Frantziako deszentralizazioa: estatu zentralista eta herrien arteko lehia

  • Frantziako Estatuaren egungo eredua 1791ko Iraultzaren ondorengoa da. Estatu honen izaera, alta, askoz lehenagotik heldu da. Historian gibelera egin, eta Karlomagno enperadorearenganaino joan gaitezke. Inperio izaera, hala ere, Frantziako historian konstante bat da. Monarkia izan edo Errepublika izan, inperioaren ezaugarriak ia-ia gure egunetara iritsi baitira. Luis XIV. erregeak, monarkiaren absolutismoaren ikur nagusiak, «Estatua neu naiz» esan zuen XV. mendean. Anartean, egungo politikan inperio zeneko estatuaren zantzuak agertzen dira. Frantziak joan den mendean galdu zituen bere koloniak. Mendez mende, izenez izen -Napoleon, Pétain, De Gaulle, Mitterrand, Chirac-, Frantziak ez du bere historian gauzatutako estatu zentralistaren izaerarekin amaitzerik izan. Estatuaren izaerak tinko jarraitzen du. Europaren antolamendu berriak aldatuko al du estatu honen izaera edo eredua? Horra erronka!

2003ko irailaren 28an
Frantziaren deszentralizazioaren gaia ezagutze aldera, historia, estatua eta herria kontzeptuen gainean jardun nahi izan dugu. Historia, zuzenbidea eta antropologian adituak diren hiru lagunekin bildu gara kari horretara. Ideologia ezberdinekoak izan arren, historia, estatua eta herrien bilakabidea ulertzeko eta aitzina egiteko, hitza funtsezkoa dela erakutsi digute. Honatx, beren hitzen lekukotasuna eta bilduma.

Frantziako Estatuaren sorreraz eta historiaz aritzea proposatzen dizuegu abiapuntu gisa. 1791. urtean, 1789ko Iraultzaren ondoren, Frantziako Konstituzioa obratu zen. Frantzia Europako estatu zentralistenetako bat bezala joa da egun. Zentralismo honen jatorria jakobinoen -girondinoak garaitu zituztenak- garaipenarekin lotu izan da . Edonola ere, zein dira egungo egoera ulertzeko arrazoi historikoak?

PIERRE BIDART.
Zentralismoaz aritzean baitezpadakoa da historiaz mintzatzea, bistan da. 1789an estatu moldea aldatu eta 1791ean sortu zen eredu zentralista. Estatu honen eredua ezagutzeko bere erro filosofikoak ulertu behar dira, eta horretarako, «Argien Mendea»ren filosofia aipatu behar da. Estatua sortu aitzin «Argien» kontzepzioaren hiru lerro nagusitu ziren. Hauen arabera, orduko gizabanakoa honelakoa zen: gizabanakoak ez zuen erlijiorik, ez herritar nortasunik ezta nortasun sozialik. Kontzepzio hau arrunt abstraktua izanik ere, estatuaren kontzepzioan nagusitu zen. Anartean, jakobinoen eta girondinoen artean gatazkak izan ziren, lehenak garaile atera zirelarik. Baina, hori bigarren mailan kokatu behar da. Inportanteena kontzepzio horiek estatuaren administrazioan nola aplikatu ziren ezagutzea da, baita harrezkeroztik sortu zen kultur politika ere. Zentralizazioa, funtsean, ez da instituzioen politika soilik, kultura politiko baten ondorioa baizik, jendeak kultura hori bi mendez bere baitan barneratu du. Ez dut deus aldatu ez denik erran nahi, baina, funtsean, espiritua duela bi mendekoa bera da. Irakasleak dira etsenplu agerikoena. Irakasleek ez dute egungo sistema deszentralizatzea nahi. Horrek, nolabait, Iraultza garaiko espiritua bizirik dela erakusten digu gaur egun ere.

MANEX GOIHENETXE. Historiaz aritzean historialariok determinismoan erortzearen beldur izaten gara. Hala ere, arrazoi historikoak begiratzen baditugu, Iraultzaz aitzinera ere joan gaitezke. Michel Rouche historialariaren «Clovis» liburua edota Karlomagnoren garaia aipatuko nituzke, eta gure garaira etorriz, Charles De Gaullen «Mémoires» liburua. De Gaullek Frantzia «ezpata kolpez» egina dela erraten zuen. Hots, Frantziako historia eta estatuaren sorrera ulertzeko ekintza militarrak ulertu behar dira. Jendeak zenbatetaraino onartu ditu operazio militarrak Frantzian? Horra galdera. Funtsean, demokrazia bat egin da, baina ezpata kolpez egina eta onartua.
Karlomagnoren garaira itzuliz, kristau erresuma zen eta jendeak Elizaren eta Enperadorearen babespean edo manupean bat egin behar izan zuen. Ideia hori garatu zen. Frantziako Iraultza heldu zelarik, jatorri eta printzipio horiek laiko bihurtu ziren, Errepublikan, berriz ere, estatua arriskuan jarri zen eta denek bat egin zuten. Horregatik, jakobinoen ordez girondinoak -menditarrak bezala ezagutuak-garaitu izan balira ere, ezbaian jartzen dut beste estatu bat sortuko ote zen. Erroak, Pierrek erran bezala, lehenagotik heldu dira.
KOLDO GOROSTIAGA. Pierre-ren abiapuntua egokia da. «Argien» ideiek historian izan duten eragina ulertzea funtsezkoa da. Alabaina, nik beste fenomeno bat aipatu nahi dut. Garai hartan analfabetismoa %90tik gorakoa zen. Jendeak ez zekien bere burua non kokatu. Estatua bakar batzuek sortu zuten. Demokraziarik ez zen izan. Demokraziaren oinarrian jendearen era herriaren hitza dago. Beste gauza bat da kontatu digutena. Adibidez, Jules Micheletek «L'Histoire de la Révolution» liburuan lekukotasun birtual bat eman zuen. Ez zuen Iraultza bizi izan, Iraultza baina, bere «patriotisme»tik kontatua da. Bere ideologia Iraultzaz geroztik sortu eta zabaldu zen, frantziartasuna gorpuzteko balio zuena, ezkerrean nahiz eskuinean izugarrizko eragina izan duena, eta egun oraindik ere baliatzen dena. Historia sentiberatasun horren arabera egiten da oraindik ere. Halaber, Iraultzaz geroztik fenomeno ideologiko bat sortu zen, baina ez dezagun ahantz, ideologia hau Eliza Katolikoaren eskutik heldu zela. Politikak Elizaren ildoa jarraitu zuen. Manexek Karlomagno aipatu du, bada, oraindik ere Europa aipatzen delarik Karlomagno aipatzen da eta sentimendu hori nahi dute sustatu.
Bestalde, jakobinismoa formulazio historiko bat bezala ulertu behar da, hainbat iturri historiko elkarganatu ziren orduan. Frantziako Estatuak une ezin hobeagoa aurkitu zuen: kapitalismoa garatzen eta Elizaren lilura apaltzen hasi zen. Iraultza frantsesa hainbat arrazoi ezberdinen topatzearen emaitza da, berealdiko testuinguruan suertatu eta estatu modernoaren eraikuntza ekarri zuena. Iraultza sobietarrrak -Troskyk esan zuenez- zentralismo demokratikoaren eredua Iraultza frantziarrean hartu zuen. Elementu filosofikoak eta ezpata kolpeak aipatu dituzue. Ados. Kontua da historia kontatzean horiek nola interpretatu diren. De Gaullen memoriak hizpide, Michel Rocard eurodiputatuak Frantzia ezpata kolpez sorturiko estatua dela esaten du, «manu militari» sortutakoa. Frantziako lehen ministro ohi batek aitortzen du hori.

P. BIDART. Manexekin bat nator egungo pentsamoldea «Argien mende»tik baino lehenagokoa dela erratean. XVIII. mendearen hondarrean gauzatu zen zentralizazioa, baina «Argien» filosofiak eman zion falta zuen definizioa. Zenbait gauza zehaztu nahi nuke, hala ere. Gizabanakoak ez zuela erlijiorik, ez herritar nortasunik, ez izaera sozialik erran dut. Frantzian estatua eta eliza bereiz doaz eta horrela etorri dira gaur arte. Alta, gauza bat hasia da aldatzen: gizabanako horiek herritar nortasunak erakusten ari dira, «Argien» garaian eskualdeko edo lekuko ohiturek ez zuten nortasunik ez legitimotasunik. Legitimotasuna eskubide positiboek ematen zuten, hau da, estatuaren eskubideek. Hori da zentralizazioa. Zentralismoak ez ditu eskualdeko ohiturak eta nortasunak kontuan hartu, nahiz, dena erratera, estatuak ez dituen ere eskubideak arras kendu. Errepublikak kantonamendu edo bailaretako hainbat eskubide errespetatu ditu.

M. GOIHENETXE. De Gaullek Frantzia ezpata kolpez egina izan dela erraten zuen, baina gogoeta horren ondoren, estatu honen funtzio historikoak segitu behar zuela ere erran zuen, bestenaz, funtzio hori bete ezean, estatua arriskuan zegoela.
V. Errepublikako Konstituzioa indarrean dago 1958az geroztik. Lehenago, lehen aldikoz, 1946ko Konstituzioak Frantzian dauden errealitate ezberdinak kontuan hartu zituen. Nolako eragina du V. Errepublikako Konstituzioak gaur egun?


K. GOROSTIAGA. 1958an deskolonizazioaren krisi handia izan zen munduan. Ordurako, 1947an, Britainia Handiak amore eman zuen, India eta Pakistan independenteak bilakatu ziren, besteak beste; eta, bestetik, Irlanda ere bai. De Gaullek Frantziaren gaurkotu beharra ikusi zuen, ordura arteko Inperioaren gaurkotzea, orduan Inperioa zen eta egun Komunitatea baita. 1946ko Konstituzioan autodeterminazio eskubidea onartu zen eta itsasoz bestaldean zeuden beste herrialdeei -koloniak- eskubide hori onartu zitzaien. Mundu osoan deskolonizazioaren onarpena eman zen, baina, metropolietan ez da eskubidea garatu izan. Inperioaren aztarnek indarrean jarraitzen dute egun. Europako Konstituzioan ere, berriki egina, «Europa boteretsua munduan» aipatzen da. Horrek Inperioaren zentzua bizirik dagoela erakusten digu. Hortaz, 1958ko Konstituzioa Inperialismoaren ondoko etapa moderno bat da, egokipen historiko bat bezala ulertu behar dena.

M. GOIHENETXE. Ados naiz. Eta areago, IV. eta V. Errepublikak parekatzen ahal direla erranen nuke. Eta IV. Errepublikako Konstituzioa arrunt beltza izan zen Frantziako historian, Inperioko herrialdeentzat oso txarra, alta, amnesiak jota bezala pasa da herritarren artean, eskoletan ez da gehiago erakusten, adibidez. Kolonietan bizi ziren izugarriez oso gaizki informatu zuen Frantziako prentsak, molde gaitzesgarrian. Arazoa historiaren interpretazioan datza. Iraultzari buruzko interpretazioa zalantzan jarri da. Hau da, V. Errepublikako Konstituzioak zein neurrian erantzun dio arazoari eta zenbateraino ez ote duen, garaiaz garai, estatuaren egokitze gisako bat egin? Koldok arazoari erantzutean Inperioaren printzipioak agertzen direla dio. Nik ere Errepublikak betiko moduan erantzun duela erranen nuke. Pierrek «Argien Mendea»ren ideiak eta mezuak aipatu ditu. Horiek kolonietako zibilizazioen mundua, kultura eta etorkizuna argitu behar zituzten, baina ez zen horrela izan. Orduan, kolonialismoaren filosofia militarista mantendu izan da. Autodeterminazio eskubidea heldu zelarik V. Errepublikako Konstituzioak onartu egin zuen, baina eskubide hori kontraesanez betea dago. Batetik hainbat herriei eskubide hori ematen dio, Korsikari, konparazione. Baina, zein neurrian? Korsikak egunen batean Kaledonia Berriak hautatu zuen independentzia hautatuko balu, onartuko ote luke Frantziako Konstituzioak? Duda-mudan jartzen dut.

P. BIDART. Frantziako Iraultzara itzuliz, funtsezkoa da zein kultura politikoa sortu zen gogoratzea. Estatuaren administrazioak hainbat kontzeptu bere egin zituela erran dugu, baita sozializazioa egin zuela ere. Egun, sozializazio hori nola burutu den eta bere fruituak ikusten ditugu. Lehen ondorioa: estatuak jendearen gogoa osatu eta bere gisako kontzientzia sortu du, erran nahi baita, herritarrek estatuko gauzak ontzat hartzen dituztela. Bigarrena: deszentralizazioak herritarrengan mesfidantza sorrarazten du. Konparazione, estatuaren gainean konfiantza gehiago dago hauteskundeen gainean baino. Hau da, Frantzian estatuak legitimotasun osoa dauka, bi mendez hartu duen legitimotasuna. Anartean, bi dira estatuaren baitan sortu diren egitura nagusiak: departamenduak eta komunak edo herriak. Jendeak bi egitate edo entitate horien barnean ikusten du bere burua. Eta bereziki komunetan. Horietan hartzen du parte nagusiki. Jendeak partikularki bere eskualdeko demokrazian sinesten du eta gauzak aldatzeko era bakarra horietan bozkatzea dela uste du.
1800. urtetik 1940. urtera bitartean, Frantziak 9 Konstituzio ezagutu zituen, aldaketa anitz beraz. Inperioa eta Monarkia joan ziren eta Errepublika heldu. Departamenduen eta komunen egiturak ez dira aldatu, deszentralizazioaren historian estatuaren absolutismoa ageri da. 1940az geroztik, Frantziak gerra galdu ondoren, Vichyko Gobernuak Errepublika kendu eta Estatua ezarri zuen Konstituzioan. Vichyko mugimendua (Pétain mariskala buru zelarik) tradizionala zen, Errepublikako egitura kendu eta antzinako probintziak antolatu nahi izan zituen. 1941ean jalgi zen lege dekretu hori, eta hemen, Euskal Herria, Gaskonia eta Biarno izenak erabili ziren probintzia bat osatzeko. Hortaz, Frantziako zentralizazioa eta deszentralizazioaren afera biziki borrokatua izan da. Adibidez, De Gaulle 1969an eta Mitterrand 1981an deszentralizazioan entseatu ziren, baina beti gatazken artean. Eta ez bakarrik estatua zentralista delako, jendeak kultura politiko hori barneratua duelako. Eskualdeko instituzioek ez dute aise deszentralizazioa erdietsiko, eta ez soilik estatuak ez duelako nahi, baizik eta lekuan lekuko herritarren kultura politikoa eskas delako estatuaren deszentralizazioa gauzatzeko.

M. GOIHENETXE. Vichyko garaia gogoratuz, nire buruari usu galdetzen diot zentralizazioa eta deszentralizazioaren eztabaida faltsua ez ote den. Problematika hori faltsua dela, hots. Adibidez, 1940an, Frantzia hain estatu zentralista izanik, nola pasa zen IV. Errepublikatik V. Errepublika izatera? Amen batean aldatu baitzen. Hau da, demokrazia eta estatu indartsua bermatzen zituzten egiturak erori ziren. Nago, Iraultza garaitik edo lehenagotik eraiki zen estatua zenbatetaraino ez ote den ahula, mendrea. Aski da, salbuespenak salbuespen, prefeta aldatzea, estatu burua aldatzea, dena erortzeko. Eredu hau unibertsala al da? Eta beste ereduek, Britainia Handikoak, AEBetakoak -beren alde edo kontra izan, bestalde- zenbateraino indarra ote dute? Zer oinarri dute?

K. GOROSTIAGA. Alegia, oixtian aipatu dugun Sobietare Batasuna Frantziako Iraultzaren ildoan egin zela erran dugu eta hura garaile jalgi eta 70 urte geroago desagertu zen.

M. GOIHENETXE. Hara! Piramidea erori zen.

Deszentralizazioaz ari gara, baina nola ulertu behar dugu deszentralizazioa terminoa? Zenbaiten ustez Frantziako Estatua «deskontzentratua» da. Argitu dezagun amiñi bat puntu hau.
K. GOROSTIAGA. Bi kontzeptuak nahasten dira maiz, maltzurki gainera, eta ez dira antzekoak kontrajarriak baizik. Deskontzentrazioa zentroko boterea periferiara pasatzea da, zentralismoaren adierazpen zorrotzenetakoa gauzatzea. Prefetak eta gobernuaren ordezkaritzak azken muturreraino eramatea, alegia. Deszentralizazioa, berriz, eskualdeko botereak sortzea, Parisko boterea eta lekuan lekuko botereak aurrez aurre aritzea. Gaur egunera etorriz, adibidez, Jean-Pierre Raffarinen gobernuak deszentralizazioaren prozesua prefetuen eskuetan utzi nahi izan du. Deszentralizazioa abiatzeko prefetuak izendatzen ditu, eta honek deszentralizazioa gauzatzeko bilkuretan parte hartzen duten kideak izendatu ditu. Horrela nora goaz, ordea?

Deszentralizazioaren lehen saioa Mitterrandek egin zuen, baina, berehala, Korsikako afera lekuko, hain estatu indartsu eta eredugarria izanagatik ere, deszentralizazioa gauzatzeak nortasun historikoak berpizten zituenaz ohartu zen. Harrezkero, Frantziako Estatuak izugarrizko beldurra dio deszentralizazioaren prozesuari. Korsikaz gain, Bretaina, Okzitania, Alsazia eta Euskal Herria aiduru daude. Estatuak ez ditu bere historian kultura horiek kontuan hartu, eta egun errealitate horiek hor daude, errealitate setatiak.
Deszentralizazioaren ezintasunaren gibelean estatuaren diskurtso triunfalista dago, Errepublika zentralista batena, baina federalista izan zitekeena. Alta, sekula ez du halakorik bilatu. Beharbada, ezpata kolpez eraikia den estatua delako. Egun, ordea, dirudienez, atzera ezinezko prozesu baten atarian gaude. Deszentralizazioa nahitaez burutu behar da.

P. BIDART. Alta, gauzak biziki konplikatuak dira (Koldoren irriak). Oixtian, Frantziako kultura eta tradizio politiko ezberdinak aipatu ditut. Iraganean, Errepublikako ezkerreko alderdiak zentralista zirela erraiten zen, eskuineko alderdiak ez hainbeste. Orain, aldiz, RPR eta UPM alderdietan mugimendu arrunt zentralistak ageri dira. De Gaullek entseiatu zuen erreferenendumak huts egin ondoren, Mitterrandek eta ezkerrak deszentralizazioa bideratzeko legeak sortu zituzten. Funtsean, ezkerrean nahiz eskuinean deszentralizazioa gauzatu nahi duten sektoreak daude, eta aurka ere bai. UPMn ikusten dut ordea mesfidantza handiena.
Deskontzentzazioaz bi hitz. Koldok arrazoi du prefetaren figuraz ari delarik. Prefeta estatuaren pertsonifikazioa baita, eta denbora iragan ahala botere politikoa ere hartu du. Alabaina, Kontseilu Nagusiak sortu zirelarik, 1981tik goiti partikularki, prefetek botere handia galdu zuten. Egun Kontseilu Nagusiek lehen baino gehiago manatzen dute. Prefetak kendu behar direnentz? Ez dut uste hori gertatuko denik. Prefetaren baloreak biziki ontsa finkatuak eta uztartuak baitira estatuaren egituran, eta ez dira aise eta berehala aldatuko. Zer nahi gisaz, erregioak edo eskualdeak indartuko balira, prefetak bere boterea gal lezake. Deskontzentrazioa, beraz, ahultzen joan daiteke eta deszentralizazioa azkartzen, emeki-emeki bada ere.

M. GOIHENETXE. Deskontzentrazioa edo deszentralizazioa? Ez naiz eztabaida teknikoetan sartuko, ez baita nire gaia. Historialari bezala ordea, jende gutxik ezagutzen duen datu azpimarragarri bat aipatuko dut: Frantziako Iraultza gauzatu zelarik Euskal Herriko jende gehiena pozik agertu zen. Orduko agiriek diotenez, Iraultzaren lehen aldian, 1789tik 1792ra bitartean, jendeak Iraultza txalotu zuen, Lapurdiko Biltzarrak Ilustrazioaren eta Argien printzipioak bere egin zituen. Aldaketaren alde zeuden eta bi eskaera egin zituzten: euskararen erabilera normalizatua izatea eta lurraldetasuna onartzea. Ez «Zazpiak Bat», bistan da. Iparraldeko hiru euskal lurralde historikoak egitura batean sar zitezen eskatu zuen Lapurdiko Biltzarrak. Duela bi mende luze eskaera horiek aldarrikatu ziren eta gaur egun ere horiek dira eskaerak. Beraz, deskontzentzazioa edo deszentralizazioa, nahi den bezala, problematika beti bera da.

P. BIDART. Koldok aipatutako analfabetismoaren ildoan segitu nahi dut, analfabetismoak XX. mendera arte iraun baitzuen kasik. XIX. mendeko herritar gehienek ez zekiten leitzen ez idazten. Orduan, eguneroko errealitatea herria edo komuna zen. Horregatik, jendeak udal instituzioei atxikimendua ematen die. Frantzian 36.000 herri ditugu, Europa osoan bezainbeste. Gobernuak ez du sekula herriek hautatutakoa inposatuko, bestela, Frantzian iraultza gisako bat gertatuko da eta. Frantziako errealitatea herrien arteko harremanetan gauzatzen ari da. Inkesten arabera, jendeak ez daki arras zein diren deszentralizazioaren onurak; alta, neurri batean, kontseilu nagusiak zertan diren badaki, eta, batez ere, beren herrien errealitatea ezagutzen du. Herritarrek badakite kantonamenduetan herrien arteko partzuergo edo komunitateak antola daitezkeela, «Communauté de Communes» delakoak, alegia. Hitz batean, deszentralizazioa parlamentuaren eta alderdi politikoen afera da, eta ez dut uste jendearen arrangura horrenbestekoa denik. Problematika ongi ezagutzen duen jendearentzako bai, baina ez hainbeste jende xumearentza .

Frantziako antolamendua, herrietan, departamenduetan eta erregioetan oinarritzen da. Alderdi Sozialista boterera heldu zenean, Mitterrand estatuburu izaki, Deferre Barne ministroaren legeak sortu ziren prefeten boterea gutxitzeko eta deszentralizazioa gauzatzeko. Alta, ez da horrela izan. Zenbaiten iritziz, estatuak eta bere funtzionarioek (Frantziak bost milioi funtzionario ditu) «makina» biziki pisua osatzen dute. Teknokrazia hitza ere aipatua izan da. Zein da zuen iritzia horren guztiaren inguruan?
K. GOROSTIAGA. Zuk erran bezala, estatuaren egitura izugarri pisutsua da. Bost miloi funtzionario logika baten barnean ari dira, Parisko aginduen araberako funtzio publikoa aplikatzen ari dira berrehun urte luzeko praktikari jarraikiz. Irakaskuntzan dugu horren adibide nabarmena. Oro har, oraindik ere armadako diziplina dago Frantzian. Napoleonek funtzio publikoa asmatu zuen, armada gisara asmatu ere. Ez dugu ahantzi behar funtzio publikoetako nagusiek uniforme bat eramaten dutela, eta festa nagusietan armada itxurako festa egiten dutela. Guretzat, kanpotik begiratuta, harrigarria da hainbat funtzionario armadan egongo balira bezala ikustea.

P. BIDART. Hori estatu guztietan baduzu oraindik. Jujeek uniformea dute, unibertsitateko irakasleek, militarrek eta prefetek ere bai. Baina beren lantokietan, kanpoan ez.

K. GOROSTIAGA. Beharbada ez dira menturatzen berekin ateratzera (irriak). Anekdota gisa aipatu dut. Deferren legeek deszentralizazioa abiatu nahi izan zuten, baina berehala deszentralizazio mugatu batean geratu ziren, ez zutela aitzinera joaterik ohartu ginen. Egun, aldiz, estatuaren eragina eta ahalegina nahikorik ez, eta Europaren eragina behar dugu, deszentralizazioa nazioarteko testuinguruari esker edo horren laguntzaz egin beharko dugu, halabeharrez egin ere. Fenomeno bitxia eta ikaragarria da, Europako estatuen artean Frantzia da salbuespena. Gainontzekoek, aldez edo moldez, beren deszentralizazioa egin dute, sakona kasu batzuetan eta neurrikoa bestetan. Frantzia falta da, baina hemendik 10 urtera Europako Konstituzioaren menpean izanen garenez, frantsesei ezinbestekoa eginen zaie deszentralizazioari ekitea. 1981ean ezinezkoa izan zen, artean, ez zelako Europako Batasun politikoa aurreikusten. 1989an ordea, Berlingo goi-bileraren ondoren, frantsesen ikuspuntutik, iraultza bat gertatu zen. Frantziak Europako Batasunerantz joatea onartu zuen eta orain Raffarin lehen ministroak estutasunak ditu beste estatuen deszentralizazio maila erdiesteko.

M. GOIHENETXE. Deferre Barne ministroaren legeak sortu bai, baina bideak moztu ziren. Ados. Baina itzul gaitezen 1979 urtera. Alderdi Sozialistaren agiriak hartzen baditugu, Michel Rocard lehen ministroak idatziak, 1981eko hauteskunde kanpainan erabilitako mezuak «Askotariko Frantzia edo Frantzia anitza» delakoaren aldekoak ziren, eta hainbat promesa ere egin zuten sozialistek. Baina zertarako erabili ziren mezuak eta hitzak? Hauteskundeak irabazteko tresna izan ote ziren? Mitterrandi «Hitza» jan izana aurpegiratu zitzaion. Orduko Europaren testuinguruak ez ote ziela sozialistei deszentralizazioa aitzina eramaten lagundu? Galderak betiere.
Gaurrera etorriz, dudarik gabe, Frantziako estatuari dezentralizazioa edo estatu eredu itxura moderno bat eman beharko zaio, eta aldaketak Europatik etorri beharko du, estatuaren itxura arkaikoa baita.

P. BIDART. Duela bi mende jende gehiena analfabetoa zela erran dugu. Egun alderantziz da, edo jende gehienak badu kultura oinarri bat behintzat. Eta are gehiago, egungo jendearen herri nortasuna ordukoa baino ageriagoa dela azpimarratuko nuke, jendeak herriko usadioak gorde nahi ditu, interes berriak erakusten ditu. Modernitate kontzeptuaren barnean, lekuan lekuko kultura edota nortasuna funtsa hartzen ari da. Deszentralizazioaren aldaketa kontzientzia aldaketa horren eraginez etorriko da. Frantziako estatuaren kontzepzioa gibelka joanen da, baina emeki-emeki, bi mendeetan barneratu den kontzientzia ez baita berehala aldatzen.
Bost milioi funtzionario aipatu dituzu, ni ere funtzionarioa naiz. Funtzionarioak estatuaren zerbitzuan ari dira eta beren espiritua defendatzen dute, estatuaren baloreak bere gain hartuak dituzte, bakoitzak bere tokian, dela Parisko ministerioan edo Baigorriko eskola batean. Beraz, bakoitzak bere interesak defendatzen ditu, eta estatua ere jendearena da.
Alderdi politikoek deszentralizazioaren bidea berengain hartu dute, eskualdeetako jendearen pentsamoldean deszentralizazioaren beharra sarrarazi nahi dute. Baina, konparazione, Akitania erregioa osatzen dutenentzako zer erran nahi du deszentralizazioak? Akitanian hori planteatu eta Akitaniari Zentroko Eskualde izena eman izan diote. Izugarria da. Nola onartu dezake izendapen hori lekuko jendeak? Alta, jendeak onartzen du. Kultura bat da. Gauza bat da estatua eta bere instituzioak, beste gauza alderdi politikoak, eta beste bat jendearen espiritua. Alabaina, deszentralizazioa denen afera da.

K. GOROSTIAGA. Ados. Puntua biziki garrantzitsua eta interesgarria da.

P. BIDART. Izan ere, zein da irakasle batentzako helbururik ederrena? Paris. Paris jende askoren mitoa da oraino ere, zentralismoaren erdigune eta sinboloa. Parisek ondare nagusiak biltzen ditu eta horren aurka ez da aise borrokatzea. Artista batek nekez hautatzen du Baionan bizitzea, eta nekez bilatzen ditu bere ezagutza eta ametsak han kausitzea. Jendearen espiritua ez da hain erraz aldatuko, ez bada bere lurrari biziki atxikia behintzat.

K. GOROSTIAGA. Askotan jendearen ikuspegia baztertzen da, jendea instituzioen errealitatetik landa bizi dela diogu. Orduan galdera da: nork alda dezake jendearen jarrera hori epe labur batean? Bada, hori da hain zuzen ere Frantziako Gobernuak duen erronka nagusia. Problema latza dugu hor. Agintariek eta politikoek orobat ez dute errealitate hori bere gordintasunean onartu nahi, estatuaren egungo ereduak arazoa azalaraziko duelako eta alderdiei elektoralki porrot itzela ekarriko liekeelako. Eskuinak nahiz ezkerrak, Frantziako egungo estatua deszentralizatzeko beharra aipatzen badute, bertako errealitatearen eta Europako errealitatearen arabera, ez dute inolako arrakasta politikorik izanen hauteskundeetan. Frantsesek, beren kultura dela-eta, ez dute hori onartzen. Esate baterako, hemendik aitzina eskualdeetako botereak sortu beharko dira eta gure eguneroko bizitzaren %50 eskualdeko botereen bitartez kudeatu beharko da, horrela eskatzen du Europako fondoaren kudeaketak, eskualdeetan botere sendoa izatea, alegia. Raffarinek badaki hori lehenbailehen lortu behar duela, baina, aldi berean, bere porrot elektorala datorkiola ikusten du. Aipatu dugun kultura politiko horrekin topo egiten du. Fenomeno bitxia da, ezen egungo estatu ereduaren aldeko sutsuenek badakite eskualdeko botereen gaurkotze ahalik eta azkarrena egin behar dela, baina badakite ere, gaurkotzearen beraren ondorioz erabakiaren aurkako altxamendua etor daitekeela, beren jende fidelaren altxamendua gainera, jende horrek ez baitu deszentralizazioa onartzen. Frantses logikak horrela funtzionatzen du, Frantziak jendearen mentalitate aldaketa behar du ordea, eta horretan ezintasun ikaragarria dauka. Europako Parlamentuan behin baino gehiagotan sentitzen dut logika nagusi hori aldatu beharra, haatik, eskuin nahiz ezker frantsesak ikasgelako azken ikasleak bezala sentitzen dira, ezin atzemanik Europa eskatzen eta lantzen ari den logika.

