaterako, kontatzen du Oñatiko haurrei Arantzazun katixima irakasten zienekoa. Berak galdetzen zienean "Zer da Jaungoikoa?". Ume guztiek erantzuten zuten: "Jaungoikoa da ..." eta gero kontatzen zuten zer den. Hori zergatik? Berak dioenez, hori ez da gaztelaniaren eragina, baizik, komunikatzeko beharrak horretara daramatzala.

Adibidetegi bat da zure lana. Azkuek bere kontakizunetan beti betetzen du bere araua, edo kontrako adibiderik aurkitu duzu?

Narrazio, ipuin eta euskal ohitura zahar asko jaso zituen Azkuek, eta badago galdera erantzuten duen pasarte polit bat. Nafarroako Goldaraz herrian ezagutzen du kontalari bat, eta Azkuek zera aitortzen du: ari naiz kontalari honen istorioak jasotzen, eta zer istorio onak kontatzen dituen! Pena da, erdarazko sintaxia erabiltzen duela. Eta nik hartzen ditut bere istorioak eta euskarazko sintaxian jartzen ditut.
Aztertzen badugu zein ezberdinak diren Azkuek garai horretan jasotzen dituen istorioen kontakera, garaiko beste ikertzaileek edo folkloristek jaso dituztenekin, aldea ikaragarria da. Azkuerengan ikusten da aditza atzeratzeko erabaki kontzientea duela.
Gauza bera egiten du, Joxe Migel Barandiaranek. Narrazio asko jasotzen ditu, eta oso ezberdinak dira elkarren artean. Batzuk zuzenean biltzen ditu, Ataun inguruan, eta istorio horiek aditza atzean duen joskera erabiltzen dute. Aldiz, beste herrietan jasotzen dituenak, ordura arteko euskal joskera arruntean daude, gu entzutera ohituta gauden joskeran. Nik ikerketa bat egin nuen, azaltzeko ez zela posible Joxe Migel Barandiaranen eskurik gabe horrelako aldea egotea narrazio batzuetatik besteetara.
Gainera kontuan izan behar da, garai hartan transkribatzeko ez zegoela kaseterik, beraz transkribaketan alde handia zegoen kontatzetik idaztera. Ez ziren hitzez hitz hartzen gauzak.

Zure ikerketan, zenbat autore klasiko aztertu dituzu?

Bada Gipuzkoan beste eskola bat, Azkuerena baino lehenagokoa: Kardaberazena. Honek ere aditza atzeratzea du kontsigna eta 1760az geroztik zabaltzen hasten da.
Ikerketarako, Azkueren eskolatik eta Kardaberazen eskolatik kanpoko idazleak aukeratu nituen. Eta horiek dira gehienak, e! Ez dira bazterreko lau ero!
Horien artean euskalki ezberdinetako idazleak hartu nituen. Bizkaiko eredu gisa aukeratu nuen Mogel, eta honen "Peru Abarka" lana. Gipuzkeran aukeratu nuen Juan Bautista Agirre. Iparraldean aztertu nuen Duvoisin. Axular ere aztertu nuen.
Autore hauek hartu nituen jakiteko zein zen euskaraz idazteko jatorrizko modua. Ikusi nahi nuen klasiko hauek zer hitz orden erabili duten.
1.900.urtera arte prosa idatzi duten euskarazko autore guztiak irakurri ditut. Ez ditut euren obrak osorik irakurri, baina nahikoa da testu baten hiru-lau orrialde irakurtzea, jakiteko zer eskolatan kokatu. Hau da, betiko eskola klasikoa den hala zerbait berria dakarren. Iraultza Azkuerekin hasten da 1894an, eta eragina 1900etik aurrera zabaldu zen, horregatik aukeratu nituen 1900.urtera artekoak. 1900dik ondoren idatzitako testu asko ere irakurri ditut, gehientsuenak, eta bi eskola bereizten ditut: bata Azkue-Altuberen eskola jarraitzen dutenak, eta eskola horretatik kanpokoak.
Autore askoren kasuan esan nezake zer testu idatzi dituzten Azkue-Altuberen teoria jakin aurretik eta zer testu ondoren. Adibidez, Toribio Altzaga antzerkilari donostiarrak, 1905era arte zenbait obra idatzi zituen, oso hizkera herrikoian. Geroztik, hasten da nabarmen aldatzen. Txomin Agirreren kasua ere nabarmena da: "Auñamendiko Lorea" 1895ekoa da, eta hor badira batere lotsarik gabe aditz trinko batekin hasitako esaldiak: "deritzot, hau eta hau" edo "diot, hau eta hau". 1905ean atera zuen "Kresala" liburua ez dago modu berean idatzia. Ordurako ezagutzen du, Azkueren legea, baina ez du erabiltzen hainbeste. 1912an idazten du "Garoa", eta bertako idazkera jada erabat lerrotua dago.


Nola bideratu zenuen ikerketa?
Datu estatitistikoak erabili nituen nire ustea datu bidez azaldu ahal izateko. Bi eratako hizkerak aztertu nituen: idatzizkoa eta ahozkoa.
Kontuan hartu behar da ez dugula 1900dik lehenagoko ahozko hizkeraren testigantzarik. Eta garai hartako testigantzekin ere zalantza egin dezakegu zenbateraino diren zuzeneko transkribaketak. Idazterakoan, askok orraztu egiten zituztelako ahozko testuak. Zentzu horretan hain markatuak edo bideratuak ez zeuden testuak aztertu nituen.
Iparraldean horrelako narrazio folklorikoak jasotzen zituena da Jean FranÇois Cerquand. Iparraldeko eskoletako inspektorea zen, eta Behe Nafarroako eta Zuberoako maixu-maestra guztiei eskatu zien bertako jendearen ahozko narrazioak jasotzeko. 1870-76an argitaratu ziren.
Beste aldetik, oraingo euskaldunen mintzo libre bat aztertu nuen. Horretarako hartu nituen irratian Satrustegiri eta Jean Haritschelharri egindako elkarrizketa bana. Bi euskaltzain dira, euskara ona darabiltenak. Eta ETBko hiru-lau eztabaida saiotako mintzoak ere aztertu nituen. Garai hartan bazen "Ados" programa, Maialen Iriartek gidatzen zuena, eta Maialen Iriarteren ildoa salbu, gonbidatuena aztertu nuen.
Emaitzarik garrantzizkoena da ez dagoela diferentziarik gure euskara idatzi klasikoaren, XIX.mendetik jasoak ditugun ahozko testigantzen, eta gaur eguneko ahozko hizkeraren artean. Sintaxian ezberdina den bakarra da gaurko euskara idatzia. Baina zergatik? Natural idatzi beharrean, Azkuek eta Altubek erabaki duten sistema batean idazten dugulako.

Zer ondorio ditu Azkue-Altuberen legea erabiltzeak?

Euskarazko testuak deskodetzeko zail egiten ditu. Nik beste zenbait hizkuntza ez ditut hain ondo ezagutzen, adibidez Frantsesa, Ingelesa, Portugesa, edo Galiziera... Baina hizkuntza hauek irakurtzeko ez daukat apenas zailtasunik. Hiztegi kontuetan bai, alegia, iristen naiz hitzen batera eta hirutan irakurri harren ez dut ulertzen. Baina pentsamenduen segida jarraitzeko ez daukat apenas zailtasunik. Euskarazko testuekin alderantziz gertatzen zait: hitz guztiak ezagutzen ditut, eta ez dut ulertzen zer esaten duen. Bi edo hiru aldiz pentsatu behar dut horren gainean, eta nekea eragiten dit. Hori gertatzen zait azken 20 urteotako testuekin, Axular irakurtzeko ez daukat arazorik, edo dauzkadan arazoak ingelera irakurtzerakoan dauzkadan berak dira: ez dudala lapurtera klasikoko hitzen bat ulertzen.

Zer datu edo ondorio atera duzu zure ikerketatik?

Euskaraz oraindik ere esaten da, aditza atzean ematen dela. Estatistikek erakusten dutenez, euskaraz aditza esaldi amaieran ematen da kasuen %28an. Borobilduz, 10etik 3tan. Hori portzentaia altua da, Gazteleraren, Frantsesaren edo Ingelesaren aldean. Hizkuntza horietan, demagun, %0,001ean gertatzen delako. Aldea ikaragarria da. Beraz, egia da guk azaldu behar dugula berezitasun hori. Baina hori bat da, eta beste bat da esatea "beti horrela ematen da". Euskarazko tradizio klasikoan aditza esaldi hasieran ematen da %14ean. Hori ere ez da gutxi, eta kontuan hartu beharko da!
Eta aditza erdian ematen da %55ean edo.

Ikerketako datuak ondorengo helbide honetan ikus ditzakezue: www.argia.eus/hidalgo.htm

Gaur egun zer ordenetan idazten da?

Gaur eguneko euskara batuan ere, portzentajeak ez dira oso ezberdinak. Aztertu nituen Andu Lertxundiren testuak, Egunkaria zeneko testuak, Argiako testuak... eta aditza atzean ematen diren testuak ez dira hainbeste. Jo dezagun, %35-40. Aditza hasieran ez da inoiz ematen, hori aldatu da ikaragarri tradiziotik eta ahozko hizkeratik euskara batura. Egungo batuan ere, esaldi gehienetan erdian doa aditza.
Baina alde ikaragarria dago: non ematen da aditzaren informazio pisurik handiena, informazio gunea, "galdegaia" deitzen den hori? idazkera klasikoan edo gure gaurko ahozko euskaran, %90ean aditzaren atzetik ematen da esaldiaren pisu informatibo nagusia. Aldiz, euskara batuan aurretik ematen da %90ean. Esaldiaren pisua zeharo desegituratuta dago, beraz.

