argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Akzioa
2007ko otsailaren 21a
Enpresen kapital soziala hainbat partetan banatzen da, eta parteei akzioak esaten zaie. Kapital soziala, berriz, bazkideek (jabeek) konpainia sortzeko jartzen duten diru guztiari deritza. Kapital soziala akzioetan banatua egoten da, eta posible izaten da handitzea nahiz murriztea. Enpresa bateko tituluak edo balioak erosten dituena (akzioduna) eroste hutsarekin bilakatzen da enpresako zuzeneko jabe, hau da, berdin dio inbertsore txikia den edo zenbat akzioren jabe den. Akzioak, bestalde, arruntak edo pribilegiatuak izaten dira. Arruntak, berez, aparteko eskubiderik gabeak edo, inolako bereizketarik egin gabe, jabe guztiei eskubide berberak ematen dizkietenak dira. Pribilegiatuak, berriz, jabeei edo titularrei eskubide edo ezaugarri bereziren bat ematen dietenak. Eskuarki, ekonomiarekin zerikusia duten eskubideak izaten dira, hala nola, eskubide preferentea elkartearen irabazien (dibidenduen) banaketan, likidazioko kuotan eta abar. Hau da, gertatzen bada elkarte anonimoak erreka jotzea, jabeak direnez gero, akziodunek kobratzen dute azkena, zeren hartzekodunek izaten baitute lehentasuna, baina, horrelako egoeran, posible izaten da akzio pribilegiatuak dituztenek beste akziodunek baino lehenago kobratzea.