M. GOIHENETXE. Kulturaz eta politikaz aritu zarete, baina Europaz aritzea ekonomiaz aritzea da egun, eta ekonomiaz idatzi den azken dokumentuen arabera, Paris Frantziako basamortua da. Eta ekonomiaren eremutik beste eremuetara hedatu daiteke gaitz hori. Vichyko garaia aipatu dugu, orduko gobernua eta orduan gertatu zena lotzen ditut egungo egoerarekin. Orduz gero, herrialdeen kultura eta bizitza galduz joan dira. Orduan ere, herriaren kultura galdu zelako, probintziak berreskuratu nahi izan zituzten. Beren memorian probintzia zerbait zelakoan, kultura baten arrastoa berreskuratu nahi izan zuten.
Deszentralizazioari buruzko eztabaida teorikoa egiten ari gara, baina begira diezaiogun ikuspuntu praktikoari. Adibidez, Frantziako hedabideek arazoak dituzte meteorologiaren berri emateko: Gaskoina dela, Akitania dela, Euskal Herria dela, ezin dute hiztegi normalizatu bat erabili meteorologiaren informazioa funtsaz emateko. Alta bada, Euskal Herrian, herrialdearen kontzeptuak ez du probintzialismoarekin deus ikustekorik. Jendeak, Atharratzetik Miarritzeraino, herrialdearen nozio bat dauka, herri kultura bizi du, Iparraldeak kultura bat bizi du. Estatua arriskuan ezarri gabe, bistan da.

Politikaren zereginetan amiñi bat gehiago sakondu aldera. Konstituzioaren egungo marko juridiko politikoak aukerak ematen ditu estatu deszentralizatu baten erakundeak gauzatzeko. Erakunde horiek izaera juridiko ezberdindua izan lezakete. Konparazione, «Libre administration» printzipioa aipatu izan da eta Konstituzioaren 72. artikuluak "Collectivités territoriales" aipatzen du. Nola gauza daiteke aukera hori? Arazo bakarra errealitatearekin bat egitean datza? Borondate politiko kontua ote da?
K. GOROSTIAGA. Frantziako Konstituzioak, berriki, bi lege organiko onartu ditu legegintza arloan. Konstituzioaren barnean deszentralizazio hitza sartu da, orduan, deszentralizazioa ez da honezkero alderdi baten estrategiarako hitza. Frantziako Konstituzioaren arabera Frantziako estatu zentralistaren izaera izate historiko bat da, oinarri juridikoa onartua da. Arazoa, neurri batean-edo, 1958an eskaini ziren aukera batzuk oraindik ere erabili ez izanean datza. Egungo Konstituzioak aukera asko eskaintzen du. Frantziako Gobernuak Asanblea Nazionalean gehiengoaren babesarekin kontatuz gero, edozein gauza egin lezake edozein arlotan. Esate baterako, Ipar Euskal Herriari «kolektibitatearen estatus partikularra» onar liezaioke. Hitz horiek legedian idatzita daude, Korsikarako erabiliak jadanik. Borondate politikoa izanez gero edozein gauza egin daiteke. Frantziako Konstituzioa Espainiakoa baino malguagoa da. Espainiako Estatuan deszentralizazioa handiagoa izanda ere, Juan Jose Ibarretxek zailago du bere plana Espainian kokatzea Frantzian baino. Korsika dugu adibidea. Gero, hori gauzatzea besterik da. Korsika Europako planaren barnean aztertua da eta bere izaera onartzen zaio. Adibidez, Nicolas Sarkozy Romano Prodi bisitatzera joan zen, Korsika modu deszentralizatu batez kudeatu beharko delako Europan. Frantziak, printzipioz, estatuaren defentsa eta oreka gorde beharko ditu, baina Korsikarentzako deszentralizazio prozesu bat garatu behar du, nahitaez. Arazoa da nola gauzatu. Lionel Jospinek bere plana bideratu zuen, Matignon plana zeritzana, baina ezin izan zuen aitzina egin. Sarkozyk ere arazo bera du. Kultura politikoa falta dela-eta, Frantzia arazoa da Europaren eraikuntzan, eta frantsesei egia esan behar zaie eta inork ez die egia esaten. Frantziak kultura politiko hori aldatzeko diskurtso sendo bat gauzatu behar du.

M. GOIHENETXE. Kultura historiko politiko hori indarrean dago, bistan da. Arazoa da eskualdeetako nortasuna nola gauzatu estatuan eta Europan, eskualdeetako botereak Frantzian eta Europan nola gauzatu eta kudeatu. Ni Ibarretxeren planaren bilakaeraren zain nago. Ez dakit aurrera eginen duen edo ez, bideratuko ote den ere ez dakigu. Baina horrek oihartzuna sorraraziko du eta gure Iparraldean eta Europan ondorioren bat utziko du.

P. BIDART. Deszentralizaziorako ahal eta bide juridikoak badaude Konstituzioan, arazoa errealitatean ahalbideratzea da. Parlamentuak legeak egiten ditu baina jendeak onartu behar ditu. Hor dago mesfidantza. Alde batetik, estatuaren boterea dago, ahalguztiduna, eta bestetik, eskualdeetako botereak. Eta jendeak ez du arras konfiantza egiten lekuan lekuko botere horietan; arrazoia estatuaren eskuetan uzten du jendeak. Frantzian, estatuak neutraltasunaren balorea bere egin du bi mende hauetan. Beste puntu bat: Korsika. Maleruski, deszentralizazioaren esperimentazioa Frantziako lurralde berezi batean hasia da, Korsikan. Ez da lurralde egokiena, nik uste. Korsika diru laguntzari esker bizi da. Gobernuek plan asko eta bereziak landu dituzte politika bat aitzina eramateko, baina hango demokraziak ez du funtzionatu. Frantzian leporaino daude hango gertakariekin. Erreferendumak huts egin zuen eta gauzak ezin gaizkiago abiatu dira. Hau da, beste leku batean hasi izan balitz jendeak beste gisa batez onartu zezakeen. Hasiera okerra izan da, eskualdeko instituzioek ezin izan dute Parisko botearen ordezkaritza hartu. Nik afera goibel ikusten dut .

Europako birmoldaketa aipatu dugu. Europa berriak Frantziako estatuaren egitura aldatzea bultzatzen du. Nondik etor dakioke presio gehiago Frantziari, kanpotik edo bere barnean dituen espezifikotasunetatik?
K. GOROSTIAGA. Europak nahiz Frantziako eskualdeek bultzatu beharko dute deszentralizazio prozesua. Jokoan dagoena Frantziako Estatuaren iraupena da ordea, oraingo estatuaren moldean behintzat. Arazoa politikoa da. Batzuentzat oraingo estatuaren eredua iraganeko egitura politikoa da, desagertzeko zorian dago, eta lagundu behar zaio desagertze prozesua ahalik eta molde erraz eta baketsuenean garatzen. Hori nahi dugunok XIX. mendeko estatu batek XXI. mendean ez duela ez lekurik ez zentzurik, esaten dugu. Estatua herritartzea nahi dugunon iritziz, estatu hau traba da ekonomia alorrean, baita eskualdeko kultura berpizteko ere. Ultraliberalismoaren kultura defendatzen dutenek, berriz, Raffarin lehen ministroa tarteko izaki, arrenkurak eta arazoak besterik ez dituzte. Izan ere, datorren urtean, Frantziako aurrekontua %4ko desorekarekin aurkeztuko da Europako «Egonkortasun Ituna»ren barnean. Aurrekontu hori ezin izanen da onartu Bruselan, Europako Batzordean. Hor dago koska! Mario Monti komisarioak erran duenez, iraganeko praktikak erabiltzea ezinezkoa da Europa berrian. Estatu batek ezin du industria babestu eta bere logika aplikatu, merkatu irekia da eta lehiakortasuna arauzko printzipioa. Montirentzat ez dago industria indarturik botere publiko sendorik gabe, eta botere publikoa ez da estatuarena, Europarena baizik, Europa bateratu batena da eta estatu politika egiten duenak ez du urrats hori emanen. Ekonomikoki ere estatuaren desagerpena nahitaezkoa da, Europako estatuaren zeregin nagusia orden publikoa taxutzea izanen da.

M. GOIHENETXE. Baina estatuaren desagerpena etorkizuneko gauza da, egokitze prozesuan dago gaur egun. Frantzia, adibidez, ez da oraindik «Colvertismo»tik atera. Bere logikak eta pentsamenduak XVII. mendeko Colver pentsalariaren estrategiaren ildoan jarraitzen du. Colver Luis XIV. erregearen ministroa izan zen, absolutismoaren ikurra. Colverrek estatuaren boterea bultzatzen zuen fermuki, horretarako finantzak gogorki sustatzen zituelarik. Raffarin Colverren filosofiarekin ari da oraindik, nik uste.

K. GOROSTIAGA. Iraganeko kultura politiko hori ez da gainditu, oraino ere keinu guztiak garai hartakoak dira. Hor dago arazoa.

M. GOIHENETXE. Liberalismo ekonomiko hori arkaikoa da, eta anartean, ezkerra ez da gauza izan beste alternatiba bat eraikitzeko.

