argia.eus
INPRIMATU
Irrifar erdia
2021eko uztailaren 19a

Bertso munduan teoria betekada gehiegizkoa dugula zioen Unai Iturriagak.
Teoriak egiteari utzi eta sentsazioak kontatzeari ekin nahi nion nik. Bizitza plazaz plaza pasatzeak zer pentsatu ematen du eta. Bizitza kalez kale emateak bezalaxe. Azken batean, bertsolaritza gizartearen maketatxo bat da, errimatuz errimatuz mintzo dena.

Sentsazioak dira; pare bat txikikeria, garrantzitsu.

2001.eko Txapelketa Nagusia zen, final laurdenak Etxarrin. Niri egokitutako gaiak, gutxi-gehiago, honela zioen: "Jubilatu zinenetik maiz joaten zara mendira, seme-alabek bakarrik ez joateko esaten dizuten aren. Gaur aldapan gora zoazela, ondoezik sentitu zara". Buruan istorio bat irudikatu, ikusi, eta bertsotara ekartzen saiatu nintzen. Ondo joan zen. Entzuleei kontaketa iritsi zitzaielakoan geratu nintzen.

Handik egun batzuetara, neska batek esan zidan ikaragarri gustatu zitzaizkiola aitonaren bertsoak. Nik ez nion ulertu. «Aitonaren bertsoak», esan zidan ozenago. Nik ulergaitz, buruarekin ezetz. «Bai, aitonarenak, Etxarrikoak». «A! jubilatuarenak!» atera zitzaidan; izan ere, ez zen aitona, amona zen.

Nire buruan amona zen; gona urdin-ilun klasikoa, seme-alabaren baten kamiseta eta kirol zapatila zuri-zuriekin mendian gora.

Sentipen arraroa utzi zidan, jende zenbaiten eta nire istorioak ez zirela guztiz bat ohartzeak, nahiz eta mezuak bi kasuetan berdin balio zezakeen.

Baina, pentsatzen nuen nire baitan, zer arrazoi zuen nire lagun hark, "jubilatu" entzun eta aitona bat imaginatzeko, kantari ari zena, eta lehen pertsonan gainera, neska bat baldin bazen?

Ereñozun, antzekorik gertatu zitzaidan. Gaiak zioen: "Irazu, zu enpresa burua zara eta zu Maialen bere enpresako langilea. Errenta aitorpena egin duzue eta nagusiari dirua jasotzea tokatu zaio, langileari aldiz, ordaintzea". Aipamen generikorik gabe zihoan saioa baina azkenaldera Irazuk "nere kontura mantentzeituzu/ bost ume eta senarra" kantatu zidan. Eta bihotzean zerbait hautsi zitzaidan, krak! Atzean eseri arte ez nuen arrazoia deszifratu. Gero konturatu nintzen, ni, inkonszienteki gizonezko bat interpretatzen aritu nintzela.

Baina, pentsatzen nuen nire baitan, zer arrazoi nuen nik, "enpresako langile" entzun eta gizon bat imaginatzeko, kantari ari nintzena, eta lehen pertsonan gainera, neska bat baldin banintzen?

Neure buruaren kontzientziarik ez nonbait...

Horra bistara atera buruaren sakoneneko geruzatako fosilak. Urteetako sedimentuak.

Azkenaldian arduratzen eta amorrarazten nauen jokaera, biolentoa, injustua eta korapilotsua da.

Bertso afarietan-eta gertatu ohi da. Saioa bukatze aldera, jendea banan bana aipatu eta zirikatzeko ohitura hartu dugu, mahai bueltari jarraituz. Bata halako dela, bestea honako; bataren tripa, bestearen bibotea; hau eta hura. Mahaiaren hurrenkeran ordea, emakumeak tokatzen direnean, halako bertigo batek, txanda-pasa egitera bultzatzen gaitu sarri. Emakumeak aipatu ere ez (laudorioren bat, izatekotan). Ez da, noski, mespretxuz egindakoa; ezintasunez baino.

Sinetsi, bertsolariarentzat ere sentipen gogorra dela ezin asmatu hori. Baina umore tonuan emakume ezezagun bat publikoan zirikatzea arrunt lan gaitza zaigu: ezaugarri fisikoak, lanbidea, juerga edo maitasun kontuak... kontuz, beti oso kontuz.

Gizarteko tabu eta lotsek, emakumeekiko 'korrekzio' behar gaizto horrek, geure barre eragin nahiak eta kontestuko konplizidadeak baino indar gehiago dute.

Egia da, horrelako afari giroetan, ezaugarri fisikoen eta burla txikien bidez lortzen dela nagusiki (gehiegitan) umorea. Akaso umore landuago bat garatzeko aukera izan liteke, bai emakumezko, bai gizonentzat. Edonola ere, ezintasun hau, gizartearen prejuizio eta presioen ondorio izatea da arduratzekoena.

Emakumeari edo edozein pertsonari egin dakioken anputazio gordinena, umorea, barrea ukatzea da. Berarekin, berataz, beretzako... eta deklinabideko kasu guztietan, ezin barrerik ere egina. Algara, irria, zirika, ukapen latzegiak dira. Gaixotasun larria gizarte itxuraz osasuntsu baterako.
Irrifar erdia baino ez dakigu egiten.

Bertsolaritza gizartearen maketa izaki, delako normaltasun horretara bidean, txikikeria hauek ematen dute zer pentsa. Formak, eta kanpoko geruzak aldatu badira ere, geure burmuinek tranpako hondo bikoitza dute.