Zuk esana da: "errazago ulertzen da, beti, segida komunikatiboan antolatutako testua, alderantzizkoan antolatua baino". Zer da "segida komunikatibo" hori?

Oso garbi dagoena da, guk ez ditugula gauzak osoki sortzen, ez jasotzen. 4 lerroko esaldi bat ezin da osoki entzun, ez irakurri, ez ulertu. Zatika jasotzen dugu, eta zati batek bestera garamatza. Lehen zatia ez badugu ondo lotzen bigarrenarekin, eta bigarrena hirugarrenarekin, ulertzeko zailtasuna sortzen da. Beraz, testu bat komunikatiboa izan dadin, zatiek elkarri ondo lotuta egon behar dute.
Badirudi guk bai irakurtzean eta bai entzutean kolpe batean ulertzen ditugun zatiak direla 10 bat silabatakoak. 10 silabatik gorako zatiak nekez ulertzen ditugu. 7-8 silabatako multzo hori da "informazio unitatea" deitzen dena. Gure mintzoa informazio unitateak lotuz antolatzen da.
Bestalde, gure memoriaren barruan zati desberdinak daude: gauzak ulertzeko eta esateko erabiltzen dugun memoria zatiari "short term memory" deitzen zaio, epe laburreko memoria alegia, edo "work memory", lanerako memoria. Badirudi guk lanerako memoria horretan erraz gorde genitzakeen datuak direla 7 silabatakoak, oso zati laburrak, ia informazio unitateen tipokoak.
Informazio unitate independente pila bat ematen baditugu hasieran, entzuleak elkarrekin lotzeko zailtasunak ditu, esaterako: "Alemanian, iaz, gure lagunak, mendira joan zirenean..." zailtasuna dugu hori dena gure buruan gordetzeko harik eta amaieran esaten den aditzak dena borobiltzen duen arte. Bukaerako aditzak lotura ematen duenerako, hasierako xehetasun pila bat galdu ditugu, geure garunak, ez euskaldunen garunak, baizik gizakien garunak, ez daukalako gaitasunik dena gordetzeko, ez bada beste ideia nagusiago batekin lotuta.
Horrek eragiten du idatzitako mezuak deskodetzeko arazoa. Esaldia hobeto antolatu behar da. Lehenengo ematen diren informazio unitateak globalizatzaileak badira, jakiten dugu geroztik datozen zatiak non kokatu. Hori da euskarazko modu naturalean idatzi diren testuetan oso erraz gertatzen dena. Eta hori da euskara batuarekin zaintzen ez duguna, horrekin beharrean kezkatu garelako galdegaiaren legea errespetatzearekin.

Hitz egin era batera egiten dugu eta idatzi bestera. Idazteko eta hitz egiteko moduak berdina izan behar du?

Biek helburu komunikatiboa bete behar dute. Erraz komunikatu behar diote mezua hartzaileari, entzunaz izan edo irakurrita izan.
Ahoz hala idatziz aritu badago desberdintasunik. Baina ahozko hizkeratik ikasi behar dugu idatzi komunikatiboa egiten. Hau da Pello Esnal eta Joxe Ramon Zubimendik abiatu duten kezka. Ahozko hizkeratik ikasi behar dugu, ahozko hizkera kutsatu gabe dagoelako Azkue-Altuberen fenomenoarekin.
Idazterakoan ez dugu pentsatu behar bakarrik zer esan nahi dugun, baita ere kontuan hartu behar dugu hartzaileak, mezua irakurriko duen pertsonak, nola deskodetuko duen emandako mezua.
Asko ikertu da gai honi buruz, eta badirudi ezberdintasuna ez dela hainbeste ahozko hizkera erabili edo idatzizko hizkera erabiltzea, baizik hiztunen kalitatea. Zenbateraino dauden ohituta hiztunak erregistro kultuak edo jantziak erabiltzen. Maila altuko hiztunak ahoz edo idatziz oso erregistro gorena markatzen dute, eta behe mailako hiztunek bai idatzian edo bai ahoz beste erregistro bat erabiltzen dute.
Beste pauta batzuek ere markatzen dira: oso ezberdina da hizkuntza interaktiboa izatea, edo bakarkakoa. Elkarrizketetan era bateko hizkera egiten da, eta bakarka bestelakoa, bai ahoz eta bai idatziz. Eta gai abstraktuei buruz ari garen edo gai zehatzen gainean, horrek ere hizkera mota bat markatzen du, berdin ahoz zein idatziz.
Beste ezaugarri bat da, ea kontatzen den mintzalariak lehendik ezagutu duen zerbait, edo momentuan sortzen ari den. Mila aldiz kontatutakoa errepikatzean, maila jantziago batean egiten da, eta aldiz, zerbait berria sortzerakoan beste maila batean, hala idatziz nola ahoz.

