argia.eus
INPRIMATU
Bigarren ikustaldian
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2007ko otsailaren 21a
Julio Medemen lana ikusi duen batekin baino gehiagorekin sendotu dut irudipen hau: zinemagile donostiarraren frontoian agertzen diren pertsonaia ugarietan, (gure) politikariak dira, oro har, filmak irauten duen bi orduetan, imajinarik txarrena ematen dutenak. Herritar arruntek, kulturgileek, gatazka delako horren biktima edo pairatzaileek beren minaren edota beren ametsen berri ematen dute. Politikaren profesionalen arteko gehienak, berriz, nazkatzeraino aditu ditugun diskurtsoak errepikatzen dizkigute, prentsaurrekoaren sindromeak jota. Badira salbuespen batzuk; kasu gehienetan gutiengo dira beren alderdietan.
Muntaketa maltzur baten emaitza ote? Baliteke Medem hain mutiko zintzoa ez izatea, baina orain arte inori ez diogu protesta hitzik entzun frontoiaren egileak bakoitzari grabatutako elkarrizketatik zintarako hautatu duen puska labur eta testuinguruz gabetua dela kausa. Beharbada, horiek ere etorriko dira, bigarren ikustaldiari ekiten diotenean. Baldin eta bigarren ikustaldirik bada. Luzemetraian zehar PPk eta bere ingurukoek biltzen duten egurrak poztuta eta puztuta Victoria Eugenian txalo jo zion bat baino gehiago ez da, nonbait, oraino ohartu beraiek ere hartzen duten makilaldi latzaz. Bertze posibilitate bat: guztiz lotsaturik, isiltasuna hobetsi izana. Brunete mediatikoak manipulatutako madrildar horiek ez dira dokumental honetan zer ikasia duten bakarrak.