P. BIDART. Estatu horren logikatik aldendu behar dugu, bistan da. Baina, indartzen ari den globalizazioa aipatu behar da, nahiz terminoa ez dudan biziki laket. Globalizazioak aitzina egin ahala estatuaren beharra azkartuko da. Nahiz eta estatuek ekonomia arloan beren boterea eta independentzia galduko duten Europan, bakea defendatzeko estatuaren beharra izanen da betiere. Gizarte batek estatua galtzen duenean, Liberian ikusi dugun bezala, liskar eta hilketa izugarriak gertatzen dira. Ez dut estaturik gabeko gerorik ikusten, nahiz eta estatuak gero eta egokitzapen gehiago behar izan, ez dut beste biderik ikusten. Estatuaren ondoan erakunde publikoek botere gehiago hartu behar dutela? Ados. Jendearen ikusmoldea eta espiritua munduari irekia dago eta aldi berean bere erroak landu nahi ditu, baina, jendeak, aldi berean, babespen gehiago ere eskatzen du. Beraz, engaiamendua eta konpromisoa biziki handiak dira. Europa azkar bat behar dugu eta botere publikoak ere bai. Montaignek erraten zuenez, botereari ez zaio jendearengandik urrun izatea komeni eta jendearentzako boterea urrun izatea ez da ez goxo eta ez egokia. Jendeak bere inguruan botere publikoak nahi ditu. Europa gizarte bakar bilakatuko da etorkizunean, lege berak izanen dira denentzat, baina estatuek ere azkarrak izan beharko dute. 15 estatuko Europa egitea ez bada erraza, pentsa ezazue 25 estatuko Europa zer izan daitekeen, bakoitzak bere historia politikoa duelarik.

K. GOROSTIAGA. Haatik, estatua botere publiko bezala ulertu behar dugu. Monetarik ez dago, diplomazia eta defentsa ere desagertuko dira, eta nahiz tirabirak izan, ekonomiarena ere desagertuko da. Estatuen rola herritarren zaintza bermatzea izanen da, beren armaden bitartez. Estatuak errepresio sistemaren tresna soil bilakatuko dira. Hori globalizazioaren ondorio bat da. Nik ultraliberalismo horren aurka bozkatzen dut aldiro Europako Parlamentuan. Zuk erran bezala, gure proposamenak Montaignerena izan behar du, ados, baina boterea herriarengandik ahalik eta hurbilen izan dadin. Zoritxarrez, frantsesek botere publiko delakoa beti ulertzen dute alderantziz, estatuari dagokion egiteko soil bezala. Guk, euskaldunok aldiz, botere publikoa herriarengandik hurbil dagoen botere bezala ulertzen dugu. Hegoaldean bi autonomia erkidego ditugu eta zer-nolako botere publikoa nahi dugun frogatzen ari gara. Iparraldean, tamalez, oraindik ez dugu, baina, hemen ere guretzat botere publiko hori nahi dugu. Eta nahi horrek badu etorkizunik, demokratikoena eta kontrolagarriena baita. Alternatibarik badago, ez dugu negarrik eginen estatuak desagertzen direlako. Arazoa da Frantziako estatuak ez duela alternatibarik.

«Guk» esaten duzunean, argitu nortaz ari zaren, mesedez.
K. GOROSTIAGA. Bada, egun, Iparraldean, 1999ko urriaren 9an karrikara atera zen jendea. «Front National»ekoak izan ezik, gainontzeko alderdi guztietako partaideak atera ziren. Han zeudenek honela esan zuten: «Hau Euskal Herria da eta gu Euskal Herriko kideak gara. Euskaldunak gara». Renaud Delizagarairen diskurtsoak hori agertu zuen, denon adostasunarekin. Horra oinarria! Guk alternatiba bat dugu. Iparraldean, gure baliabide eskasekin, eraikitzen ari den prozesua Frantziako beste eskualdeetan ere frogatu beharko litzateke. Ezkerrak horretan erantzukizun historiko itzela dauka.

M. GOIHENETXE. Estatuen afera ez dugu hemen trenkatuko, noski. Estatuaren beharra aipatu du Pierrek, nik bai eta ez, erranen nuke. Nola gerta, bistan da. Estatuak bere hutsak ditu. Estatuak akats ikaragarriak izan ditu Frantziako historian, III. Errepublikan adibidez. Estatuaren eredua suntsitzeko estatu kolpea izan zen. Hartara, estatuaren akatsen aurrean herri dinamikak bere alternatibak erakutsi behar ditu. Frantziako Estatuak ez lituzke bere akats historikoak errepikatu behar, hots, arazoa ezpata kolpez trenkatzea. Esate baterako, Ipar Euskal Herriak alternatiba bat eskaintzen du, ez du beste ideologien gainetik pasa nahi, ez du Vichyko garaia itzultzea eskatzen, probintzialismora itzuli gabe alternatiba moderno bat eskaintzen du eta Frantziako Estatuak badu hor berealdiko erronka.

Amaitu aldera, Estatuekiko herri mugakideen egoera aipatu nahi genuke, Euskal Herriarena, adibidez. Ibarretxe Plana aipatu duzue. Mugaz gaindiko ekimenak gauzatzen ari dira Europan. Baionako ituna (1993an sinatua) mugarria dugu. Haren bitartez Baiona eta Donostia arteko Euskal Eurohiria bideratzen ari da. Euro-erregioen ideia gauzatzen ari da. Nola ikusten duzue bide hori?

K. GOROSTIAGA.
Euskal Eurohiria egitasmoa 1995ean sinatu zen, Alain Lamassoure buru zelarik. Lamassourek orduan egin zituen deklarazioak liluragarriak izan ziren. Alabaina, zortzi urteren ondoren egitasmoa ez da ia-ia batere aurreratu. Baliabideak egon badaude, baina borondate politikorik ez. Ezintasuna dago. Zergatik? Frantsesek mugaz beste aldean benetako espainolak topatzea espero dutelako eta espainolek, berriz, mugaz alde honetan benetako frantsesak aurkitzea espero dutelako. Ordea, bi aldeetan euskaldunok gaude eta gure nortasuna ez da errespetatzen, ez Parisen ez Madrilen. Hor dago gakoa! Egunen batean, lortzen badugu Parisek eta Madrilek mugaz bi aldeetan euskaldunak garela ulertzea, egun ditugun baliabideekin berebiziko urratsak emanen ditugu elkarrekin aurrera egiteko. Baina bide hori estaltzen da. Izugarrizko hipokresia dago. Jean Grenetek eta Odon Elorzak izugarrizko harremanak izanen dituzte, baina funtsean, ez dira gauzatzen euskaldunon izaera ez delako onartzen. Bi aldeetako euskaldunek bidea urratu dezakete elkarrekin. Korsika gaizki hasitako eredu bezala aipatu du Pierrek, Euskal Herria izan liteke eredua.
P. BIDART. Nik, berriz, errealitatera etortzearen beharra ikusten dut. Zein da errealitatea? Europan gauza anitz aitzinatu dira, alta, jendearen begietara horiek ez dira eguneroko gauzak. Gurera etorriz, bi aldeetako Euskal Herrien harremanak zertan dira? Nafarroan, errate baterako, gibelka ari gara, lehen baino harreman gutxiago dagoela atzematen dut. Nafarroako beste aldean ez dira gurekin interesatzen. Festetarako harremanak badira, baina eguneroko aferetarako ez gara hainbeste elkartzen. Baigorri eskualdean Baionara begira daude eta Baztanen Iruñera. Beraz, lan handia dugu egiteko. Elkar ezagutzeko behar handia dago, bi mende ez dira alferrik joan. Bakoitzak geure interesak eta arazoak ditugu Europa egiterakoan, eta horrek ahalegin handia eskatzen du. Konparazione, elebitasuna aitzinatzeko moldea da, baina aldi berean arazo bilaka daiteke. Lekuko bi hizkuntzaz gain ingelesa ikasi behar da, orotara lau lengoaia. Euskal Herriko eredua elitista da Europaren eraikuntzan. Alde batetik ongi da, ados, baina erronka ez da erraza. Eleaniztasuna gutxiengo baten errealitatea izan daiteke, gehiengoa ez da horretan ari. Bestalde, eta finitzeko: elkarren arteko harremanak sustatu behar dira, ados. Baina, egun, harremanak lantzerakoan traba handiena bortizkeria da, bortizkeria den bitartean harremanak ez dira sustatuko. Aipatu ditugun kultura politikoa eta mentalitatea aldatzeko izugarrizko traba da bortizkeria.

M. GOIhENETXE. Gure Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak lehen baino ttipiagoak direla? Horretan ere, bai eta ez. Egia da, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko harremanak murriztu direla. Alabaina, gure arteko harremanak, oro har, Lapurdin eta itsasertzean bereziki, ugaritzen ari dira. Bidasoan gero eta harreman gehiago dago hezkuntza eta ekonomia eremuan. Belaunaldi berriek lau hizkuntzen hautua egina dute eta ikastolatik heldu den belaunaldi berriak bosgarren hizkuntza ikasiko balu, hainbat hobeto.

P. BIDART. Lau ere ez litzateke gaizki (irriak). Ados naiz itsasaldeko harremanez erran duzunarekin.

M. GOiHENETXE. Euskal Eurohiria delakoari buruz, finitzeko, Koldok erran duena egia da, uste baino bitarteko juridiko gehiago dago. Borondate politikoarekin urrunago joan gintezke. Hendaia-Hondarribia-Irun partzuergoa hor dugu. Arazo guztiak ez dira bitarteko horiekin konpontzen, baina nik ez ditut gaitzesten, urrats bat gehiago da. Pierrek indarkeria aipatu du. Eta nik galdetzen dut: zenbateraino ez ote da indarkeria bermatzen borondate politikoaren eskasiarengatik? Adibide bat aipatzearren, zenbaiten ustez euskal departamendua onartzea ETAren estrategiari amore ematea litzateke. Ez dut uste horrela denik. Hori aitzakia da. Ezetzak ez du justifikazio hori merezi. Eskaera hori Iraultza denboran egiten zen eta orduan ez zegoen ETAren indarkeriarik. Borondate politikoa falta da. Nik, nire kultura politikoarengatik, herri ekimenean sinesten dut, herriak aurkezten dituen ekimenetan eta alternatibetan.


