Gartxot: Askatasunaren arketipoa

  • Gutxi dira euskaraz argitaratzen diren komikiak eta bakan batzuk Euskal Herrian oinarrituak. Hutsune hori bete dute Asisko Urmenetak, Marko Armspachek eta Jokin Larreak Gartxoten kontakizunekin. XII. mendeko pertsonaia honek euskara eta askatasunaren apologia ekarriko dizkigu gogora. ARGIAk argitaratutako komiki liburua dendetan eskuragarri izango da datorren astetik aurrera.

2003ko azaroaren 16an

Legendak dioenez, XII. mendean Orreagako abatetxeak Zaraitzu inguruko biztanle asko zuen menpean. Horien artean, Gartxot mendi gidari eta bardoa, eta Mikelot bere semea. Fraideek, Mikeloten ahots ederraz jabeturik, askatasunaren truke semea abatetxean uzteko proposatu zioten Gartxoti. Fraideek latinez kantatzeko nahi zuten Mikelot abatetxean. Gartxotek, ordea, ez zuen onartu proposamena eta Mikelot bertatik ateratzea lortu zuen.

Antiheroi horrek botere erlijioso eta politikoari aurre egin ostean bizi izan zuen tragedia kontatzen du Arturo Campionen ipuinak. Benito Lertxundik ere, Itzaltzuko bardoa kantaren bitartez ematen du ipuin honen berri. Asisko Urmenetak, Marko Armspachek eta Jokin Larreak, berriz, komikira eraman dute askatasunaren eta euskararen apologia hau. Astero ARGIAn argitaratu diren komiki horiek liburu batean bildu dituzte orain. Pertsonaia honen inguruko hirugarren komiki liburua da hau. Lehena "Erraondo" izan zen, zaraitzueraz eginikoa. Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak izen bereko idazle iruindarraren ipuina komikiratzeko izan zuen ideia gauzatu zuen Asisko Urmenetak. Bigarren liburua, berriz, Marko Armspachek egin zuen "Pedro Mari" izenburupean. Bi edizioen ostean, Gartxot pertsonaiaz txunditurik, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten Urmenetak, Armspachek eta Larreak.

Dokumentazio lan aberatsa

Ipuinaren protagonista gehiago ezagutu eta kondairaren nondik norakoak aztertu xedez, ikerketa lanak egin dituzte Zaraitzu ibarrean eta Otsagabian. Lekukotasunak eta kondairaren aldaera ezberdinak bildu ostean, ekarpen berriak gehitu eta ipuina aberastu dute egileek. Komikiaren lehenengo orrietan azaldu dute Gartxoten inguruko kontakizunak lantzeko egin duten informazio bilketa. "Oso ikasbide polita izan da guretzat istorio hau lantzea eta hori agertu nahi izan dugu", dio Urmenetak. Storyboard-a lantzeaz eta gidoigintzaz arduratu da bera. Marko Armspachek, berriz, biñetak marraztu ditu. Eta azkenik, Jokin Larreak ordenagailuz kolorea eman die biñetei.

Tonu dramatikoa du Arturo Campionen liburuak. Gogoak iratzartzeko eta kontzientziak pizteko, bere estilo literario tristea gaineratu zion ipuinari. Komikiak, irri egiteko bide badira ere, kasu honetan istorioak tragikoa izaten jarraitzen du; epikoa baina ez umoretsua. Zaraitzu ibarrean bilduriko ahozko ekarpenei esker, itxaropen argi batzuk ere eman dizkiote egileek komikiari. Campionek kondairaren bertsio ofiziala eman zuen, hau da, bide dokumentalari eman zion garrantzia. Komikiaren egileek, ordea, Campionen testuarekin fidelak izaki, ahozko ekarpenak aintzakotzat hartuta inkognita, bide eta azpibide batzuk utzi dituzte zabalik. Campionen ipuinean ez bezala, emakumeen ikuspuntua kontuan hartu dute komikiaren egileek. Zaraitzu ibarrean bilduriko informazioari esker, emakumezkoak diren pertsonaiak gehitu dituzte, esaterako Oxanda, Itzaltzuko matriarkatua.

Ulermena erraztearren, egileek euskara batua erabili dute. Hala ere, baditu zaraitzueraren ñabardura batzuk. Irakurketa argitzeko orripeko oharrak ere eman dituzte. Euskararen unibertso zabala agertu nahi izan dute komikian, fenomeno alokutiboak erabiliz, hala nola, zuka, toka, noka, berorika eta xuka.

Laster eskuragai

Leku eta denbora jakinean kokatua dagoen istorioa bada ere, unibertsala da Gartxot. Formatu berria eta kalitate handia izanen du komiki liburuak. Produktu konpetitiboa izanik, nazioarte mailan erakusteko asmoa ere agertu du komikiaren gidoigileak.

ARGIAn astero argitaratzen diren Gartxoten kontakizunek harrera ona izan dute. Hori dela-eta, komiki liburuak oihartzun handia izatea espero da. Datorren astetik aurrera izango da salgai ohiko salmenta puntuetan eta baita ARGIAn bertan ere. Aurkezpen ofiziala azaroaren amaiera aldera eginen da Koldo Mitxelena Kulturunean. Horrez gain, Gartxoten istorioa lekutzen den leku berean (Orreagan) eta Iruñean ere aurkeztuko dute komiki liburua. Aurkezpen publikoa, berriz, Durangoko Azokan egingo da eta bertan izanen dira egileak liburuak sinatzeko. Azoka baino lehen ordea, Korsikako komiki ferian izanen dira, abenduaren 4tik 6ra.

Nahi adina material izanez gero, Gartxoten istorioarekin jarraitzeko asmoa agertu dute egileek. Hala ere, Gartxot komiki liburuak badu amaiera. Arturo Campionen ipuinaren amaiera bera eman ote diote Asisko Urmenetak, Marko Armspachek eta Jokin Larreak?

Egungo egoeraren isla
Asisko Urmenetaren aburuz, "Benito Lertxundik argi erakusten du Itzaltzuko bardoa kantuan zeinen garesti ordaintzen den herri honetan maizter izatea. Geure etxean maizter gara eta kanpotik datozkigu esatera barbaroak garela, zibilizatu egin behar gaituztela eta hizkuntzaz aldatu behar dugula. Garai hartan ere beste hizkuntza arrotz bat inposatu nahi izan ziguten. Esaterako, Frai Martinek euskararen kontra eta latinaren alde egin zuen. Hots, bere herria eta zibilizazioa gutxietsi eta kanpotik ekarritakoa hobetsi zuen. Euskaldunak ere oso leial lerratu ziren arrotzen nahietara. Irakurketa positibo bat ere egiten da ordea Campionen ipuinean, tirano ttipien eta arrotzen zale diren horien aurrean iraun eginen dugula, alegia".


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 16a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude