Zaraitzu ibaiaren uren lurretan sorturiko herri honek, Otsagik, badu landareen munduan bere txokoa. Egun Ameriketako Estatu Batuek mundu honetan jokatzen duten kolonizatzailearen lan odoltsua Espainiako erreinuak berea izan zuen duela lau bat mende. Gogor jo zen orduan Amerika eta euskaldunak dotore nabarmendu ginen konkistan... Duela urte batzuk AEBetako Mexiko Berriko Acoma hiria bisitatzera joan eta euskaldunak ginela jakin bezain pronto bertako gidariak muturrera bota zigun nola Juan de Oñate batek bere herria kostata bereganatu eta egin zuena: gizon guziei hanka bana moztu eta bederatzi haur esklabo gisa eraman... Euskaldunok Mundu Berri horretan egin ditugunak ez dira hain lotsagarri eta gaitzerdi.
Silvestre Ochagavía Txileko hezkuntza ministroa izan zen 1853 eta 1854 urteetan eta nik behintzat ezagutzen ez ditudan botanikaren aldeko lanen ohoretan landare genero oso bati Ochagavía izena jarri zitzaion. Genero hau bromealiazeoen familiakoa da. Familia honek ezaugarri bitxi bat, bat ez pare bat badu: batetik epifitoak dira -beste landareen gainean bizi ohi dira- eta bestetik Ameriketan bakarrik bizi dira. Epifitoak izaki, sustraiak beste landare eta batez ere zuhaitzen adarren gainean eusteko erabiltzen dituzte eta onil itxurako hostoetan edo bereziki garatutako ile batzuen bitartez hartzen dituzte elikagaiak. Amerikarrak soilik izanagatik mundu osoko etxeak apaintzeko erabiltzen dira eite dotoreak, hostaila ikusgarriak eta lore bikain koloretsuek ikaragarri erakargarriak egiten baitituzte. Otsagiko etxeetan ere baten bat izango da apaingarri...