"Aldaketa 16" astekariaren murgiltze sendoa.
Kilometroetako zero zenbakiarekin hasi eta joan den astean egindako aurkezpen publikoarekin, euskal prentsa eta kulturaren ur txikietan bete-betean murgildu da "Aldaketa 16" astekari berria. Euskal prentsara dakarren kutsu berria begi bistakoa da edonorentzat, eta osasungarria ere bai normaltasunaren uretan igeri egin nahi duen sektorearentzat. Euskarazko merkaturainoko jauzia egin du Espainiako trantsizioan nabarmendu zen aldizkariak, ez ausardia makalarekin gainera, ezta, dirudienez, sosa gutxirekin ere. Merkatu aldetik egon daitezkeen arazoez entzun eta irakurri izan da, baina hori bideak erakutsiko du. ARGIAtik biderik oparoena desio diogu proiektu berri honi, bere arrakastak euskal prentsaren bidea handitzea eta zabaltzea lekarkeelako.
Ollokiegi enpresaren aurkako atentatua.
Irungo Santiagoko mugan Ollokiegi enpresaren aurka izandako atentatuak ETA hor dagoela gogorarazten du berriz ere, pentsatzekoa den bezala atentatuaren egiletza erakunde honi badagokio behintzat. Aipatu enpresako bi kamioietan ziren lehergailuak, baina azkenean hamabi kamioi kiskali ziren. Atentatua zerga iraultzailearekin lotu da eta Espainiako gobernu ordezkari Enrique Villarren esanetan, azkenaldian ETAk 200 gutun bidali die enpresari desberdinei zerga iraultzailea eskatuz. Atentatuak euskal gizarteko indar politiko gehienen arbuiatzea ekarri du beste behin ere.
Aldarrikapen molde berrien bila
Otsailean baino jende gehiago mugitu du oraingoan Baterak, baina Iparraldeko manifestazioetan alor kuantitatiboa beti garrantzitsua bada ere, oraingoan alor kualitatiboagatik nabarmendu da iragan larunbateko kale agerraldi jendetsua (ia 9.000 pertsona, antolatzaileen arabera). Bateraren alde abertzaleak bederen planto egin du orain arte egindako bideari dagokionez eta beste estrategia bati helduko diola iragarri du. Orain arte Baterak molde batuetan jarduteko abilezia erakutsi du eta ikusi beharko da estrategia berriaren aurrean mugimenduaren osotasunak nola erantzuten duen. Aurrera egiteko gogo eta kemen ugari antzeman daiteke Iparraldeko mugimendu abertzalean, Bateraren protagonista bakarra ez baina bai bultzagile garrantzitsuenean. Beste aktore garrantzitsua Estatua da eta hori mugiaraztea zailagoa izango da, are zailago etxeko leihotik kalera so geldituz gero.
Nazio eztabaidagunearen talde sustatzailea eratuta
Nazio eztabaidaguneak beste urrats bat eman du eta jadanik eratua dago ekimenaren nondik norakoak bideratuko dituen behin-behineko talde sustatzailea. Ezker abertzalearen ekimenetik abiatutako gune berri honek uztailean egin zituen bere lehenbiziko pausoak eta oraingoz bi fase nagusi izango ditu. Lehenbizikoan gunea finkatuko da abendura arteko une desberdinetan eta diagnostiko bat egingo da; I. osoko bilkura abenduan egingo da. Bigarren fasean, gatazka bideratzeko ekintzak eta konpromisoak finkatu nahi dira, datorren Aberri Egunerako egindako lanaren emaitzak aurkezteko. Besteak beste, Juankar Alduntzin, Antton Izagirre, Maite Aristegi, Txutxi Ariznabarreta, Mertxe Colina, Joxe Iriarte ’Bikila’, Xabier Isasi, Miren Odriozola, Iñaki Lasa, Ixabel Etxeberria eta Anjelmari Elkano dira talde sustatzaileko kideak.
Andoaingo araudia indargabetuta
Iragan maiatzean euskararen udal araudia onartu zen Andoaingo Udalean. Irailaren 25an berriz, euskara lan hizkuntza gisa erabiltzeko arauak eta itzulpengintzarako jarraibideak ezartzen dituen araudia indaragabetzea erabak i zen, PSE-EE eta PPren botoekin. Andoaingo Udalak adierazi duenez, araudia maiatzean onartu bazen ere, ez zen Gipuzkoako Foru Aldundira bidali eta beraz, indarrean ez zegoen araudia indargabetu dute. PP eta PSE-EEk esan dutenez, araudi horrek euskararen erabilera inposatzen du.
Euskalduntzeko tirabirak darrai
Euskalduntze-alfabetatze alorrean giroa zeharo nahasia dago. Joan den asteazkenean euskaltegi pribatu homologatuen %85 ordezkatzen duen taldeak (Abegi, AEK, Batuz, Billabonako euskaltegia, Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa, Gotzon Garitaonaindia euskaltegia, IKA, Labayru, Maizpide, Mikelats eta Ulialde) protesta egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, joan den asteazkenean. Adierazi zutenez, gelak beteta hasi dute ikasturtea eta administrazioak aipatutako matrikulazioen beheranzko joera gelditu egin da. Matrikulak %15 igo diren arren, ikasgelak bete dituztela eta horrek zentroak behar-beharrezkoak direla erakusten duela esan dute. Auzia blokeatuta dago, ez baita Administrazioaren eta euskaltegiko hitzordurik ezarri datozen asteetarako.
Gasteizko Euskara Kontseilua biltzear
Gasteizko udalak Euskararen Erabilera Planaren udal barruko plangintza eta Euskara Kontseilua eratu beharra onartu zituen joan den apirilean. Euskara Kontseilua oporren bueltan bilduko zuela adierazi zuen, baina oraingoz ez da bildu. Udalak jakinarazi duenez, hilaren 30ean bilduko du Euskara Kontseilua eta udalak aurretik (urriaren 20an) zehaztuko duen lan metodologiari jarraituko diote gainera. Kontseilua kontsulta eta irizpen organoa izango da eta euskara sustatzen duten herrtitar eta taldeen proposamenak jaso eta haien partaidetza bultzatea izango ditu xede.
Nafar euskalkien jardunaldiak
Euskararen irakaskuntzan ari diren langileei eta euskara teknikariei zuzenduriko nafar euskalkien jardunaldiak antolatu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak. Urriaren 22an eta 23an, Uharteko Zubiarte euskaltegian izango dira saioak. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Iñaki Camino eta Gotzon Aurrekoetxeak hitzaldiak eskainiko dituzte. Izen-emate epea urriaren 20an amaituko da.