argia.eus
INPRIMATU
Biba Pello
Itxaro Borda 2021eko uztailaren 19a
Gernikan ospatuko den Galeuscaren bezperan, euskal literaturaren zurunbiloko jakintsuen mundua inarrosten duten «belaunaldien gaineko» eztabaidak hedatzen dira bazterretan. Iban Zalduaren gisako idazle gazte ikerlari batzuen gustuko, Espainiar Sari Nazional batetik bestera heda liteke gure literaturaren haria, Madrileko epai-mahaien iritziak hemen egiten dena derrigor bermatzen balu bezala. Iparraldean ere hasiak gara, sutsuki, euskarazko literaturaren kalitateaz mintzatzeko orduan, Madrileko ikusmoldeen jarraitzen: farregarri. (Bide nabar, horrek ederki erakustera ematen du aitzina ari dela iparraldearen hegoaldetze fenomeno kultural integratzailea!).
Bestetik Mikel Hernadez Abaituak irudiz, iragan asteko «Berria»ko orrialdeetan, nahi zituen ordulariak tenoreratu, belaunaldien gainekoak baino «belaunaldien azpiko» indar gordeak (eta erranaren arabera, frustratuak) kontuan hartzekoak zirela azpimarratuz. Frantziako Euskal Herria eta frantses euskaldunak gogoan idatzi zuen artikulua Mikel Hernandezek, hori ere eskertzekoa baita. Honek Euskadi Literatura Sariei den-mendreneko merezimendua zilegitzen die, nahiz eta Madrilen ez den finkatzen!
Hurrengo debadioen aiduru nago: Pello Lizarralde saritua izan berri den unean, agian baten batek «belaunaldietarik kanpo» dauden idazleetaz izkiriatuko du. Biba Pello.