argia.eus
INPRIMATU
Pello Otxoteko: «Artea da absurdoari gutxienez erresistentzia egiteko moduetako bat»
Pilar Iparragirre 2003ko urriaren 05a
Zein desberdintasun dago zure azken lan honen eta aurrekoen artean?
Lehenengoa, «Haraindiko begiradaren bila», ibilbide baten hasiera bezala zen, eta «Itzalaren ñabarduretan», galderen azalpen bat, lehenengoko poema gehienak modu argian edo zeharkakoan egindako galderak baino ez ziren. Azken honetan berriz, gehiegi aurreratu ez badut ere -galderak ere azaltzen baitira-, ahal nuen neurrian gizakiaren izatearen ertz edo labarretara iristen ahalegindu naiz, konturatu naizelako gure kondizioaren absurdoaz eta kontraesanaz. Eta hortik doaz irakurleari etorriko zaizkion pentsamenduak eta galderak.

Jauzi bat eman duzula esan nahi duzu?
Beno, «Arnasa galduaren ondarea»n giroa aldatzen saiatu naiz, aurreko poemak nahiko hotzak edo zerebralak zirela esan zidatelako batzuek; edo filosofikoegia zela aurreko poemen filosofia. Eta azken honetan ahalbait hurbilagoa-edo, ahal den neurrian beroagoa izaten ahalegindu naiz.

Zertan islatzen da aipatu duzun aldaketa?
Nire ustez liburu honetan poesia gehiago dago. Hiru ataletan banatu dut, eta batean irakurlearen kontzientzia astin dezaketen zenbait poema beharbada gordin-edo azaltzen ditut. Hori zen behintzat nire asmoa, ez dakit lortu dudan. Izan ere, nire ustez poesiak berealdiko garrantzia hartu du gaur egun. Baina horrek eramaten gaitu absurdoaren presentziara, gaur egun hain nabaria den presentzia horretara, eta artea da absurdo horri gutxienez erresistentzia egiteko moduetako bat. Poesia, musika edo pentsamenduaren lanketa: egiaren bilaketa.