argia.eus
INPRIMATU
Garaia heldu da
2021eko uztailaren 19a
Garrantzi handiko garaiak bizi ditu gure herriak. Espainiako Konstituzioan, autonomietan eta instituzionalizazio ezean oinarritutako marko politikoaren gainditzearen inguruko eztabaida indar handiz ireki da, Euskal Herrian indarrean jarri zenetik 25 urte bete den honetan.

Ezker abertzalearen ustetan aukera honi ausardiaz heldu beharra dago. Lehenik eta behin, irekitzen ari den fase politiko berriaren helduleku nagusiak ongi definituz eta gure herriaren aniztasunari erantzuten dioten sentsibilitate politikoen arabera mahai gainean jarri eta jarriko diren proposamen guztien arteko sintesia bilatuz, Euskal Herriaren aitortza eta euskal herritarren erabakitzeko ahalmenaren errespetua erdietsi bidean eta nola ez, pairatzen dugun gatazka politiko eta bortitza konponbide demokratikoaren eremuan kokatzeko.

1998ko ekimenarekin ireki zen zikloa aldaketa gunera iritsi da. Ezker abertzaleari askapen prozesuan urrats berria egiteko unea iritsi zaio, bere eskaintza politikoa eraberrituz eta orain bost urte egin zuen bezala motore paperean aritzeko prest.

Jasan berriak ditugun operazio polizialak aldaketa esanguratsuak posible egiteko lanean ari diren hainbat euskal militante eta euskalgintzako erreferenteren kontra izan dira, herri klabean ari direnen kontra. Estatuak badaki zehazki zein garrantzitsua den gazte mugimendua Euskal Herriaren etorkizun librerako. Modu berean, badaki ere, euskal kulturgintzaren balioa balio estrategikoa dela edozein prozesu askatzailerako, funtsezkoa gure herria bere buruaren jabe izateko, eta horregatik kolpatzen ditu biak. Dagoeneko ez da beharrezkoa ETAkide izatea estatu espainolaren makinaria errepresiboaren jomugan egoteko. Atxilotua izan aurreko egunean Joxemari Sorsek esaten zigun bezala, «Madrilek lur eremu kiskali bihurtu nahi du Euskal Herria» eta errealitateak arrazoi ematen dio.

Hala ere, Madriletik datorrena gogorra bada ere, hori ez da okerrena. Mingarriena zera da, egunero ikustea ez garela kapazak herri honetan faxismo espainolaren uholde bortitza gelditzeko beharrezkoa den borondate-harresia altxatzeko. Erantzun mobilizatzaileak zeharo beharrezkoak badira ere, uste dut, dagoeneko denok ikasi dugula ez direla inondik ere nahiko, eta horretara mugatzen garen bitartean herri honenak egin duela. Eguneroko lanaren bitartez Euskal Herriari eusten dioten sektore euskaltzaleek, kulturaren mundukoek, irakaskuntzakoek eta herrigintzan ari diren guztiek azken finean, akordio nazional baten aterpea behar dute, babesa behar dute. Hori ezean aurreikus daitekeen panorama beltza baino beltzagoa da herri honengan sinesten dugun guztiontzako, ezker-eskuin, salbuespenik gabe.
Euskal Herria aintzat hartzen duten eragileen ikuspegien arteko sintesiaren beharra azpimarratu genuen irailaren 26an Gasteizko Legebiltzarrean izandako Osoko Bilkuran Arnaldo Otegiren ahotan. Bide horretan, Nazio Eztabaida Gunea abian jartzeko ekimena txalotu beharra dago, tresna egokia izan baitaiteke arestian aipatutako ariketa hori burutu ahal izateko inongo muga ezta aurrebaldintzarik gabe. Ezker abertzaleak gune hori lehenetsiko du eskenatoki berriak sorraraztearen lanari dagokionean, irekia, anitza eta integratzailea delakoan. Hala ere, Nazio Eztabaida Gunea lehenesteak ez du zertan suposatu behar beste inongo aukeraren aldez aurretiko bazterketarik, ez da beste inongo jokalekurik alboratu behar baldin eta oinarri sendoak baditu izaera aldetik, aniztasuna eta bazterketarik eza nagusiki.

Bide horretan sinesten dugun guztiok plus bat eman beharrean gaude, estrategia ideologikoetatik haratago herri klabean antolatu behar den guztion plana erdietsi ahal izateko. Horretan murgiltzen baldin bagara, Euskal Herria garaile aterako da, baina horrela aritu ezean, Madrilek eta Aznarrek gure herriaren ateak zabal-zabalik izanen dituzte nahi dituzten barrabaskeria guztiak egin ahal izateko. Bien bitartean larunbatero bilduko gara Antiguako zubitik Boulevarderako erromeria triste eta antzuan, oraindik Soto del Realera ez gaituztela eraman baieztatzeko besterik ez bada.