argia.eus
INPRIMATU
Estilografikak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Txiskero-briketekin batera, nere biziotako bat. Bost bat baditut eta denak erabilgarriak. Idaztean makinaz jo edo ordenagailuaren teklatu-klabierra dantzatu baino, nahiago dut paperaren testura lumaz sentitu. Ordea, geroz eta aukera ttikiagoak izaten ditut estilografikak erabiltzeko. Txapelatan bezala, tinta beltzekoak nahiago urdinekoak baino. Eta dauzkadan bostak idor ez daitezen, preso dauzkadan lagun batzuei astero idaztea otu zitzaidan. Eta hara non, pizkailuekin bezalaxe -erretzea ez baitago batere modan- lumak erabiltzea eragotzi nahi didate, Garzonen azkena horretara baitoa, preso lagunei idaztea delitua dela ebatzi duelarik. Lumaz izkiriatzean hartzen dudan plazerra, presoek nireak jasotzean izanen dutena irudikatzeak bikoizten duenez, gaitz egingo zait Garzonena ekiditea, bestalde lagunen kartak gure posta kutxatik desagertuko liratekeen arriskua ere bururatu baitzait. Eta handiegiak dira galerak irabazien aldean. Beraz, hau amaitu bezain pronto, lagun-min baten azken erregaliari bere txanda emanen diot eta tinta beltzez idatziko preso lagunetako bati. Folio pare bat bi aldetatik. Plazerrez. Eta arduraz. Estilografika tintaz bete eta banoa.