argia.eus
INPRIMATU
Idortea
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Izan dugu aurtengo protagonistetako bat. Ezin uka, belazeen horiak lekuko. Eta euskalgintza itotze lanetan, eguraldiak ere kolaboratu du Lazkaon eta bereziki, krudelki berez aski lehorra dugun Irunberrin Estatuaren pozerako. Oinezkoen kilometroak lokatz, Iturgaizek bere oinetakoen lustrea mantentze aldera, hurrengo baterako utzi du bere parte hartzea, ibilbideak garbi egongo diren arorako. Biharko. Ez dut nik ukatuko Donostiako Antiguan noizbait ikusteko aukera izango dugunik, hori baino harrigarriagorik baitzait Mayor Oreja bat gure autonomiaren alde sutsu ikustea. Bi bat hamarkada aski izan ditugu tamainako fenomenoa baieztatzeko. Eta nago, Iturgaizen adina kontuan hartuz nire jubilaziorako bere lanpostua defenditzen oinezkoen anparoan kilometroak egiten ezagutu behar dugula amnesiaren morroi. Lehen lerroan eta pankartari eutsiz irudika dezaket krabatarik gabe, burusoilduna, Adidasekin eta txandarraren bat soineko irribarretsu. Eta ondorengo mitinean, akordeoilari "Guk euskaraz.." entonatzen. Ez dago maisuen eskasian. Etxean ditu. Garaiz dabil oraindik. Aski luke Fragari erreparatzea. Demokrata. Toda la vidakoa.