argia.eus
INPRIMATU
Aizkorarenak egin du
Koldo Aldalur Hirigoien 2021eko uztailaren 16a
Ikusi nahi ez duenak, itsu, ez du ikusiko baina aizkorarenak egin du. Alea jacta est esango luke bere burua letratutzat duenak eta arrazoi faltarik ez. Uste hutsa balitz gaitzerdi. Hilaren 5ean jokatu zen Etxarrin Euskadiko maila nagusiko aizkolari kanporaketa eta partehartzaileen adinari begiratu eta gero etorkizunari itxaropentsu so egitea zaila da. Batez bestekoa, heldu gabe, baina ia berrogeita bat urte. Azurmendik musean nahi ditugunak: hogeita hamaika, buelta horretan Txapartegi eta Lopez-Azpilikueta. Egungo txapeldunak, Nazabal etxarriarrak, hiru gehiago, Mugertzak, Larretxeak, Peñak, Jaunarenak, Barberenak eta Olasagastik berrogei aspalditxo beteak eta Miel Mindegia handiak berrogeita hamalau.

Eta hau okerrena balitz sikiera! Atzetik ez dator ia ezer. Fausto Mugertza mutrikuarrak ditu dotore hezitako pare bat mutiko etxean. Saralegitarrek ere badute itxaropenik besteak beste Nartxi zenaren semeekin. Beste bakarren bat badabil erdi ezkutuan baina ez dago besterik. Arria gazteak txikitu beharko lituzke askoren ustez gainontzeko denak baina badela erakusten ez duen bitartean Santo Tomas bezala dabil aizkolzalea.

Eta beterano koadrila honek aizkora uzten duenean zer? Azpeitiko zezen plazari buruzko atera berria den liburuari esker gogoratuko ditugu aizkol jokoen pasadizoak, izandako txapeldunak, egindako balentriak.

Egoera honen arrazoiak sustrai ekonomikoa du. Ezinezkoa da gazte batentzat kirol honetan aurrera egitea eta ez bakarrik aizkorak oso garesti daudelako egurraren prezioa ikaragarria delako baizik. Egun, kamioikada bat pago dentistarengana joatea bezain garesti dago: hiru mila eurotik gora seguru eta maila dezente xamarra izateko kamioikada asko etxeratu eta moztu behar dira. Beraz zulo honetatik ateratzeko ekologistak poztuko lituzkeen pausoa eman beharko da hasteko. Pagoak bota beharrean gero plazan txukun-txukun jartzeko pinua bota dezatela. Hau ez da izango egun plazarik-plaza gehienbat dabiltzan aizkolariek hartutako erabakia. Pagoaren goxoa edo euste punttu hori dute gustuko batetik, eta ditxosozko ohitura kontua bestetik, erabakia, hartzekotan, goitik hartu beharko da. Hurrengo txapelketa ofizialetan insignisak plazara.

Eta eskerrak Besagain enpresa egiten ari den lanari. Luis Mari Bengoa patroi dutela ohituren olatu nahastuan ontzi galdutzat jo zitekeena lehorrera hurbildu dute. Negu parteari berebiziko poza ekarri dion Urrezko Aizkora banaka eta binaka antolatu dituzte eta dagoeneko ez du zaleak apustu handien beharrik aizkol jokoaz gozatzeko.

Errealitatea den moduan ikusteko muino batera igotzea proposatu zigun jakintsu zaharrak. Aspaldian aizkolariak plazan lanean ari direla goiko jarlekuetan kokatuz gero txapela hainbat eta ile zuri dezente ikus daiteke. Ez da seinale ederra etorkizun oparoa izan nahi duen gure kulturaren parte den kirolarentzat. Hil kanpaiak jo du.