Bederatzi urterekin entzun omen zituen lehendabiziko aldiz bertsolariak. Garai hartarako Lazkaomendira bertsotara etorriak ziren Uztapide eta Zepai. Jendaurreko lehen saioa Gorputz egunez egin zuen Legorretan. Hamazazpi urterekin, berriz, Lazkaoko jaietan aritu zen Saiburu eta Basarri kantu lagun zituelarik. 1950. urtean Tolosan bertsolari gazteentzat antolatutako txapelketa batean parte hartu eta lehenengo saria irabazi zuen. 1967. urtean jokatutako Euskal Herriko Txapelketan, laugarren postuan geratu zen Uztapide, Xalbador eta Lopategiren jarraian. Jendaurreko bere azken bertsoa, 1993ko urtarrilaren 24an izan zen, Aita Santiago Onaindia eta Alfonso Irigoienen omenaldian.