Beste era batera idatziko balitz, jende gehiagok irakurriko luke euskaraz?

Nik uste baietz, eta ikerketa bide honetan abiatu nintzenean hori zen nire kezka nagusia. 1970-1980an idatzitako euskara irentsi ezina zen, eta jendeari irakurtzeko sekulako zailtasunak sortzen zizkion.
Baina euskara komunikatibo bat egiten hasi behar izan dugunean, jabetu gara kontu honekin. Eta pixkanaka, euskara gozoagoa egiten da. Gero eta gehiago jartzen gara mezu hartzailearen buruan.
Ni oso pozik nago. Tesia orain dela 8 urte egin nuen. Orduan erotzat jotzen ninduten, eta orain gero eta jende gehiagok esaten du aditza aurreratu behar dela. Lehen beti esaten zen aditzak atzean joan behar duela eta galdegaiaren legea errespetatu behar dela. Orain badakigu hori ez dela hain egia borobila, zalantzan jartzen da. Niretzat garrantzitsua da idazleok askatasuna hartu dezagun idazteko. Ez ditzagun lotu geure buruak faltsuak diren legeekin. Euskaraz hitzen ordenamendua askoz libreagoa da.

Ikerketaren emaitzak

«Hitzen ordena euskaraz. Adibidetegi bat» doktore tesia egiteko, zer autore aztertu zenituen?
1900. urtera arteko autore denak, Azkue-Altuberen eskolatik kanpokoak. Eta gehienak dira, e! Ez bazterreko hiru ero. Orduko eta oraingo ahozko hizkera ere aztertu nuen.

Zein da emaitzarik garrantzitsuena?
Ez dagoela diferentziarik euskara idatzi klasikoa, XIX. mendetik jaso ditugun ahozko testigantzak, eta gaur eguneko ahozko hizkeraren artean. Diferentea den bakarra da gaurko euskara idatzia. Zergatik? Azkuek eta Altubek erabaki zuten sistema batean idazten dugulako.

Ikerketan ateratako datu estatistikoen arabera, autore klasikoen testuetan aditza non doa?
Kasuen %55ean aditza erdian ematen da. Kasuen %28an, esaldi amaieran. Hori portzentaje oso altua da. Gaztelera, frantsesa edo ingelesean agian %0,001ean bakarrik ematen delako atzean. Baina gauza bat da berezitasun hori azaltzea, eta beste bat da esatea "beti horrela ematen da". Eta aditza esaldi hasieran ematen da %14an. Hori ere ez da gutxi, eta kontuan hartu beharko da!

Batuan non idazten da aditza?
Portzentaiak ez dira oso ezberdinak. Batuan ere, esaldi gehienetan erdian doa aditza. Aditza atzean ematen diren testuak ez dira hainbeste, %35-40. Aditza hasieran ez da inoiz ematen, hori galdu da ikaragarri.
Baina bada alde nabarmen bat batuaren eta klasikoen artean: non ematen da aditzaren informazio pisurik handiena, informazio gunea, alegia, galdegaia? Idazkera klasikoan eta gaurko ahozko euskaran, %90ean galdegaia aditzaren atzetik doa. Aldiz, euskara batuan aditzaren aurretik doa %90ean. Beraz, esaldiaren pisua zeharo desegituratuta dago.

Curriculuma
Ikerlari eta Unibertsitateko irakaslea, donostiarra.

Hiru ikerketa arlo jorratu ditu:
Gerra aurre eta gerra osteko bertsolarien hizkera.
Hitzen ordena euskaraz.
Erlatiboak euskaraz.

Argitalpenak: Besteak beste,
"OE-ren bila" gazte nobela.
"Hiawatha", Longfellow-ren ingelesezko lanaren itzulpena.
"Hil zen gizona", Lawrence-ren ingelesezko nobela laburraren itzulpena.
"Maiatzak 35", Erich Kästner-en gazte nobelaren itzulpena.
"Dorian Grayren erretratua", Oscar Wilde-ren ingelesezko nobelaren itzulpena.
Makina bat artikulu argitaratu ditu "Hizpide"n, "Administrazioa euskaraz"-en, "Uztaro"-n, eta beste hainbat aldizkaritan.

Hainbat hitzaldi eta ikastaro eman ditu, besteak beste, UEU-n, EIZIE-n, Deustuko Unibertsitatean, ILCLI-n, IKER-en...


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude