argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Egaña: «Nobela honetan alde literarioa gehiago jorratu dudalakoan nago»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Zergatik idatzi duzu «1936. Aquella soledad»?
Hainbat urte 1936ko Gerrako kontuak ikertzen aritu ondoren, nire saioetan agertzen ziren datuak sortzen zizkidaten sentimenduak kanporatzeko gogoa sentitu nuen. Eta horretarako eleberria iruditu zitzaidan generorik aproposena. Bestalde, banuen beste erronka bat. "Gallarta" nire lehenengo nobela idatzi nuenean, garaia ez nuen ondo kontrolatzen, eta izugarrizko ikerketa lana egin behar izan nuen hura idazteko. Horrek, nire ustez -eta halaxe dela esan didate benetako lagunek-, nolabait desorekatu egin zuen nobela hura. Orduan bigarren nobela honetan kanpoan utzi ditut buruan neuzkan datu eta interpretazio guztiak, eta alde literarioa gehiago jorratu dudalakoan nago.

Zein da nobelaren ardatza?
Gerran sortzen diren egoerak eta sentimenduak azaldu nahi nituen, gaur egun ulertzen ez ditugunak baina gerra bizi izan duenak ondo ezagutu dituen horiek: beldurrak, mamuak, bakoitzak nola sentitzen duen bere bakardadea…

Eta nortzuk dira protagonistak?
Hiru istorio daude, Historiako liburuetan azaltzen ez diren pertsona horienak. Ez dira heroiak, ez dut esango kontrakoak direnik, baina heroiak behintzat ez dira. Bat, Donostiako Alde Zaharreko zulo batean dago ezkutaturik, beste bat mendian galdurik, eta hirugarrena Bilbon, frontean, batailoi bateko arduradun, baina hala eta guztiz ere bakardadea sentitzen du, gerraren ondorioak eta krudeltasun guztia.