Txirrindularitzaz eta tauromakiaz


2003ko urriaren 19an

Hemen bertan eta asko ez dela egindako artikuluak eduki duen oihartzuna ikusirik, bide beretik ekingo diot berriz ere, nire loria-une xume hau ahal beste luzatzeko asmoz. Esperantza txikiarekin, ordea, esana baitago: bigarren parteak ez ohi dira onak izaten. Bigarren parteak onak izan ez, eta, gainera, gaur dakardan metafora kaskarragoa baita.

Aurrekoa, tropelarena, alegia, oso egokia zen hau bezalako herri txirrinduzale-kirolzale batean, metafora errezen zale (tropela, amaren sua, aitaren etxea, etab) ere badenean. Gainera metafora-familia oso bati irekitzen dio bidea: ildo beretik, inor ahul dabilenean, aski esatea pajara bat hartu duela; edo idazleak eskalatzaileak, klasikomanoak, gregarioak edo esprinterrak ote diren esatea; unean uneko arrakasta piska bat eduki duenari Murtziako Itzuliko etapa bat irabazi duela aldarrikatzea… eta tipo honetan, nahi beste. Are, oso litekeena da norbaitek idazleak taldearen arabera sailkatzea, justizia edo herra gaizto gehiago edo gutxiagorekin: urlia KAS da, sandia ONSE (Organización Nacional de Sordos Españoles), berendia PATERNINA… Aldez aurretik aldarrikatu nahi dut nik, aukeran, KASKOLeko sailka nazatela nahiko nukeela (bai, KASKOL, Coca-Colaren imitazioz sorturiko edabe infame bat, gazteenek ezagutuko ez dutena).

Gaur dakardan metafora ez da hain ona, batez ere zezen mundukoa delako, eta hemen jendea ez delako hain zezenzalea. Iragarlearena egin eta aurreikusi nahi dut datozen garaiotan gerta litekeen fenomenoetako bat, toreatzaile zaharraren sindromea deituko duguna. Gauza jakina da une jakin batean, toreatzaile guztiek iragartzen dutela, espantuka eta lanturuka usu, ile-txorta, mototsa, txirikorda, koleta edo dena delakoa moztu behar dutela. Ba, baietz etorkizun ez oso urrun batean batzuek idazketari utzi egingo diotela iragartzen hasi. Baina ez kezkatu: erretreta hartzen duten toreatzaile guztiak handik bost urteetara itzuli egiten dira.
Tropelarenak puntu minbera ukitu zuen, nonbait, edo ideia askorik gabeko eremu lehorrean euri moduan erori, edo bietatik piska bat. Edonola delarik ere, konturatzen hasia naiz beste kontu bitxi bat gertatzen ari dela: denek ez bada gehienek onartzen dute frustrazio-aire bat badabilela, baina inork ez du onartzen frustrazioa bere etxean bizi denik. Arras landare itsusia izaki, frustrazioa, eta gu idazleok aski kanpoeder. Beti besterenean nahiago.

Erdi irriz erdi negarrez ari garelarik ere, ezin uka gaiak mamirik baduela. Azken finean, gutariko bakoitzari eskatzen digu geure burua definitzea literaturaren, gizartearen eta hizkuntzaren inguruan. "Zergatik idazten duzu?" galdera deseroso eta inozoari erantzun diezaiogun eskatzen du. Zeren, bide batez esanda, gauza gutxi dago itsusiagorik eta patetikoki irrigarriagorik irakurtzen ez diotelako edo aski famatua ez delako negarrez ari den idazlea baino.

Gutariko bakoitzak galdera horri erantzuteko adorea baleuka, definituko luke zertan den bere proiektu literarioa; zenbateko garrantzia duen horretan ospeak, diruak, ideologiak; zenbateraino hartaratzen duen asmo ludikoak edo pedagogikoak, edertasuna bilatzeak, konpultsio hutsak edo analisi eta ikasi nahiak; noraino izan nahi duen lekuko, noraino protagonista; gizartearekiko harremanak nola ulertzen dituen; eta beste hainbat. Eta erantzun hori errealitatearekin parekatuz norberaren argazkia argi samarra geratuko litzateke; eta hortik abiatuz debate interesgarria bidera liteke. Argazki argiegia, agian, eta debate interesgarriegia: ez diogu inori eskatuko jendaurrean erantzun dezan agian etxeko gelako bakardadean ere bere buruari egiten ausartzen ez den galderarik.

Idaztea ez da hain zaila. Letra mordo bat txukun samar elkartzea edozeinen edo ia edozeinen esku dago, eta geu gara adibiderik argiena. Orduan? Orduan goian egindako galderari norberak ematen dion erantzuna da gakoa. Erantzun horren energia, egokitasuna eta koherentzia. Erantzun sendo eta koherentea dagoen tokian idazle bat dago, eta ezerk ez du hori aldatuko, ez kritikak, ez salmentak, ez uneko apetaren gorabeherak. Eta inoiz batean gizarteak horixe aitortuko dio egiazko idazleari.

Edo agian inoiz ez. Baina hori ere berdin da, idazlearen helburua ez delako karrika bat edukitzea. Batez ere hori lortzerako handik oso urruti dagoelako.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude