argia.eus
INPRIMATU
Zerain eta Mutiloako meatzak
2003ko irailaren 14a
Zerain eta Mutiloan aspaldi langile kopuru handiak izan zituzten meatz garrantzitsuak zeuden. Gainera, horietan lanak egiteko trenbide txiki baten berri ere badugu, gaur horren arrasto gutxi gelditzen bada ere. Mutiloako meatzetan 100 langile baino gehiago aritzen zen beharrean, XX. mendearen hasieran. Meatz hauetako lanetarako, trenbideak Liernitik pasaz Ormaiztegiko geltokiarekin lotzen zituen, eta handik Pasaiako portura eramaten zuten minerala. 1947ra arte ibili zen trena.

Bestalde, Zeraingo meatzik garrantzitsuenak Aizpean zeuden, Otaño mendiaren magaletan. Lanak XIX. mendearen erdialdean hasi ziren antza, baina garai oparoenak XIX.aren bukaeran eta XX.aren hasieran izan ziren. Dena den, Aizpeako meatzei buruzko historiako lehen aipamena 1512koa omen da, orduan Fernando Katolikoak Aretxabaletako Otaloratarrei ustiaketa baimena eman baitzien.

Hasiera batean, La Union de Cerain izeneko konpainiak ustiatu zituen Aizpeako meatzak, geroago konpainia ingeles batek. 1933an, bertan behera utzi zituzten. Garai batean armada karlistaren eskuetan ere egon ziren. 500 langile aritzen omen ziren bertan lanean. Aizpea meatz ustiaketak Euskal Herriko zona honetan izan zuen garrantziaren lekuko da, baina ez dago bisitatzeko oso prestatua. Galerietan eta aire librean ustiatzen ziren meatz hauek. Lehengo trenbideen trazatuak, polborinak, perretxiko formako kaltzinazio labe bitxiak, eta beste hainbat gauza ikus daiteke, asko sasiak jota. Ormaiztegira minerala jaisteko, gainera, teleferiko bat erabiltzen zen. Meatzak azken urteetan ustiatzen zituen konpainia alemaniarrak utzi zituen bezalaxe daude orain. Bertan jasotako gauza asko Zeraingo museoan daude.

Zerainen antzinako kartzela ere badago. Bertan pasatzen omen zuten gaua meatzetan lan astunak egitera kondenatutako presoek. Ezin aipatu gabe utzi Larraondoko zerratoki hidrauliko eraberritua, XIX. mendekoa. Uraren indarraz baliatuz, zerrak eta tornoak funtzionatzen zuten, eta Larraondo baserriak zerrategi honetan zegoen beste turbina baten bidez lortzen zuen argindarra.