argia.eus
INPRIMATU
Ustekabeko lilia
Jakoba Errekondo 2003ko irailaren 14a
Udaroko ustekabea izan ohi da. Ezerezetik bezala pare bat edo hiru arra beteko zortena edo gara luzatu eta honen muturrean tronpeta itxurako lili handiak irekitzen ditu, banaka-banaka.
Lycoris squamigera du izena eta baserri eta jauregietako atari eta baratzetan ezaguna da. Askok azuzena deitzen diote, beste genero bateko lorearekin nahasiz (Lilium candidum). Nik ez dut beste izenik ezagutzen eta izenburuko "ustekabeko lilia" deitzea proposatzen dut.
Landare hau lurpeko erraboila handi bat da, oinarrian. Eguzki galdatan bizitzea ez du atsegin, landare handiagoen gerizpe freskoa nahiago. Freskozalea izaki, udazkenean zabaltzen ditu hostoak, porruarenaren antzeko luze eta estuak. Udazken osoan, negu luzean eta udaberrian gozo elikatu eta erraboila haziz bertan jakiak metatzen ditu, ahal duen erreserba gehien osatu, alegia. Gero, uda etortzen denez bero, termometroaren gorakadak ekartzen dio okada: hostaila zimeldu eta galdu egiten du, lurpeko altzoan erraboila soila jasoaz. Udako beroenean azaltzen da, ordea, ezustekoa: euri zaparradaren baten ondoren ezer ez dagoela dirudien lurretik gara muturra agertzen du eta egun gutxi barru belaunetik gora luzatuta arrosa koloreko lore handiak irekitzen ditu. Loreak usain gozo izugarria barreiatzen du eta bat zimeldu ordurako hurrengoa irekia da, dozena erdiren bat edo osatu arte. Niri etxe barruan, ur ugari duen txarroren batean edo, jartzea gustatzen zait lurrina denean zabaltzen baita. Loraldia amaitzean erraboilak lurretik atera eta zatituz ugaltzen da. Etxerako nahi baduzu laster da garaia eta atze hori dantzatu...