Honetaraino gure solaskideek eskainitakoa. Egia zor, Koldo Gorostiagak alde egin behar izan zuen halabeharrez, bere azken hitzak esan ondoren. Beraz, solaskideen azken erantzunak ez zituen aditzerik izan. Gainontzekoan, deszentralizazioaren gaia osatzeko hiru artikulu interesgarri dituzu jarraian. Informazioaren eremua, eta ekonomia eta politikaren mundua ondo ezagutzen dituzten hiru lagunek idatzitakoak dira.
Mahaikideak

Koldo Gorostiaga
Zuzenbidean doktorea

Bilboko Indautxu auzoan sortua 1940an. Hiriburun bizi da. Zuzenbidean doktorea eta EHUn irakasle izana. Egun, EHUk kanporatutako irakasletzat jotzen du bere burua. Eurodiputatua da, Euskal Herritarrok taldearen izenean hautatua. Halaber, Batasuna alderdi ilegalizatuaren kide den aldetik, legez kanpoko eta talde terrorista baten partaide gisa hartua da Espainiako Estatuan. ARGIAri emandako azken elkarrizketan, ez duela bere burua berriro eurodiputatu hautagaitzat ikusten esan zigun.

Manex Goihenetxe
Historialaria eta irakaslea.

Ezterenzubin sortua 1942an. Angelun bizi da. Seaska ikastolen sortzailea eta irakaslea. Historiaz erruz idatzi du: «Les Basques et leur histoire, mythes et réalités», bere bigarren tesia. Ondoren, «Histoire d'Anglet», «Histoire Générale du Pays Basque». Azken honen lau ale argitaratuak daude, laugarrena Frantziako Iraultzaz. Bosgarrena prestatzen ari da. Kultur egile eta eragile, baita politikan ere engaiatua. EHASen sorreran parte hartu zuen, kantonamendu bozetan ABko hautagaia izan da.

Pierre Bidart
Estatutko doktorea eta antropologoa
Baigorrin sortua 1947an. Parisko Sorbonan ikasia. Poitiers, Metz eta Paueko unibertsitatetan irakasle izan da, Bordeleko Victor Segalen unibertsitatean ari da gaur egun. Antropologiako departamenduaren katedratikoa da. Giza-zientzia saileko zuzendaria. Hamar bat liburuen egilea, hala nola «La décadence. Essai anthropologique», «La singularité basque genèse et usages» eta «Régions, Nations, Etats». Casa de Velazquezeko kidea eta Frantziako alderdi sozialistaren aldekoa.

Deszentralizazioa bai... baina
ARGIAk deszentralizazioaren gaineko «iritzi-artikulua» eskatu zidanean, zein hitzetik hortzerako kontua baita orain Frantzian, duda-mudan ibili nintzen, zeren neure buruari ez bainion ikusten afera hori tratatzeko inolako konpetentzia partikularrik. Berehala, ordea, konstatatu nuen hiritar arrunt gisa bederen baneukala iritzia, nahiz eta, beharbada, argumentatua baino biszeralagoa izan.
Dena dela, hasteko, zer da zehazki deszentralizazioa? Larousse entziklopediaren arabera, «deszentralizazioa» terminoak adigai hauxe biltzen du: «Estatuaren estruktura administratiboak organizatzeko sistema da, agintaritza publiko frakzionatukoa, organo autonomiko erregionalek edo lokalek gerotik gerora erabakitzeko botere handiagoa biltzen dutena.
Deszentralizazioak berekin du, interes jeneralaren ondoan, zeinen erantzule estatua baita, bestelako interes-zentro batzuen existentzia ezagutzea, zeinetan, betiere estatuari buruz berdinean, organo autonomikoek bereganatzen baitute gestioa.
Horrela bereizitako interesek oinarri geografikoa dutenean, territoriala esaten zaio deszentralizazioari: horrelaxe da kolektibitate lokalen kasuan.
Deszentralizazioak suposatzen du ezen horrelako agintaritzek estatuarenetik bereizitako baliabide materialak, juridikoak eta pertsonalak izan behar dituztela eta, orobat, beren independentzia eta jarduteko libertatea bermatuko dizkien estatusaren jabe ere izan behar dutela.
Aldi berean, kolektibitate deszentralizatuek estatuaren legeak gorde behar dituzte beti».
Anitz kontzeptu dira arreta jartzekoak:
Estatuaren agintaritza frakzionatua da; erabakitzeko boterea transferitua.
Aitortu edo ezagutu egiten dira interes orokorraz gaindiko interes-zentroak.
Horrela bereizitako agintaritzek baliabideak eta estatusa izan behar dituzte.
Kolektibitate deszentralizatuek estatuaren legeak gorde behar dituzte.
Kondizio horiek batera egokituz gero, ni neu deszentralizazioaren aldekoa naiz guztiz. Erregio bakoitzaren interes ezberdinak eta propioak errazak dira aurkitzen, eta irabaztekoa bakarrik izango dute beti, baldin agintaritza lokalek hausnartuak eta tratatuak badira, baina neurtu egin behar dira, berezitasun erregionalen funtzioan, inplikazio eta atzera-aurrera guztiak. Egia esan, funtsezkoa da interes ezberdinak kontu handiz mugatzea, guztiz arretaz analizatzea esfera lokalaren eraikitzea, zeren hango erabakimena botere transferituek izatetik ezin baita inolaz ere segitu interes jeneralerako kalterik, zein lehentasunezkoa baita arrazoizko estatu orotan.
Era berean, dagozkien hiritarren interesen onerako, beharrezkoa da agintaritza lokalek aipatu afera lokalak tratatzeko errekurtso materialak, baliabide juridikoak eta estatus bat izatea, bai eta, orobat, burutzeko aginte nahikoa ere.
Baldin dagoeneko kondizio horiek guztiak multzoan bilduak badira, gora deszentralizazioa. Kontuak horrela, hiritarra gai izango da hautetsi lokalen afera publikoen gestioaren gainean erabaki edo iritzi arrazoitua emateko, eta haiek, bestalde, ezingo dira berriro ezkutatu estatu urrunekoaren eta gero eta arduragabeagoaren deliberamenduen atzean; bestela, esan, erabakiak gero eta maizago Europari uzten dizkion ez erantzulearen gibelean.
Horrez gainera, hauteskunde-kanpaina lokalei dagokienez, uste izatekoa da deszentralizazioak, era guztietako baliabideak tarteko direla, hautetsi lokalei eskualdatutako boterearen konplimenduan lortutako emaitzen inguruan egingo direla, eta hautetsiak, azken buruan, botoek adierazi dutenaren esanera jarriko direla, zeren ez litzateke egokia «kasua ez da honaino iritsi» esatea.
Deszentralizazioak, baldin aurrera ongi eramaten bada, hautetsiak erantzule egiteko merezimendua behintzat izango du, eta balioko du, halaber, haiek kontzientzia har dezaten hautesleak ere epaile izan daitezkeela, beren interesak ongi defendatzeko baliabideak dituztenek gaizki defendatzen dituztenean.
Beste alderdi batzuk, halaber, iruditzen zait ongi gidatutako deszentralizazio baten kontu positibora pasatuko liratekeela; adibidez, betiere kondizio zehatz batzuen barruan, hiritarrak zuzenean kontsultatuak izateko aukera.
Hona hemen zer datorkidan burura deszentralizazioaz hitz egiten denean. Deszentralizazioak ez du esan nahi estatu zentralak defentsan, osasunean, agian hezkuntzan eta besteren batean bakarrik izan behar duenik eskua edo agintaritza, eta ikuspegi hori ezinbestekoa iruditzen zait.
Nire iritziz, arriskuak ere badira, bai eta saihestu beharreko zepoak ere. Agerikoena desberdintasuna handitzearena da. Erregio guztiak ez dira berdinak ekonomiaren arloan, posizio geografikoan -mesedegarriagoa edo kaltegarriagoa-, eta abar. Estatuari dagokio konpentsazio-moduak aurkitzea, deszentralizazioa bidezkoa eta nahien araberakoa izan dadin.
Gorabehera honen beste alderdi batzuek ere mereziko lukete arreta, hala nola alderdi juridikoak, alderdi teknikoak, ikuskizun duten alderdi politikoen jarrerak... Leku gehiegi hartuko nuke guztiekin.
Berriro irakurrita, artikulua hau ideien nahaspila bat edo zirriborro bat iruditzen zait batez ere, hots, iritzi baten espresioa, ez dakit hau ARGIAk eskatutakoa ote den?
Dena den, bai, ni neu deszentralizazioaren aldekoa naiz, zeren Frantziako erregioek, gure mundu gero eta inhumanoago honetan, zeinetan zentroa, luze gabe, erabat ezin ikusizko bilakatuko baita, hortxe baitute parada beren patu edo zoriak beren esku hartzeko.

Frantziako ohiko salbuespen bat, besterik ez.
Frantziako ohiko salbuespen bat, besterik ez
Deszentralizazioa defini dezakegu hautetsi lokalek problema lokalak tratatzen dituzteneko gobernu-forma gisa.

