argia.eus
INPRIMATU
Orro egiten duen hegaztia
2007ko otsailaren 21
Laguntxo bat aurkeztuko dizuet. 75cm-ko garaiera, metro beteko hego luzera eta 1-1,3 kilogramoko pisua duen hegazti arrea. Txori zezen arrunta da bere izena. Izan ere, udaberrian, kumaldi garaian, itsasontziaren sirena edo zezenaren marrua gogorarazten diguten oihu sendoa sorrarazteko gai da. Mokoa, arpoi modukoa, arrantzurako. Lertxunen tankerako lepo luzea. Behatz eta zango luzeak, lohietan orekari eusteko eta ur hotzetan bero galera ekiditeko. Dagoeneko irudikatu al duzue gure gaurko protagonista? Bada, irudikatzearekin konformatu beharko dugu oraingoan, zeren txori zezen arrunta ikustea ia ezinezkoa da.
Gezurra badirudi ere, oso zaila da tamaina horretako animalia ikustea, izaera iheskorra eta kamuflatzeko duen trebetasun izugarria dela eta. Lezkadietako biztanle ezkutuena dugu berau. Lepo azpian, lezka koloreko bi zerrenda ditu. Haizeak lezka mugitu ahala, txori zezen arrunta, lepoa luzatua duela, lezkarekin batera mugitzen da batera eta bestera. Oso zuhurra denez, egunsentia atsegin du, baina habian kume gosetiak zain dituenean, sarriago ikusi ohi da hegan eta ohitura duen baino altuera handiagoetan. Nekez ikusiko badugu ere, entzutea ez da hain zaila, bere orroa, hiru kilometroko distantziatik entzun daiteke, Pitillas herritik esaterako. Beraz, erne belarriak. Heze guneetan inor ohartu gabe bizitzeko gaitasun hori bere merituz dela esan genezake, baina gure merituz ere bihurtu da hain ikustezin txori zezen arrunta. Hogeita hamar besterik ez dira geratzen penintsula osoan, hartzak baino gutxiago, baina askoz ere ospe urriagoarekin. Soinuarekiko oso sentibera da eta zer esanik ez pestizida eta metal astunekiko. Horri guztiari, habitataren suntsiketa eta legez kanpoko ehiza gehitu behar dizkiogu... amaigabea den oztopo zerrenda.
Nafarroako uretako hegazti mehatxatuen zerrendako lehena da, kasu honetan inongo ohorea ez dena, eta "iraungitzeko arriskuan" katalogatutako espeziea. Behar-beharrezkoa da espeziearen bizi iraupenerako, kumaldirako aukeratzen dituen heze guneak babestea eta habitat egokiak berreskuratzea. Horietako bat dugu Pitillaseko heze gunea.