Uda amaitu da, eta beste aro berri bati hasiera eman diogu. Ahaztu ditugu honezkero aurreko hilabeteetako lasaitasuna eta olgeta uneak, eta pixkanaka bada ere, bakoitza gure eguneroko errutinan murgiltzen hasi gara: lanean helduak (edo horretarako zortea daukagunak, bederen) eta eskolan etxeko txikienak.
Eskola aipatze hutsarekin, izerdi-patsetan jarriko da bat baino gehiago, izugarria baita "eskolara itzultzeak" familia batentzat dakarren gastua: 600 eurokoa omen da, batez beste, Etxekoandre, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Espainiako Konfederazioak egindako txostenaren arabera. Eta zifra horretan ez dira eskolako garraioa edo jangela sartzen. Ikus dezagun, bada, nola banatzen den, gure osasunari baino gehiago gure sakelari erabateko astindua emango dion gastu zerrenda hori.
CEACCU erakundearen arabera, arropak eta oinetakoak dira zifra horren zatirik handiena hartzen dutenak, 260 euro umeko. Eta kopuru horretan zeresan handia dute gure seme-alabek marka jakin batzuekiko (normalean garestienak diren markekiko) erakusten duten zaletasuna. Jakizu, irakurle laguna, atal honetan %30eko beherapena lor dezakezula modako markak besterik erosi ordez, marka normalxeagoak eroste hutsarekin. Ondoren testuliburuak, eta eskolako materiala datoz: 165 euro balio dute batez beste, lehen mailako ikasketak egiten ari den gazte baten urteko liburuak, eta 220 euro bigarren irakaskuntzakoak. Horri beste 100 euro ia gehitu behar zaizkie eskolako materialean (koadernoak, karpetak, arkatzak, forroak eta abar). Izan ere, aipatutako gauza horiek guztiak %4-5 inguru igo baitira iazko prezioekin konparatuz gero. Nola ez gara ba gaixotuko!