argia.eus
INPRIMATU
Baserritik industriara
2003ko irailaren 28a
Goierri eskualdean kokatutako Lazkao herriak 11,4 kilometro koadroko hedadura du. Iparraldetik Beasain eta Ordiziarekin egiten du muga, eta hegoaldetik Idiazabal eta Ataunekin. Ekialdetik, berriz, Zaldibirekin eta mendebaldetik Olaberriarekin. Bost mila biztanle inguruko udalerria Aralar mendiaren magalean eta Agauntza ibaiaren ertzean lekutzen da. Historian zehar jarduera ekonomikoak nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak egon dira. XVIII. mendeko datuen arabera, baserriz zegoen osatuta hein handi batean. Era guztietako barazki eta fruituak lantzen ziren, bai etxerako baita abereentzako ere: garia, artoa, sagarrak, lekaleak, barazkiak, arbia, alpapa... Inguruko mendietan, Urbaraundin eta Iruremendin esaterako, egurra ateratzen zuten eraikin, gurdi, ikatz eta abar lortzeko. Kobre meategiak ere baziren Aralar mendian. Basoan, berriz, ehiza ugari egiten zen: azeriak, erbinudeak, basurdeak, oreinak... Ibaietan ere arrantza asko egiten zen.

Industri sektorearen ahulezia zela-eta, XX. mendeko Lazkaoko nekazaritzak garrantzia hartu zuen. Industri jarduera hiru lantegitara mugatzen zen, aroztegi mekanikoak, eta gurdiak eraikitzeko eta ferrak egiteko lantegiak. 1936ko Gerra Zibila arte egoerak bere horretan jarraitu bazuen ere, iraultza demografikoak aldaketa ekarri zuen. Lazkao Gipuzkoan bederatzigarren postuan kokatu zen hazkunde demografikoaren arabera. Aipatu hazkundea bi faktoreren ondorio izan zen: hazkunde naturala eta inmigrazioa. Euskal ekonomiaren bilakaerak Espainian gainbeheran zeuden hainbat eskualdetako milaka lagun erakarri zituen Euskal Herrira. 1970eko hamarkadatik aurrera egoera egonkortu zen eta biztanleria 5.000 inguruan finkatu zen. 1975ean industri sektore sendoa zuen herriak, guztira 27 lantegi eta 1.098 lanpostu.

Gaur egun, nekazaritza eta abeltzaintza beste maila batean gelditu dira. Jarduera horiek Lazkaomendira mugatzen dira eta biztanleriaren %2 bakarrik aritzen da lanotan. Demografia ikuspegitik egonkortu eta herri industriala eta modernoa bilakatu da Lazkao.