Alderdi horretatik, Frantziak ongi kokatua dirudi, zeren «lokalki erabaki daitekeen mailetan» errekorra baitauka: udalerriak (37.000), agrupamenduak eta udalerrietako sindikatuak (20.000), erregioak (26), departamenduak (100) eta eskualdeak (300).
Berebat, hautetsi lokal ugariz hornitua dago: seiehun milatik gertu hirurogei milioi biztanleren artean, hau da, hautetsi bat ehun biztanleko.
Alabaina, deszentralizazioa ahula da, ezkerraren nahiz eskuinaren hauteskundeen, aurreko hauteskunde-garaiko eta ondorengo, kexen edo salaketen arabera.
Paradoxa hori printzipio batetik dator: Frantziak herrialde berezitzat du bere burua. Herrialde horretan, estatu zentralak eta haren agenteek ahalik eta botere gehien eduki behar dute, zeren haiek bakarrik baitira gai herrialdearentzat ona zer den definitzeko.
Beraz, nahiago du «deskontzentrazioa», zeren, horrela, lurralde lokalean bizi diren botere zentraleko agenteek bereganatzen dute erabakimena.
Bestalde, Iraultzaren eta Napoleonen agintaldiko «handitasunaren» nostalgia dauka. Izan ere, elementu erabakigarria izan zen orduan zentralizazioa.
Eta estatuko bost milioi funtzionarioei, gero eta ugariago direnak eta hari gogor atxikiak, estatus pribilegiatu eta ukaezina berma diezaien.
Azkenik, mila hautetsik okupatzen dituzte postu giltzarri guztiak Parisen eta probintzian, eta erabakimenezko maila orotan har dezakete esku. Eta, dudarik ez da, deszentralizazioak mehatxatu egiten du abagune handi hori.
Beste hainbat traba ere aise aipa daitezke, baina honako hauxe izango da garaitzen zailena: Parisek hainbat mendetan probintziengan izan duen tutoretza.
Frantziak, beraz, ez du deszentralizaziorako debekurik, eta burutzeko borondate politikoa bakarrik falta zaio.
Noiz gertatuko da hori? Ez dut erantzunik, ez dakit, baina behartua egongo da organizazio territorialak sinplifikatzera eta Europako gainerako herrialdeekin parekatzera.
Hala ere, frantsesen berdintasun-pasioa dela kausa, beste gorabehera bat sortuko da: onartuko al dute asanblada lokalek hartutako erabakirik, baldin arau nagusitik aldentzen direnak badira?
Botere zentrala erne ibiliko da, beste kolektibitateen protesten beldur izango delako batetik; bestetik berriz, kontrolatzen eta bere agenteak okupatuak izaten segituko duelako.
Nekez iritsiko dira, bada, berrikuntza eta kasu partikularren konponbidea.
Adibidez, Ipar Euskal Herriarena. Zer zorte egokituko zaio?
Hobeto identifikatua eta administratua izan nahi du, eta beste departamenduak bezalakoxe bat galdegiten du beretzat. Hortaz, beldur da Frantziako karta administratiboaren errebisio hutsarekin, zeinek bere populazioaren eta lurraldearen %40 soilik hartzen baitu.
Ezkerreko nahiz eskuineko gobernuek bota izan dute atzera aipatu eskaria, aitzakia bariatu bezain sinesgaitzen bidez.
Egiatan, susmo dute Nafarroako eta Euskadiko autonomiek liluratu egingo dutela Ipar Euskal Herria, zein, berez, nortasun eta interes propioak defendatzeko arazoa konpondu beharrean aurkitzen baita.
Europan, Frantzia da autonomiaren eta herrialdearen fragmentazioaren arteko batez besteko neurririk imajinatzen ez dakien herrialde bakarra: kontu hori ongi ispilatzen da Korsikako aferan, zein, mende erdia igaro ondoren, konpontzeko baitago beti.
Aurrekari horrek obsesionaturik, frantses gobernuek uste dute, Euskal Herriko departamendua onartuz gero, berez bezala etorriko dela zazpi probintziak batera hartzen dituen autonomiaren eskabidea.
Eskari hori 1835koa da izatez, euskal nazionalismoa baino askoz aitzinagokoa, eta, anitz jenderen iritziz, horixe da bere nortasunari arras atxikia, baina sezesio ororen etsai den populazioaren nahiak asetzeko modu errazena.
Hala ere, logika ororen kontra, hortxe da gutxiengo baten salbuespena. Multzo horrek independentziarako abantzamendu bat ikusten du horretan, baina neurri horrek lotura berri eta zuzenak sortuko lituzke Parisi buruz.
Antzeko inkoherentzia ikusten da Euskal Herriko parlamentarien artean; nahiago dute beren hautesle parte handi batek zerbait itxaro duela ignoratzea eta botere zentralarekiko harreman onei arretaz kontu egitea.
Azken batean, ez dakigu deszentralizazioak zer ekarriko dion Euskal Herriari. Nolanahi ere den, herrialde horren kasuak bide ematen digu, aztergai dugun subjektuari dagokionez, Frantziako politikaren zenbait alderdi aurkezteko.
Frantzia zentralizazioari zeharo atxikia dago, eta botere zentrala libertate lokalen gaineko kontrol efektiboa bere esku izaten ahaleginduko da.
Autonomia ororen kontrakoa da, eta, horrenbestez, errefusatu egiten du asanblada lokalen ekimenerako fakultateen indargarri izan daitekeen guztia.
Hala eta guztiz, eutsiko dio deskontzentrazioaren beharrari, zeren horrela bermatuko baitu bere tutoretzaren eta bere agenteen rolaren betierekotasuna.
Ondorio gisa, nire iritziz, ineluktablea da Frantziako deszentralizazioa, baina oposizio handiak izango ditu eta ongi aurreikusi beharko ditu konpromisoak.

Deszentralizazioaren ideiaren inguruan
Deszentralizazioaren ideiaren inguruan
Hasteko, gogora ekarriko dugu Euskadiko irakurleentzat Frantzian, estatu zentralaz gainera, hiru maila nagusi daudela kolektibitate administratiboetan: erregioak, Espainiako erkidego autonomoekin konparatzekoak, hala nola EAErekin; departamenduak, diputazioen paretsukoak, eta udalerriak edo hiriak, maiz elkarren arteko komunitateetan elkartzen direnak. Hemen, lurraldeen tamainen edo hedaduren konparazioak daude eztabaidan, baina EAEko entitateek, Autonomien Legea eta Kupo-sistema tarteko, dauzkaten baino aurrekontu apalagoekin, gero baino etorkizun eskasagoekin.

I. Deszentralizazioa Frantzian: zer izan den eta zer den orain

Historikoki, eta hainbat mende eta gero, oso egoera zentralizatua du Frantziak; gaur egun, ziur aski, Europako zentralizatuena. Horrelaxe izan zen erregeek erreinatu zuten garaian, bai eta ondoren ere, 1790ko Iraultzaren garaiko Errepublikan, jakobinoak deituriko diputatuak girondinoei gailendu zitzaizkieneko hartan. Erabaki oro, oso lokalak izan ezik, Parisen hartu izan dira orain arte, edo, bestela gobernuaren ordezkariek hartu dituzte, hau da, prefektuek.

Alderdi Sozialista boterera heldu zenean, 1981. urtean, abian jarri zuen deszentralizatzeko proiektua, aurrez programan jasoa zuena. Ordukoak dira Deferre Barne Ministroaren legeak, 1982tik 1984a bitartekoak. Arau haien funtsa, azken batean, departamendu-mailan prefektuen boterea nahiko nabarmen gutxitzean eta Kontseilu Nagusietako lehendakariak indartzean zetzan, zein, prefektuak ez bezala, maila lokaleko biztanleriak hautatuak baitira.

Gaur egun, hogei urte igaro ondoren, nolabaiteko atzerako bira bat dago, estatuko funtzionarioen presio diskretuaren kariaz. Izan ere, Parisko Ministerio zentraletako delegazioetan (horietan mugitzen omen dira funtzionario «deszentralizatuak»), beren aginduak Parisen jasotzera jotzen dute, eta ez prefektuen ingurura, tokira bertara. Bestalde, kolektibitate lokalak autonomia galtzen ari dira aldi oro, baliabide fiskal ezagatik: parte gero eta handiagoa edo axolakoagoa Parisa itzultzen da berriro, zerga nazionalen bidez. Bistan da, kupoaren alderantzizkoa da sistema.

Deszentralizazioaren 2. olatua Raffarin jaunaren gobernuaren erabakiz heldua da. Bera ere zinez da eboluzio horren aldekoa, eta, ia Frantzia osoan, han eta hemen, pertsonalitate lokalekin gogoeta-saio zenbait edo jardunaldiak antolatu eta gero, finkatuak dira deszentralizazioaren zimenduak. Bigarren uhin honetan, ordea, ematen du estatuaren erregioen aldeko eskumenen transferentziak aurreikusten direla praktikan eta bereziki.

Erregioak

Proiektu honek, orobat, izan behar du «esperimentatzeko eskubidea» kolektibitate lokalen kasuan. Eskubide hori, dena dela, zein baliatu gabea baita orain arte, ongi zedarritua dagoela dirudi, bai konpetentzia berri zenbaiten kasuan, bai kolektibitateen arteko kooperazioetan eta are fusioetan, baina ez hala eszisioen esparruan, eta horixe da hain zuzen Iparraldean interesatzen dena.

Nahiz eta garapenak berak kontsulta popularrak egitea aurreikusi, praktikan ez du ematen bide luzeko kontua.

Kolektibitate territorialek eratu ahalko dituzte beren hautesleen arloko erreferendumak, izaera erabakigarria dutenak, baina beren konpetentziako gaietan soilik.
Legeak (beraz, Parlamentuak) kontsultak egin ahalko dizkie kolektibitate lokaletako hautesleei, baina ez dira erabakigarriak izango. Galdeak kolektibitate horiei dagozkien gaiez izango dira, bereziki beren mugen aldaketen gainean. Adibidez, Euskal Herriko Departamendu bati buruz, nola egin baitute oraintsu Korsikan.
Frantziak proiektatutako disposizio horiez gainera, V. Giscard d'Estaingen agintaritzan landutako Europako Konbentzioaren egitasmoan berean, aurreikusten da, okerrik ezean, Suitzako gisako «ekimen popularreko» erreferendumen posibilitatea, baina, nolanahi ere, Europako biztanle-kopuru handi batek eskatu beharko ditu.

II. Deszentralizazioa: zer izan behar duen

Botore-deszentralizazio zabal bat subsidiariotasun-printzipioa aplikatzea besterik ez da, zein, gainera, espresuki baitago jasoa Maastrichteko Itunean. Kontzeptu horretan, estatuak «erregaliak edo pribilegioak» izeneko botereak bakarrik exekutatu beharko lituzke: defentsa nazionala, barruko segurtasuna, kanpoko aferak, justizia eta legeen aplikazioa, eta, gainerako kasuetan, arazoen aterabidea baliabide finantzarioen mendekoa denean eta kolektibitate lokalek erantzun ezinekoak direnean.

Kondizio horri dagokionez, ez dira «hitza eta pitza» baino haratago joango; honelako adierazpenetan geratuko dira: «Hurbiltasuneko benetako demokrazia behar da, aterabideak ez dira politika nazionaletatik soilik sortuko, energia lokalak libratzetik ere etorri behar dute...». (J. Chirac, Rennes, 1998-12-4). Halaber (J.P. Raffarin, Senatua, 2002-07-4): «Departamendua da hurbiltasuneko politikaren pibota, eta hala berean erregioa koherentziarena».

Benetako deszentralizazioak, teorikoki, Espainiako Autonomien Legearen mugaraino behintzat heldu beharko luke, kupoaren sistema barne dela (Suitzan ere praktikatzen da, EAEn bezala). Besterik ezean, bai behinik behin Alemanian edo Suitzan bezalako erregioen sistema federal batera.

