Hernanin bizi naiz, baserri batean. Gurasoak beheko solairuan eta ni bigarrenean. Urriaren 16ko 01:30etan, builak eta izu-laborriak esnatu ninduten. Ateak ireki eta lurrean jarri ninduten. Buruan nahaste handia nuela gogoratzen dut. Etxea goitik-behera miatu bitartean sukaldean eduki ninduten, miaketa nahiko txukuna izan zen. Epaitegiko idazkariak autoa eman zidan, baina, ez nuen garbi operazioa zeren kontra zen. Idazkariak eta guardia zibilez jantzitako batek aurpegia agerian zeramaten, kaleko arropaz zeudenek, aldiz, burua kaputxaz estalita.
Martin Ugalde Kultur Parkeko bulegora ekarri ninduten jarraian. Ondoko gela batean ere miatzen ari zirela ohartu nintzen, Mikel Sorozabalen gelan. Beste lankideren bat ere atxilotuta zegokeela pentsatu nuen, baina ez nuen antzeman operazioaren tamaina. Inkomunikatua nengoen, guardia zibilen eskuetan, beldurrak eta ezinak jota. Begiak tapatu zizkidaten, eskuburdinak jarri, autoan sartu eta Madrilera bidean jarri ninduten. Bidean «Egunkaria»ren aurkako operazioaz gogoratu nintzen, lagunek eginiko torturen salaketez.
Ostegun goizeko 01:00etik hurrengo astelehen arratsaldeko 17:00ak arte, Auzitegi Nazionalera eraman arte, ziega batean izan ninduten. Ondoan beste pertsona batzuk nituela sumatzen nuen, baina ezin nituen ikusi. Lehen gauean bi itaunketa pasa nituen, bigarrenean bat eta larunbat arratsaldean lehen aldiz deklaratu nuen ofizioko abokatu batekin guardia zibilen aurrean. Artean, ez nekien gaua edo eguna zen. Forentsearen bisitak laguntzen zidan denboraren jarraipena egiten. Honek tentsioa hartu zidan egunean behin, tentsio altua dudalako.
Goizetan, baso bat esne eta magdalenak hartzen nituen. Bazkari edo afari delakoetan, berriz, txorizozko eta mortadelazko ogitartekoak, fruta eta ura. Bost egunetako ziega aldian argi artifizialarekin egon nintzen, eta handik ateratzean begiak itxiak izatea agintzen zidaten. Ez nintzen behin ere dutxatu. Etxean arropa poltsa bat hartzeko aukera eman zidaten arren, denbora guztian arropa berberaz egon nintzen.
Guardia Zibilaren egoitzatik Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. Bakarrik. Artean ez nekien nortzuk ziren beste atxilotuak. Juan Del Olmo epailearen aurrera pasa nintzen. Deklarazioa idatziz jaso ordez, arin egiteko-edo, grabatuko zidatela esan zidan. Lehen galdera «Egunkaria»ren inguruan izan zen, bere egituraz, funtzionamenduaz, nire funtzioez. «Egunkaria»ko aferan atxilotutakoen gaineko zeharkako galdera batzuk ere bai. Baina, batez ere, Martin Ugalde Kultur Parkeari buruzko galderak egin zizkidan. EKTSAko eta «Berria»ren gainean ezer ez. Asteleheneko eguerdi aldean, bi ordu luzeko galdeketaren ondoren, gainontzeko beste atxilotuen deklarazioak ezagutu ondoren, bere erabakia emango zidala esan zidan epaileak. Berriz ziegara. Handik ordu batzuetara berriz, gora. Orduan bildu ginen atxilotutako guztiak lehenengo aldiz.
Denok elkarrekin ginela hasi zen fiskala eskariak egiten. Lau lagunentzako neurri berezirik gabeko askatasuna eta beste bostentzat kartzela eskatu zuen. Inkomunikatua egon nintzen bitartean ezin izan nuen ofizioko abokatuarekin hitz egin. Orduan, lehen aldiz, ofizioko abokatuak ez zegoela arrazoirik kartzelan egoteko esan zuen eta fidantzapean libre ateratzea eskatu zuen. Del Olmo epaileak onartu zuen. Alegazioren bat egiteko aukera eman zigun. Guk, berriz, nahi zuenean etortzeko prest ginela esan genion, ez genuela ihes egiteko arrazoirik, alegia.
Kalean, senideen, lagunen eta lankideen harrera hartu genuen. Hurrengo bi egunetan, omenaldiak. Gaur goizean, berriz lanean hasita, bost egunetan zulo beltz batean egon izanaz ohartu naiz. Barruan egon naizeneko duda gogoratzen dut oraindik: kartzelara noa edo kanpora? Epaileak ateratzeko aukera ematen dizula jabetzen zarenean, sekulako poza hartzen duzu. Beldurretik eta ezintasunetik sekulako babesa jasotzera pasatzen zara. Jendea zure inguruan dagoela ikusten duzu eta horrek indartu egiten zaitu. Atxilotuta egon naizen bitartean ez dut ezer txarrik egin izanaren ustea, baina bost egunetan, egiten duzun guztia txarra dela entzun behar duzu, manipulatua zaudela, erabili egiten zaituztela. Ez duzu zalantzarik egiten ari zarenaz, baina, bat-batean, zure mundura itzultzean indartu egiten zara. Animoa hartzen duzu eta aurrera.