argia.eus
INPRIMATU
Garai berria, estatutu berria
Xabier Gurrutxaga 2007ko otsailaren 21a
Urriaren 25ean Gernikako Estatutuak hogeita lau urte bete zituen. 1979an Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrek erreferendumean onartu zutenetik hona igaro den denbora politikoa suposatzen dute bi hamarkada eta erdi horiek. Urriaren hogeita bost horrek Euskal Herriaren historia politikoan duen sinbologiaz eta esanahiaz baliatu nahirik edo, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria protagonista nagusi bilakaturik, egun hori aukeratu du EAEko Estatutu politiko berriaren testua onartzeko eta Eusko Legebiltzarraren eskuetan jartzeko.

Ikuskizun dago egitasmo politiko honen ibilbidea zein izanen den eta noraino iritsiko den. Ez dakigu ibilbide parlamentarioan azken mugaraino iritsiko den edota bide erdian, oztopo juridiko eta politikoak medio, zapuzturik geldituko ote den. Jakin badakigu Lehendakariaren nahia dela azkeneraino iristea eta herritarren esku uztea, horretarako antolatutako herri kontsulta baten bidez, egitasmo berriak gehiengoaren babesik duen ala ez jakiteko erabakimena. Baina nahi hori kontuan izanik ere, ezin ditugu ahantzi egitasmoak dituen mugak, batzuk gainera oso zailak gainditzeko. Horien artean batzuk kanpotik datozkionak dira, besteak berriz Gobernu hirukoitza osatzen duten alderdietatik. Oztopoen artean Gobernu zentralak, Alderdi Popularrak (PP) eta Alderdi Sozialistak (PSOE) proiektu berriarekiko erakutsi duten jarrera azpimarratu behar dugu.

Lehendakariak eztabaida planteatu duen koordenadetan ez dago inongo posibilitaterik aipatu alderdi horiekin negoziazio prozesu bat aurreratzeko. Ez behintzat gaurko egoera politikoaren blokeoa posible egiten duten zio edo faktoreek bere horretan jarraitzen duten bitartean. Hauen artean eta zerrenda agortzeko asmorik gabe hauek aipatuko nituzke: lehenik, ETAren indarkeria, gizartean eta politikagintzan sortzen dituen ondorio tamalgarriekin; bigarren, Eusko Legebiltzarreko egungo konposizio politikoa, kontuan izanik Sozialista Abertzaleak deituriko talde parlamentarioaren babes eta sostengurik gabe ez dagoela gehiengo nahikorik egungo Autonomi Estatutuaren erreformarako atea irekitzeko. Eta hirugarren, Estatuko botereen eta alderdi konstituzionalisten aurrez-aurreko jarrera. Gauza jakina Aznarrek eta Mayor Orejak aspaldi erabaki zutela Espainia osoan PSOE kate motzean lotzea Euskadiko gatazka politikoa dela-eta. Modu adierazgarriagoan esanda, popularrek Espainiako hurrengo hauteskunde orokorrak irabazi nahi dituzte gehiengo nagusiz, nahiz eta horretarako agian Euskadin galtzaile bezala gelditu. Hiru faktore horiek dauden bezala jarraitzen badute, Ibarretxeren egitasmoak ezin izanen du Legebiltzarreko lehen eta ezinbesteko proba gainditu. Nondik etor daiteke orduan aldaketa, etortzekotan?

Estatutu politiko berriaren oinarri juridiko politikoak ikusita eta, aldatzen ez badira bederen, jarrera aldaketa ezker abertzale ofizialetik etor daiteke bakarrik. Ez dakit uste hori utopia, nahikundea edo ingenuitate hutsa ote den nire aldetik, baina bestalde ezker abertzale horrek euskal politikagintzan modu eraginkorrean egon eta lana egin nahi badu, gutxienez honako hiru atal nagusien inguruan zerbait pentsatu beharrean dago, nire ustez: lehena, ETAk indarkeriazko estrategian jarraitu nahi badu erakunde horrekiko zilbor-hestea apurtzeaz gogoeta egin beharra. Bigarrena, ilegalizazioak sortu dion egoera larriari alternatiba legal eta berri bat eraikitzeko jarrera irmo eta argia. Eta azkenik, estatutu politiko berriaren aurkezpenak eta eztabaidak berarekin dakarren garai berriaren aurrean ezker abertzaleak bere egitasmo politikoa gaurkotzeko eta egokitzeko duen premiaz garaiz jabetu beharra.

Gogoeta maila horiek gabe nekez emango da aipatu aldaketa. Eta gehiengo absoluturik ez badago Eusko Legebiltzarrean, zein da Ibarretxeren proiektuari gelditzen zaion irteera? Geroz eta argiago dago bide hori hauteskunde autonomiko berrien bidea dela. Hauteskunde plebiszitario batzuen bidez herritarren esku utzi blokeo politikoa gainditzeko behar den gehiengoa lortzeko erantzukizuna. Eta egungo 36 parlamentarietatik 38ra pasatzea baldin bada erronka, ezker abertzale ofizialak berandu baino lehen pentsatu dezake ongi zer egin, duela bi urteko hondamendia berriro ere gerta ez dakion.