argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2007ko otsailaren 21a


Txinatarrek ilargira heldu nahi dute

Lehen ontzi tripulatua espaziora igortzeko egun gutxi falta diren honetan, Txinako gobernuak asmo handiko programa espaziala iragarri du. Wang Shuquan Zientzia, Teknologia eta Industria batzordeko idazkariordeak aipatu duenez, aurki, euren astronautak ilargiratzeko saioak egingo dituzte besteak beste.
Espaziora bidaiatuko duten lehen astronauta txinatarren izenak ez dira oraindik zabaldu, ezta misio tripulatu honen data zehatza ere, baina Pekingo iturriek diotenez, 14 astronauta daude dagoeneko Gansu eskualdeko Jiuquan jaurtiketa barrutian.
Orain arte, tripulaziorik gabeko lau espazio-ontzi igorri ditu Txinak espaziora, gutxitxo, amerikarrek eta errusiarrek gizakia orbitan jarri aurretik bidali zuten kopuruarekin alderatzen bada.
Bestalde, egunkari ofizial batek azaldutakoaren arabera, Txinako gobernuak garapen teknologiko aurreratua duela erakutsi nahiko lioke munduari eta datozen hiru urteetan ilargiaren orbitan satelite bat ipiniko luke.


Eguzki izpi bidezko lehen ebakuntza

Israelgo ben-gurion unibertsitateko ikerlariek ebakuntzetarako teknika berri bat asmatu dute. Etorkizuneko kirurgia izan litekeen honek eguzki izpiak ditu oinarri eta laserra baliatzen den moduan erabiltzeko sortu da. Animaliekin egin dituzten saioetan emaitza onak lortu dira: arratoi bati, esate baterako, gibeleko ehun kaltetuak suntsitu dizkiote eta laser izpiekin lortuko lituzketen emaitzak parekatu direla diote.
Kirurgia tresna berri honek funtziona dezan, eguzki energiaren erradiazioak sistema berezi baten bidez kondentsatu eta ebakuntza gelara izpi moduan igortzen dira, bertan zirujauek erabiltzeko.
Sistema berri honek, hala ere, badu oraindik zer gainditua. Izan ere, egun eguzkitsuak behar dira ebakuntza mota honi ekiteko.


Unibertsoaren ikuspegi berri bat erakutsiko duen teleskopioa

Nasak esploratzaile berri bat ipini du orbitan, SIRFT du izena eta behatokiei ikus ezinezko egiten zaizkien zonak behatzea du helburu. Teleskopio hau, izpi infragorri bidezko sistemari esker, hauts eta gasez osatutako hodeietan zehar ikusteko gai izango da eta izar gehienak osatu zireneko garaietako erradiazioak hartu ahal izango ditu. Alde honetatik, unibertsoaren ikuspegi guztiz berria eskainiko digu.
Michael Werner proiektuaren arduradunaren hitzetan, SIRFTek 10.000 milioi argi-urtera dauden gorputzak behatu ahal izango ditu eta, bestalde, planeta sistemak nola osatzen diren ikertzeko ere baliatuko da.