Zein da Kontseiluak deitutako manifestazioari buruzko zure balorazioa?
Oso pozik gaude, espero genituen erantzuna eta babesa jaso ditugu. Baina koiunturazko erantzunak ez dira aski egoera honi erantzuteko, euskalgintzak ezin dio jazarpen honi aurre egin, gure txikitasunetik ez dago estatuaren aldetiko eraso honi erantzuterik. Erantzun estrategiko bat artikulatu behar dugu, eta bertan eragile politikoek, sozialek eta instituzionalek parte hartu behar dute ezinbestean. Bestela, ezingo dugu euskalgintza babestu.
Baldintza onenetan euskararen normalizazioaren lana konplexua da, gora-behera handikoa, gizarte osoa hartzen duena. Erasopeko baldintza hauetan, berriz?
Baldintza hauetan ez dago lan egiterik. Haatik, azken manifestazioak erantzun estrategiko hori artikulatu ahal izateko indar nahikoa badagoela islatu du. Kontseilutik indar hori errealitate bihurtu nahiko genuke egoera hau gestionatzeko. Aipatutako eragile horiekin guztiekin estrategia hori artikulatzeko lanean ari gara.
Bigarren eraso honek nola eragin dezake Kontseiluaren lanetan?
"Egunkaria"ren aurkako eraso handia izan zenean, eragile hauei gure proposamena helarazi genien, eta bigarren eraso hau etorri den garaian lan horretan ari ginen. Dagoeneko euskalgintzan ari garen enpresa eta taldeen artean eztabaida prozesu luze bat garatu dugu. Prozesu eta bide horrek beharko lituzkeen estrategiak diseinatu ditugu Kontseiluan. Bigarren eraso honek epeak azkartzea espero dugu, ondo bidez, datozen hilabeteetan erantzun artikulatu bat plazaratuko dugu.
Noiz arte manifestazioak eraso hauen aurrean? Ez al da beste erantzun moduko bat behar?
Kontseiluaren ustez eraso guztiek erantzun bat behar dute, eta era berean, koiuntura gainditu beharra dago. Halaber, egia da, euskaltzaleen artean ezberdintasunak daude, baina jazarpen honen aurrean gehiago da batzen gaituena desberdintzen gaituena baino. Uneon, euskalgintza bizitzen ari den egoera itogarri honen aurrean ezberdintasunek ez dute honenbesteko garrantziarik, hil ala biziko egoera bizi baitugu. Egoera honi aurre egiteko norberak bere desberdintasunetatik ere eutsi egin behar dio. Era berean, espazio bateratu bat bilatu eta estrategia zehatz bat artikulatu behar dugu, batzen gaituen horren baitan zerbait artikulatzeko gauza izan behar dugu. Kontseiluak ez du euskalgintza uniformatu bat nahi, ez gizarte uniformatu bat, gizarte anitza, ezberdina eta bere ezaugarri guztiekin baizik. Kontseiluak kohesioaren aldeko ildo hori lantzean ez du inoiz euskalgintzaren mugimenduaren uniformetasuna bilatu. Aitzitik, ezberdinak garela aitortuz, denontzat egokiena dena bilatzen ari da Kontseilua.
"Gora Euskal Herri euskalduna. Euskarari bai!" izan da manifestazioaren lema. Helmuga horretara iristeko bitarteko lema estrategikoa falta al du euskalgintzak?
Lemaren inguruan eztabaidak izan dira eta, beharbada, bere zergatia azaldu beharra dago. «Bai euskarari» ez da «ez erdarari». «Gora Euskal Herri euskalduna» ez da «Euskal Herri erdalduna behera». Guk lema edota mezu hori euskararen defentsa ideiaren inguruan artikulatu nahi izan dugu, babesa ideiaren inguruan. Tinkotasuna adierazteko unea izan da, prest gaudela aurrera egiteko eta badugula helburu bat. Helburu hori lema horretan laburbil daiteke. Autoafirmazio ekintza bat burutu nahi izan dugu. Horrela ulertu behar da mezua, denon helburua laburbiltzen duena. Adibidez, "Bai euskarari" mezua errazagoa da, baina egoera hau ez da "Bai Euskarari" bakarrik esateko, haratago joan behar dugu. Lema estrategiko bat behar ote den? Ados. Artean, Euskal Herri euskaldun horretara iritsi baino lehenago beste etapa batzuk burutu behar dira, bide horretan hainbat urrats teorizatuta dago dagoeneko.