Frantzian, ordea, urrun gabiltza oraindik. Eskuinean, Debré jauna, Asanblada Nazionaleko lehendakaria, oraintsu trufatu dena «deszentralizazioaren aldeko integristez»; ezkerrean, J.P. Chevènement!, jakobinismoa boteretsu dugu gaur ere. Ez da guztiz kontu ziurra baliabide eta pertsonal administratibo beharrezkoen transferentziak aurreikusitako konpetentzien transferentziak beteko dituela, hala berean baldin erabakia bada petrolio-produktuen tasa 2004. urtetik aurrera erregioei afektatzea.

Gainera dezagun, bestalde, deszentralizazioaren ondorioz, identitate lokalek murriztu behar dutela administrazioa, indartsuak diren tokietan bederen, eta kontu horrek dena delako lurraldearen tamainarekin ikustekorik ez duena izan behar duela. Zergatik? Aski da Europan, geure inguruan, begiratzea: identitate-kontzientzia garatuen dagoen probintzietan dago, hain zuzen, garapena sendoen, hala nola Bavarian, Katalunian, Euskadin, Nafarroan, Bretainian eta abar.

Egungo egunean, pentsamenduak ez daude behar bezain helduak autonomiak eta nortasunak bat etor daitezen. Iritsiko da, ordea. Beharbada, 30 edo 40 urteren buruan, Europan, erregio ezberdinen mugaz gaindiko berreratzeen bidez. Kontu hori saihestezina da, zeren bat eta bera baitira edo parean baitoaz arazo propioak norbere eskuetan hartu nahi izatea eta hezkuntzako maila orokorra goratzea.

Lortzeko, koadro administratiboak doi daitezke eta doitu behar dira, biztanleen desirak eta identitateak kontuan hartuta eta zeinahi murrizketa berri kasuz kasu estudiatuta, dela fusioz (Normandia, Alsazia), dela alderantziz, hots, eszisioz (Rhône-Alpeak, Euskal Herria eta Biarno). Zoritxarrez, plan hori ere urrun dago, zeren, integrismo islamikoaren arazoari helduta, ibilbide ongi antolatua eratu dute, eta gure jakobinoek, gaur egun, «communautarisme» hitza hitz gordin bilakatu nahi dute, Errepublikaren injuria.


III. Deszentralizazioa eta Iparraldeko Euskal Herria

Luzeegi joko luke Biarnotik bereizitako Euskal Herriko Departamendu bat sortzea justifikatzen duten arrazoiak hemen xehe-xehe adieraztea: tamaina soberakoa, garapen ekonomiko nahiz kultural hobea, erabakien hurbiltasuna (subsidiariotasun-printzipioa) eta abar.

Guk eskatzen duguna ez da aparteko ezer, baizik eta gainerako departamendu guztiak bezalako bat, baina, hori bai, eszisioz sortua, jadanik Seinerako, Oiserako eta Korsikarako egin den era berean.

Egiazki, gure kasua arras partikularra da Frantziako beste kolektibitate lokal guztiei dagokienez: batetik, gure interesak eta Biarnorenak ia zeharo diferenteak direlako, baina, hala ere, haiekin elkarturik gaude Pirinio Atlantikoetako Departamenduan; bestetik, berriz, mugaz gaindiko kooperazio-posibilitate apartak ditugulako EAErekin.

Identitatearen eremuan, gure kasuan, «Pirinio Atlantiko» hitzak ez du dena jasotzen, eta, beste urrats batean, «Akitaniara» jo behar da, hain hedadura handiko eta hain homogeneotasun gutxiko erregio horretara.

Gaur egungo departamendua 1790. urtean sortua da, eta historikoki Euskal Herriak beti protestatu izan du Biarnorekin baterako uztarri artifizial hori dela kausa. Deszentralizazioaren izenean, Alderdi Sozialistak 1980an, François Mitterrand hautagaiak 1981ean eta geroago Lionel Jospinek, ondoz ondo denek agindu ziguten Euskal Herriko Departamendua, baina gezurra zioten. Egia da, bestalde, modu berean eta ofizialki proposatu zigula 1983 aldera G. Deferrek. Kasu horretan, eskuineko politiko lokalek errefusatu zuten eskaintza. Parisko eskuinari gagozkiola, hark ez dio inoiz generoko adierazpen ozen ederrik aplikatu gure nahiari, eta, berebat, ez du onartu demokratikoki kontuan hartzea Iparraldean gehiengoaren eskaria dela departamendu propioa eratzea.

Entzun dugun guztia «begiak lausotzeko» segidako operazioak dira: Ravail komisioa, Hautetsien Kontseilua osatzea, dela «Prefektura Delegatua» esanez, dela Kontseilu Nagusiaren Zerbitzuak Baionari transferitzea eskainiz, dela Euskal Herriko Konbentzio Espezifikoa (partez) aipatuz eta abar.
Guztiz oraintsu, Deszentralizazioko Entzutegiek modu umiliagarrian errefusatu dute Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren aholkuak, Euskal Herriko instituzio baten aldekoak, aditzea. Eta J.P. Raffarinek ezetz esan digu, «ez dago bereizterik» aitzakia bakarrarekin.


IV. Horrenbestez, zer espero dezakegu guk, teorikoki, Raffarinen «deszentralizaziotik»?

1. Konpetentzien transferentzia? Kontu hori ez dagokigu, zeren ez baitaukagu Euskal Herriko instituziorik.
2. Esperimentatzeko eskubide sonatu horren baliatzea? Bereziki urratsa hemen bezala ulertzen bada, zehazki geuk sortu dugun itxaropena, kolektibitate lokal baten moduko zerbaitena, oraindik ez da Frantzian existitzen. Bitako bat, alegia: benetako instituzioa da, eta, orduan, 107 urtetan, espero dezakegu nolabaiteko berrikuntzaren bat, edota datozen pseudodepartamenduak bezalako pseudoinstituzioa izango da, korsikarrei proposatuaren parekoa (haiek atzera bota dute), eta, kasu horretan, benetako interesa galduko du.

- Onik atera nahi badugu, ezin dugu eskatu eszisioa beste gauzarik, orain arte bezala, eta horri eutsi behar diogu irmoki. Gero gerokoak! Eta horrelako eskabideen lagungarri gisa, mintzaira bakarra ulertzen du Parisko gobernuak, nola baitira manifestazioak, gertaerak eta hauteskunde lokalak.
- Baldin, harrigarriro, Korsikan bezalako erregioa proposatzen badigute, onartzekoa litzateke, jakina. Ordea, Iparraldearen tamaina kontuan izanik, probabilitate urriko kontua ematen du.

- Herri kontsulta bat hemen, Euskal Herriko Departamenduaz? Printzipioz, horrelako subjektu batek ez du lekurik kontsulten eremuan, zeren kolektibitate lokalek antolatuak izan behar baitute, eta, kasua hala balitz ere, Pirinio Atlantikoetako oraingo Kontseilu Nagusian biarnotarrek daukate gehiengoa, eta ez lukete onartuko proposamena.

- Kolektibitate territorialen mugez den bezainbatean, Korsikako kasuan gertatu den moduan, Parisen bozkatutako lege batek bakarrik delibera dezake heri kontsulta (demeurant non décisionnelle). Ondorioz, Korsikako kasua ikusita, presio ahalik eta handiena egitea komeni zaigu guri geuri, mota horretako kontsulta lortu ahal izateko, hau da, Euskal Herria lurraldearen mugen gaineko bozka erdiesteko. Zeren, zergatik izan dute korsikarrek horretarako eskubidea eta zergatik ez dute izan behar euskaldunek?

- Erabakigarria ez izanik ere, aldeko botoak, bistan da, izango luke eragina gobernuaren posizioan. Ildo horretatik, bada, litekeena da eszisiorako bidea urratzea, etor baitaiteke geroko lege bat; gobernuaren ekimenezko legea dudarik gabe, zeren beste bi bideak (Kontseilu Nagusitik ateratako eskaria, iniziatiba parlamentarioko legea) ez dirudi gerta daitezkeenik.

Korsikaz mintzatu naiz. Azpimarratzekoa da hitz hori zer neurritan sentitu duten hemen, hala gazte nazionalistek, nola ez diren hautetsi askok. Euskal Herria gutxietsi duten neurrian artatu dute Korsika, lehenik ezkerreko gobernuak eta gero eskuinekoak. Haien eskabide aski muturrekoak eta nolabaiteko biolentziaren pean daudenak entzun dituzte; bien bitartean, inoiz ez dute aintzat hartzen departamenduari buruzko gure eskari askoz xumeagoa eta beti zeharo baketsua. Horretan, arrisku larria dago, zeren denok deskubri dezakegu geure izaera.

Laburbilduz:
a) Itxura batean, ez du ematen deszentralizazioko lege berriek Iparralderako eta departamenduaren nahirako gauza handirik ekarriko dutenik. Bien bitartean, mereziko du ahal den guztia egitea (praktikan, manifestazio indartsuak) kontsulta elektoral bat lortzeko. Korsikako tankerakoa izan behar du, baina gobernuak posiziorik hartuko ez duena, berriro aurpegia galtzeko arriskurik ez izateko.

b) Oraingoz, departamendu bat eskatzearekin konformatu behar dugu; ez dugu hasi behar beste instituzio bat eskatzen, baldin Euskal Herriko «instituzio» benetako bat erdiesteko posibilitate minimo bat izan nahi badugu. Ondoren, data hori hartuko dugu gerorako.

c) Gerorako, hain zuzen: asebetegarriago den zerbaiten bila joateko, autonomia edo federalismoa, betiere Europako esparruaren barruko eboluzio nagusia mesedeko izango zaigulakoan, litekeena baita Frantzia eta haren jakobinismo menderaezina makurtzea.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak
Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Billy Waters kale musikariari zor zaiona

Londres, 1823ko martxoaren 21a. Billy Waters kale abeslari, biolin jotzaile, dantzari eta aktore herrena hil zen St Giles auzoko benefizentzia etxean, 44-45 urte zituela.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


Eguneraketa berriak daude