Medio Guztietan publizitateak ez du berdin balio. ARGIAn esaterako, orri osoko publizitatea jartzeak 755 euro balio du, Vocento komunikazio sareak argitaratzen duen «Zabalik» aldizkarian berriz 900 euro balio duelarik orri osoko publizitateak. Vocento komunikazio talde bereko «El Diario Vasco» eta «El Correo» egunkarietan orri osoko publizitatea jartzeko berriz, 3.100 eta 5.700 euro bitartean ordaintzen du iragarle batek. Asteko egunaren arabera prezioak asko aldatzen dira. Asteburuan, eta bereziki igandean, garestiago izaten da publizitatea, difusio gehiago izaten dutelako egunkariek egun horietan.
Telebistan antzera gertatzen da, baina egunen araberakoa baino, ordutegiaren araberakoa da iragarkien balioa. Goizean merkeagoa izaten da gaualdeko prime-time orduetan baino iragarkiak jartzea. Telebista kateetan jartzen den publizitateak fenomeno bitxia bizi izan du azken urteotan, prezioak jaitsi egin baitira. 1991. urtean Espainiako Estatuan 2.500 euro inguru balio zuen bataz beste 20 segundotako iragarkiak, eta gaur egun 1.700 euro inguruko prezioa duelarik. Publizitate gehiago egotea izan da honen ondorio garbia.
Irratian normalean kuña kopuruak kontratatzen dira. Diru baten truke, kuña kopuru bat. Euskal Herriko irratietan 20 euro inguru ordaintzen da kuña bakoitzeko.