argia.eus
INPRIMATU
Juan Garayar: «Euskal Herriak dituen mitoetatik batzuei egiten diet hemen aurre»
Pilar Iparragirre 2003ko irailaren 14a
Zure nobela honen ezaugarririk nagusiena?
Mitoekin asko jolasten duela. Mito franko dauzka Euskal Herriak, baina oso oker gabiltza gozoki folkloriko hutsak direla uste badugu. Indar handiko eta kontuzko lehergailu kulturalak dira mitoak. Eta nola nik hitzaren, adimenaren eta literaturaren indarrean sinesten dudan, Euskal Herriak dituen mitoetatik batzuei egiten diet aurre 60-70eko euskal belaunaldiaren biografia heterodoxoa osatzen saiatu naizen nobela honetan.

Zein motatako mitoei?
Adibide gisa, bi aipa nitzake. Francoren heriotzaren 25. urtea ospatzeko xanpain botila hozkailuan sartuta neukala, ETAk su-etena hautsi eta atentatuekin jarraitzeko asmoa zuela jakin nuen. Une horretantxe, xanpainarena ahaztu eta Euskal Herrian bizirik irauten duten mito politiko batzuen inguruan ikertzeko obsesioa sartu zitzaidan. Mito horietako bat Francoren hilezkortasunarena da. Oraindik bizirik omen dago eta horregatik omen gaude gaudenean. Eta nola hori halaxe den, badirudi euskal hiritarrok ezingo genukeela herri bezala ez duintasunik izan, ez benetako demokraziarik eskuratu atentaturik gabe. Bada, mito horri, Bermeoko arrantzale zaharrek sardinaren estrategiaz diotenarekin erantzun diot nik.

Kolokan jartzen den beste usterik?
Asko, gutako bakoitzak ukiezinen ditugun usteak -Jainkoa bezala proletargoa, Euskadiren historia, iraultza, CIAko agenteak, bizitza, heriotza, maitasuna eta beste hainbat- jartzen dira bertan kolokan, eta hortik dator nobelako ironia.