Aiton-amonak ere etorkinak izan ziren, eta Bartzelonako geltokian lan kontratuak erakutsi behar izaten zizkieten poliziei, trenez berriro herrira itzularaziak ez izateko". Hori ikasita, bere klasekide afrikarren guraso batzuen esperientziatik hurbilago ikusi dute haien familia Bartzelonan jaiotako ikasle askok. Ahozko testimonioen bidez jorratu dute migrazioen gaia Geografia eta Historiako klaseetan Kataluniako hamabost institututako ikasleek, eta antzeko esperientziak entzun izan dizkiete haien aitite eta amamei. Entzun ez ezik, grabatu ere egin diete testigantza, historialariek bezala gero elkarrizketak aztertu eta konparatu ahal izateko.
Kataluniako esperientzia honen berri eman zigun Iruñean Pilar Gomezek, historia irakasleak, Gerónimo de Uztariz Institutuak antolaturiko jardunaldiotan, Historiaren Didaktikari buruzko II Jardunaldietan, hain zuzen ere. Aurten ahozko testigantzak eta bere erabilera didaktikoa izan dira jardunaldien ardatza, maila teorikoan zein praktikoan, izenburuko galderaren zentzugabekeria agerian utziz.
Horietan parte hartu duten historia irakasleek historiaren irakaskuntzaren inguruko hausnarketak egin dituzte, eta ahozko testigantzen balioa azpimarratu dute. Izan ere, azkeneko hamarkadetan emandako berrikuntza historiografikoen artean, ahozko iturrietan oinarriturikoa izan da emankorrenetakoa. Horri esker, agiri ofizialetan agertzen ez den jendeak bere protagonismoa irabazi du, beren bizitzen eta egunerokotasunaren berri emanez, beraien bizipenak azalduz. Ikerketen munduan ahozko testigantzen azterketak gero eta garrantzi handiagoa dauka gure historia hurbilean aztertzeko orduan, nahiz eta hauek ere beren zailtasunak eta arazo metodologiko propioak izan.
Irakaskuntzaren munduan, berriz, urriak dira oraindik ahozko iturriak erabiliz planteatu diren ekimenak, nahiz eta balio pedagogiko handia izan. Jardunaldiotan horretan sakondu nahi dugu, eta hortara animatu gaituzte haien esperientzia azaldu digutenek. Izan ere, Katalunia, Madril edota Baztan aldeko institutuetako ikasleak ahozko iturrien tratamenduan trebatzen aritu dira aurreko urteotan, eta horien ondorioz beren familiaren bizitza eta XX. mendeko historiaren garapenaren arteko lotura estuak ikusi ahal izan dituzte. Are gehiago, ikusi ahal izan dute jende arruntaren esperientzia ezinbestekoa dela historiaren aldaketak ulertzeko.
Horrela, ikasleontzako irakasleak bihurtu dira inguruko zaharrak, eta azken hauek haien iloben ikaste prozesuari esker ikusi ahal izan dute haien esperientziaren balioa. Toki hauetan jarritako ekimenei esker, presentzia publikoa irabazi dute auzoetako eta herrietako bizilagun arruntek. Carmen Ochoa edota Juainas Pual Arzak irakasleek azaldu bezala, aiton-amamak bihurtu dira Alcobendaseko historiari buruzko ikasleek jasotako testigantzekin osaturiko liburuaren protagonistak, Baztan-Bidasoa eskualdeko gerra zibilari buruzko antzeko liburuaren kasuan bezala.
Hezkuntza Ministerioaren aldetik historia tradizionala, positibista eta memoristikoa berreskuratzeko saioak datozen mementoetan, ate zabal bat ikusi dugu jardunaldiotan, historia eta gure mundua hobeki ulertu ahal izateko, ikasleek haien aiton-amamen istorioak era zientifikoan baloratu eta aztertu ahal izateko.