Ozono-zuloa inoiz baino handiagoa
Hego Poloan gertatzen ari den ozono beherakadak harri eta zur utzi ditu zientzialari eta ikerlariak. Aurreko hamarkadetan ozono-zuloak tamaina kezkagarriak hartu bazituen ere, joera itxaropentsua erakusten ari zen azken bi urteetan.
Zuloa normalki abuztuaren erdialdean hasten da nabaritzen eta urriaren amaiera arte irauten du. Aurten inoiz baino azkarrago hasi da hedatzen eta, irailaren 15era arte, modu kezkagarrian egin ere.
Ozono-zuloa normalean urriaren amaieran edo azaroaren hasieran bere onera etortzen da. Espero dezagun urtero gertatzen den moduan gertatzea aurten ere.
Lurraren berotzea: batzuen eta besteen erantzukizuna
Azken datuek frogatzen dutenez, Australia, Amerikako Estatu Batuak eta Kanada dira pertsonako karbono dioxido gehien isurtzen duten estatuak.
Kanadako eta AEBetako datuak beste batzuekin alderatzen badira, Europako estatuek baino %40tik gora gehiago zikintzen dute. Europako estatuei bagagozkie, Frantzia etengabe eta modu kezkagarrian ari da isurtzen diren gasen kopurua handitzen, eta Euskal Herria Europako estatuen batez besteko kopurutik hurbil dago.
Datuak datu, 1990eko hamarkadan emisioak pixka bat moteldu baziren ere, dirudienez hasi berri den mendean bikoiztu egin da emisioen hazkunde-tasa. Hala ere, hazkunde-tasa Barne Produktu Gordinaren batez besteko hazkundearena baino txikiagoa izan da. Alegia, baliabideei etekin hobea ateratzen zaie aurreko hamarkadetan baino.