Euskal pilota, larrua harriaren kontra


2003ko urriaren 19an
Julio Medemen azken pelikula, gonbidapen batekin hasten da, elkarrizketarako gonbidapenarekin, eta hori bera da artikulu honen xedea. Filmaren aurkezpenean Medemek gauza bat azpimarratu nahi izan zuen: bere hizkuntza, hizkuntza propio eta zinematografikoa. Julio Medemek ez digu bere pelikula honen bidez hitz egiten, ez digu hitz egin nahi, zinearen lengoaiaren bidez azaltzen zaigu eta «ikus-entzunezko diskurtso» horretan «sartu» nahi gaitu. Pelikularen hizkuntzan sar gaitezen, eta bere mezua jaso eta azter dezagun. Medemek bide bat eskaintzen digu; berak hain kuttunak dituen metafora bisualak.

Ezer baino lehen, Medemen ausardia azpimarratu beharrean gaude. Lehen aurkezpena Donostiako Zinemaldian egin zuen. Etxean jokatzen zuen eta bere hitzak guztiz garbiak izan ziren. Gero Euskal Zinearen Egunean ere hartu zuen parte, giro are etxekoagoan, eta han ere berdin-berdin. Hurrengo astean, berriz, ikusmin handiko aurkezpena egin zuen Madrilen, eta han ausartagoa izan zen, bere lana defendituz. Argi dago lan profesional itzela egin duela eta guztien aurrean defendituko duela. Argi dago ideia argiak dauzkala eta berdin-berdin aurkezten dituela Donostian, Madrilen eta Bartzelonan, berdin ETBn, Antena 3n eta Espainiako TVEn.

Baina ez da hori artikulu honen gaia, baizik eta pelikula ikusterakoan, eta gehienetan ikusi gabe ere, sortu diren iskanbilak. Medemen erreakzioa lasaitasunez beteta etorri da, pelikula ikustea eskatu du, eta horrekin batera bere intuizio bat azaldu digu, hau da, batzuek akaso ez dute filma honetan parte hartu nahi izan, gero beraiek falta zirela esan ahal izateko. Baina, hala eta guztiz ere, ez dago horretan gakoa, film hau beste gauza bat delako eta berez ez duelako inoren faltarik. Egia da politikariak eta intelektualak ikusten ditugunean, normalean ez ditugula «ikusten»; irakurri edo entzun egiten diegu, hitzen hizkuntzan geratzen gara. Medemek, berriz, hitzak entzuteaz gain, ikustea ere eskatzen digu, alegia, musika, irudiak... ikustea. Horretarako egin baititu 70 elkarrizketa, horretarako bilatu ditu Orson Wellsek Euskal Herriari buruz egindako perlak, horretarako egin baitu hegan «Lau Haizeetara», eta herri kiroletako irudiak bilatu, eta pilota joko guztiak grabatu, eta maisu lan batean erabili ditu musikan maisua den Mikel Laboaren kantak… Hori guztia zinea, letra handiz, idazteko. Eta horrela hizkuntza aberatsago bat eskaintzen digu. Orain horrek ahalegin bat eskatzen digu guri, esfortzu berezi bat, berak bere pelikula biribiltzeko egindako ahaleginaren parekoa. Eta benetan merezi du, berak dioen bezala, begi garbiekin begiratzea eta hausnartzea.

Ikusi gabe begiratzeagatik sortu da iskanbila. Batzuek, kronometroa eskuan, ikusi gabe entzun dute pelikula hau. Argudioak segundoetan kontatu dituzte, eta, erlojuari begira egoteagatik, pelikula bat galdu dute. Zer esanik ez, ikusi baino lehen hitz egiten hasi direnek. Bestalde, hitz egiten baino gehiago, kritikatzen jardun dutela esan dezakegu, ez baitu inork ezer positiborik aipatu, iritzi guztiak negatiboak izan baitira. Egileari, bere pelikulari eta parte hartutako guztiei eman diete egurra; Medemen iragan guztia jarri dute kolokan, eta, sinestea zaila baldin bada ere, azkeneko marka ezarri dute, hau da, «Lucía y el sexo» pelikularengatik TVEri kobratutako dirua bueltatzea eskatu diote Medemi. Ez dira konturatzen zer nolako «mesedea» egin dioten Julio Medemen film berri honi, zer nolako promozioa «Euskal pilota»ri. Ez dakite zenbat jende jarri duten pelikula ikusteko irrikan. Honezkero hasiko ziren pentsatzen, hainbatetan bezala, «hobe isilik egon». Izan ere, ahoa irekitzen duten bakoitzean sala oso bat betetzen da pelikula ikusteko.
Orain denon esku dago Medemen lana, zine guztietan daukagu, datorren urtean DVDa, liburu eta telebistarako serie bat izango den lan hau ikusteko. Eta eskaintza honen aurrean, gauza bat iruditzen zait azpimarratu behar dela beste guztien gainetik: pelikula hau ikusteko da, begiratzeko, eta elkarrizketarako gonbidapen zuzena ere bada. Ezinezkoa da ikusi ondoren isilik geratzea. Hori da Medemen lorpena: berak gonbidapena egin eta guk onartzea, begietatik jasotzen dugunaz hitz egitea, zinearen benetako hizkuntza zer den ohartzea. «Euskal pilota. Larrua harriaren kontra» zine hutsa da, eta elkarrizketa gogoa pizten digu. Ez hutsik egin, beraz... eta ez joan bakarrik!


ASTEKARIA
2003ko urriaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude