argia.eus
INPRIMATU
Bero-beroan
2021eko uztailaren 19a

Artozki, urtegiaren aurkako erresistentziaren ikur.

Bi aste iragan dira jada Itoizko Solidarioak Artozkira heldu zirenetik eta pentsatzekoa da Nafarroako Gobernua pentsatzen ari dela jada taldea herritik nola kanporatu. Herriak bizirik jarraitzen duela erakusteko ekimen ugari bideratu dute Solidarioek eta Artozki Artezki bilakatuz artista eta herritar ugarik parte hartu du herriaren defentsa sinbolikoan, jakinik sinbolismotik haratago nekez joan daitekeela jadanik urtegiaren urak ate joka direnean.


Euskal presoek astebeteko itxialdiari ekin diote.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa itxialdian da aste honetan zehar eta astebururako komunikazio greba egingo du, senide eta lagunen bisitei uko eginez. Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatu nahi du Kolektiboak eta protesta honen bidez jarri zaien isolamendu politikoa gainditu nahi du. Etxeratek, halaber, jakinarazi du Frantzia eta Espainian zehar egiten dituzten kilometroak Euskal Herrian egingo dituztela, eta Lasarte-Orian bilduko direla. Bide batez, joan den otsailean Juankar Balerdi presoa bisitatzera ziohaztenean auto istripuz hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, presoaren ama eta anaia, omenduko dituzte. Bestalde, Eugenio Irastorza eta Iñaki Jaio preso ohiek -espetxean 19 eta 23 urte pasatu dituzte hurrenez hurren- omenaldiak izan zituzten Elgoibarren eta Ordizian. Lehen unean biak zapuztu zituen ertzaintzak eta gero toki itxietan jarraitu zuten omenaldiek.


Antton Ormazak prest ditu bere memoriak.

Antton Ormaza EAJko 1979ko zatiketaren protagonista izan zenak prest ei ditu jada bere memoriak eta, ‘Izaronews’en arabera, bere gertukoen artean hamar kopia banatu ditu. Edozelan ere, bera hil arte ez ei du memoriok argitaratzeko baimenik eman. Gaur egun Ormazak 80 urte ditu eta garai batean EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. Aipatu Interneteko buletinaren arabera, banaketa eman zenean Ormazaren jarraitzaileetako batzuk gero EAra jo zuten hau sortu zenean eta beste batzuk HBra.


III. Soziolinguistikako Inkesta

Gora egin du euskarazko hiztunen kopuruak Euskal Herrian eta behera erabilerak, Eusko Jaurlaritzak egindako III. Soziolinguistikako Inkestaren arabera. Batez ere EAEn egin du gora, Nafarroan bere horretan darrai eta Iparraldean beheranzko joera nabari da. Aipatzekoa da hiztunen kopurua euskaldun berriei esker handitu dela dezente eta etorkizunerako erronka horiek euskaraz hitz egin dezaten lortzea dela. ARGIArekin batera jaso duzuen gehigarrian aurkituko dituzue Inkestari buruzko datu gehiago.




Etorkizunari begira

Tokiko hedabideek bide oparoa egin dute azken urteetan. «Arrasate Press» jaio zen, hain zuzen, duela hamabost urte eta ordutik hedabide ugari sortu dira herri informazioa lantzeko. Horietako asko euskara elkarteen magalean eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko asmo irmoz. Orain arte egindakoaz eta etorkizunaz hausnartzeko, «Tokiko hedabideak etorkizunari begira» jardunaldiak antolatu ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak azaroaren 28 eta 29rako. Besteak beste, Europan hizkuntza gutxituetan diharduten toki hedabideen ereduak eta Euskal Herriko informazio enpresen garrantzia izango dituzte aztergai.




10 urtez Tinko

Euskarazko filmak ikusteko aukera ezari aurre egiteko sortu zen Tinko euskara elkartea duela 10 urte. Ez da erronka makala izan eta kostata bada ere, bide oparoa egin du elkarteak. Atzerriko filmen euskarazko bikoizketak egiten ditu, haurrei zuzendutakoak batez ere. Guztira, 43 filmen eskubideak erosi ditu Tinkok hamarkada honetan eta ikastetxe nahiz zinema areto komertzialetan eskaini ditu, zineman euskara normalizatzeko lan sendoa eginez.




UPN salatu du berriro Europak

UPN-ren hizkuntza politika salatu du berriz ere Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoak ( EBLUL). Oraingoan Iruñeko Udalari hartutako norabidea berrikusteko eta Eskualdeen zein Gutxiengoen Hizkuntzei buruzko Europako Agirian zehaztutako eredura egokitzeko egin dio dei eta Udalak onartutako ordenantzen aldaketak gaitzetsi ditu. Otsailean Europako Batzordeko hiru aditu Nafarroara etorriko dira, Hizkuntza Gutxituen Agiriaren segimendua egiteko. Agiri hori iaz sinatu zuen Espainiak eta urtebeteko epean hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostena aurkeztu beharra du Estrasburgon.




Ezusteko handirik ez eta jarrerak berdintsu

Ez da ezustekorik izan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak aurkeztu duen planean, eta aktore politiko bakoitzak aurreikusitako erantzuna eman dio. Estatalistak euren tokian izan dira, erabateko arbuiatzea erakutsi dute popular eta sozialistek, azken hauek, lehenak ez bezala, Estatutuaren garapen proposamenarekin etxeko lanak eginda agertu badira ere. Hiruko gobernuko kideek planaren oinarriak sostengatu dituzte, baina argi dago bakoitzak bere ildoari eutsi nahi diola, bereziki Ezker Batuak eta gainera planarekiko distantzia agertzeko. Sozialista Abertzaleek irtenbideen sintesia egitea eskatu du eta hau Euskal Herri osoan kontsulta dadila, honek gatazkarekin amaituko lukeelakoan; behatzaileen begietan ez da oharkabean pasatu ezker abertzaleak oraingoan planarekiko doinu bigunagoa erabili izana. Orain, urriaren 25ean testu artikulatua aurkeztuko da eta, aurrikuspenen arabera, 2004ko irailean Legebiltzarrak onartu beharko du eta 2005ean herritarrek erabaki beharko lukete.




Talde dimisioa irailaren 11ri begira

Hilaren 11n Baterak manifestazioa egingo du eta data hori gerturatu ahala giroa berotuz doa Iparraldean. Azken berotze unearen protagonistak Garapen Kontseiluko 13 kide izan dira, urriaren 30era arte aipatu egituraren zuzendaritza utziko baitute, honek 1992an hasitako prozesua geldirik dagoela salatuz. Oro har, Hautetsien Kontseilua lanerako gune egokia dela azpimarratzen dute, baina hemen erabakitako ildoak erakundeek ez dituztela kontuan hartzen salatu dute. Azken finean, Hautetsien Kontseiluko hautetsi abertzaleek gero eta garbiago dute Garapen Eskeman dauden oinarriak ezingo direla behar bezala garatzen hasi Ipar Euskal Herriak bere departamendu edo berezko instituzioa izan arte.