argia.eus
INPRIMATU
Robin Hood informatikoak
  • Internetek erabiltzaileen eskura jartzen dituen tresna eta baliabideek hacker mugimenduari bultzada handia eman diote. Gaur egun «pirata» edo «gaizkile informatiko» bezala dira ezagunak hackerrak. Beraiek, ordea, hala ez direla erakutsi nahi dute.
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 19a
Hacker mugimenduari buruzko informazioa biltzeko asmoz, urriaren 24tik 26ra bitartean Iruñeko gaztetxean egin zen HACK3ÑA izeneko hackmeeting-aren sustatzaileekin jarri ginen harremanetan. Ekimena hackmeetingsindominio.net helbidean era birtualean biltzen den asanbladak antolatu zuen. Guk arduradunetako bati hots egin genion telefonoz. Berak, ordea, galderak aipaturiko posta zerrendara bidaltzeko eskatu zigun. "Hackmeeting-a era asanblearioan antolatzen da eta arduradunak zerrenda horretan lanean gabiltzan guztiok gara. Gainera, hainbat gairi buruz nik dudan iritzia ez da taldeko gehienena". Hacker mugimenduaren eta topaketen inguruko galderak, beraz, e-postaz bidali genizkien. Erantzunak berehala jaso genituen. Hiruzpalau lagunen artean prestatu zituzten eta gainerako kideen adostasuna lortzean igorri zizkiguten guri.

Italiako hackmeeting-ak ereduak

Lehen hackmeeting-a 1998an egin zen, Florentziako Zentro Sozial Okupatu eta Autogestionatuan. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan antolaturiko hackmeeting-ek Italian egindakoak dituzte oinarri. Aurrenekoa Bartzelonako Les Naus zentro okupatuan egin zen 2000. urtean, bigarrena Leioako Udondo gaztetxean eta iazkoa Madrilgo Laboratorio zentroan. Antolatzaileek azaldu digutenez, bada arrazoirik hackmeeting-a aipatu lekuetan egiteko. "Ez dugu publizitaterik izan nahi, ezta inork gu bere propaganda kanpaina gisa erabiltzea ere. Gainera, gune hauek errebindikatu nahi ditugu Espainian jasaten ari diren errepresioaren aurrean". Madrilgo Laboratorio zentroa adibidez indarrez itxi zuten ekainean eta Bartzelonako Les Naus ere mehatxupean dago.

Hackmeeting-a gizarte mugimenduak teknologiaren arloarekin uztartzeko helburuarekin jaio zen. Teknologiaren bidezko erabilpenaren alde borroka egiten duten mugimenduen elkargune izatea eta aurrera begira hainbat ekitaldi eta ekintza elkarlanean antolatzeko oinarriak sendotzea ditu xede. Bere asmoa, dena den, ez da mugimendu konkretu baten erdigune izatea, "beste era batera pentsatzea posible dela erakustea baizik".

«Gaizkile informatikoaren irudia gobernu eta korporazioek sortu dute»

Gaur egun hacker hitza Internetek eskaintzen dituen baliabideak asmo txarrez erabiltzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da maiz. Alegia, web guneetako edukiak deuseztu, posta elektronikoa irakurri, kreditu txartelaren datuak lapurtu edo birusak zabaltzen dituztenei deitu ohi zaie hacker. Informatikariek, hala ere, nahiago dute pertsona horiei «cracker» izena eman, hitz horrek islatzen baitu ondoen "gaizkile" hauen jokaera. Hacker bat, berez, programatzeko zaletasun handia duen pertsona da. Ez du asmo txarrez jokatzen. Ez du legea hausten. Akatsak topatu eta atzeko ateen bidez erabiltzaile arrunta sartu ezin daitekeen lekuetara iristen da, baina bere helburua ez da ezer deuseztea.

Hackmeeting-aren antolatzaileen hitzetan, "hackerra teknologia bere parte balitz bezala sentitzen duen pertsona da. Teknologia ezagutzen du eta bere erabilera sozializatzea lortzen du. Ez du askatasunaren alde ibiltari bakartia balitz bezala borrokatzen. Hackerrak taldean lan egiten du eta bere alorrean baliagarri izaten daki". Hackerrei buruz dagoen iritzi negatiboa ezezagunari diogun beldurrak sortu duela gaineratzen dute: "Jasaten ari garen aldaketa iraultzaileak ulertzen ez dituenak hoberena gauden bezala gelditzea dela uste du". Diotenez, gaizkile informatikoaren irudia ez da "inkontziente kolektibotik" sortu. "Gobernu eta korporazioek nahita sorturiko irudia da. Botereak ezartzen dituen mugetatik haratago ikasten duten, ezagutza hori besteen zerbitzura jartzen duten eta euren komunikazio tresnak kolektiboki sortzen dituzten pertsonak egoteak infokapitalismoak eta hura bultzatzen duten gobernuek ezarritako ordena mehatxatzen du". Horregatik jarri nahi izan omen diete hackerrei gaizkile etiketa.

Euskal Herriko hackerrak

Hackmeeting-a bigarren urtez Euskal Herrian egingo dela-eta, hacker mugimenduak gure artean bizi duen egoeraz galdetu diegu arduradunei. Galdera horri erantzutea zaila omen da. Batetik, hacker mugimendu ugari eta hacker bat zer den ulertzeko modu asko dagoelako. Eta bestetik, hacker mugimenduak ez daudelako geografikoki banaturik, "ezta nahi ere". Ziberespazioan sortu eta euren jarduera ahalik eta gehien hedatzen saiatzen omen dira. Dena den, hacklab edo hacker laborategiei esker nolabaiteko mugimendua identifika daitekeela diote. Euskal Herrian bi hacker laborategi daude: Metabolik BioHacklab Leioako Udondo gaztetxean eta Kakelbont Gasteizko Gaztetxean. Gainera, Iruñean eta Donostian ere ba omen dago mugimendurik. Hacklab delakoa, Metabolik BioHacklab-en web gunean irakur daitekeen bezala: "Hacker talde antolatu bat da. Sarearen dimentsio sozio-politikoa sustatzen du, erabakiak asanbladan hartzen ditu, ez du babesle ofizialik ez marka komertzialik, autogestioaren aldeko apustua egiten du eta bere ezagutza telematikoak besteon eskura jartzen ditu, boterearen zerbitzura dauden elite tekno-kognitiboak desmuntatuz eta informazio askatasuna bultzatuz".


Helbideak
HACK3NA: sindominio.net/hackmeeting
Metabolik BioHacklab: sindominio.net/metabolik
Kakelbont: www.kakelbont.org