Jakes Abeberri: «Sarkozyk Korsikarentzat asmatu duen formula baliatu nahi dugu zortzi hautetsiok»


2003ko irailaren 14an
Abiapuntu gisa eta Iparraldeko egoera politikoa ulertze aldera, Jean-Pierre Raffarin lehen ministroak aurtengo otsailaren 13an euskal departamenduaren edozein ideiari ezetza eman ziola gogoratzea komeniko litzaiguke.
Eiki. Ezetza Hautetsien Kontseiluak iazko udazkenean prestaturiko testu bati eman zion. Testua, Frantziako Gobernuak deszentralizazioaren harira antolaturiko «La contribution du Pays Basque aux assises des libertés locales» (Euskal Herriaren ekarpena eskualde askatasunen oinarriak eraikitzeko) ekimenaren karietara idatzi zen. Hautetsien Kontseiluko Alain Lamassoure presidentearen gogoeta izan zen, hautetsi gehienek onetsia. Testuak ez zituen abertzaleen nahiak eta helburuak erabat betetzen, baina oro har, aitzina egiteko aspektu global interesgarriak zituen.

Euskal Herriak, lehenik ezagutua eta ondoren aitortua izatea merezi duela zioen testuak, besteak beste. Zertan zetzan testua hain justu?
Testua formula berri bat izan zen. Lamassourek esperimentatzeko eta hurbiltzeko bide moduko bat eskaini zion Raffarini. Hau da, Lamassourek «Ipar Euskal Herrian, azkeneko hamar urteetan, ‘2010 Garapen eta Antolamendu’ eskema lantzen ari gara, eta honezkero, ezagutuak izan nahiko genuke», adierazi zion lehen ministroari. Euskal Herrian deus egin aitzin hemen zer egiten ari garen ezagutu beharko lukeela, alegia. «Saiatu zaitez gu ezagutzen, gero onartu eta aitortu gaitzazu», erran zion. Lamassouren testuak "ezagutu, onartu eta aitortu gaitzazue" lema zeraman.

Jean Pierre Raffarinek ukatu zuen bidea eta, berriz ere, etsipena nagusitu zen. Oraindik orain, Hautetsien Kontseiluko hainbat kidek, zu tarteko izaki, proposamen berri bat aurkeztu duzue. Zertan datza testu berri hau?
Proposamen honek Lurralde Kontseilu bat eta Ipar Euskal Herriaren barruti administratiboa eskatzen ditu nagusiki eta, euskara garatzeko politika plan bat, bertako laborantza ganbera eta unibertsitatea, besteak beste. Testu hau Nicolas Sarkozy barne ministroak Korsikarentzat eskainitakoaren antzekoa da. Sarkozyk, Korsikarentzat Lurralde Kontseiluak sortzea proposatu zuen Bastian. Bada, gure testua Sarkozyk Korsikarentzat eskaini zuen horretan oinarritua dago. Zergatik ez? Hainbat hautetsien eskaintza da, nahiz beste hautetsi batzuek erotzat hartu gaituzten
Testua aztertzeko eskutitz bat helarazi duzue Hautetsien Kontseiluaren administrazioaren bulegora. Zer espero duzue?
Eskutitza Biltzar Nagusiko 76 kideei zuzendu zaie. Gure xedea proposamena aintzat hartzea eta biltzar berezi bat egitea da, Lamassouren testuaren karietara egin zen bezala. Horretarako, 76 hautetsi hauetako 25ek idazkaritzari zortzi kidek prestatu dugun testua eztabaidatzea eskatu behar diote. Lehengo bidean segitzeko molde bat da. Hasteko, eskatu dugun biltzar honi Lamassourek uko egin ez diezaiola espero dut..

Antza, ez da ziur Lamassourek zuen proposamena sostengatuko duenik. Zergatik?
Raffarinek Sarkozyk Korsikarentzat aurkeztu zuen proposamenaren aurka egin zuen, baina Lamassourek ez zion Raffarini aurka egin nahi izan. Gure inpresioa da, hautetsi nagusiak, Lamassoure buruan buru delarik, Pirinio Atlantikoetako Jean- Jacques Lasserre presidentearen nahietara makurtuta daudela.

Jean-Jacques Lasserre da arerio handiena, beraz?
Bai. Hautetsien Kontseiluaren administrazioaren bilkura baten karietara eta Korsika hizpide genuelarik hauxe erran nion Lasserreri: «Ez zaitez Zucarelli izan, ez genuke zu Euskal Herriko Zucarelli izatea nahi». Zucarelli Bastiako auzapeza eta diputatua da. Korsikan uztailean egin zen erreferendumaren proiektuaren aurka agertu zen. Lasserrek, Zucarellik bezala, inmobilismoa eta egungo egoera mantendu nahi du. Areago erran nion Lasserreri: «Hautetsiok adostasunaren bidez aitzinatu nahi dugu, eta gure bidea ez oztopatzeko, mesedez». Berak ukatu egiten du gure bidea oztopatu nahi duela eta Euskal Herriko Zucarelli izatea. Bera «2010 Garapena eta Antolamendu» eskema garatzearen alde omen dago eta, gu, berriz, aurpegi faltsu batekin -bere hitzetan- testu honen bidez euskal departamendua sortu nahia ezkutatzen dugula dio. Beraz, Lasserren oposizio tinkoa dugu.

Zuen testuan Euskal Herriko Lurralde Kontseilua eratzea proposatzen duzue. «Euskal kolektibitatea» sortzeko bide moduko bat izan al liteke?
Ez, inondik inora ez. Honen bidez ezin da, konparazione, departamendu berri bat sortu. Baina aitzina egiteko molde bat da. Iparraldeak, lehen aldikoz, jurisdikzio administratibo bat izanen luke, prefeta bat eta biltzar gisako bat, baina honek ez luke izaera juridikorik. Beraz, urrats moduko honek ez digu bestelakorik sinestarazi behar. Gure proposamena ez da lurralde kolektibo bat sortzeko bitarteko bat. Hau Sarkozyk Korsikarentzat asmatu duen formula da, guk geuk hartu eta baliatu nahi duguna.

Zein da zuen behin-behineko xedea. Zergatik bide hau?
Sinpleki, oposizio gisako bat antolatzeko. Izan ere, Sarkozy etortzen denean -ez dakigu zein elkarrizketa mota landu nahiko duen- nola eginen diogu aitzi? Batera plataformak planteatzen dituen puntuak mahai gainean jarriz? Ongi, arras ongi. Ni ere hor izanen naiz. Ordea, Hautetsien Kontseiluak, joera eta alderdi guztietako hautetsiak ordezkatzen dituena, zer aurkeztu behar du mahai gainean? Ezin da Sarkazyrekin bildu zerbait errealista aurkezteko ez bada.
Lamassourek iazko azaroan egindako proposamenean ez zegoen ere euskal departamenduaren eskaera, baina norabide horretan zihoan, eta oraingo ideia ere norabide horretan segitzea da. Politika egiten jarraitzeko, alternatiba berriak bilatu, landu eta aurkeztu behar ditugu. Eta, halaber, alderdi politikoek, gizarte mugimenduek eta abertzaleek beren bidean segitu behar dute. Bien bitartean, Hautetsien Kontseiluak beste bide bat urratu behar du, gizarte zibilaren beste bideekin osagarria izan daitekeena. Baina, gurea, finean, emeki-emeki aitzinatzeko molde bat da, eskailera bateko beste maila bat igotzeko proposamena. Oraingoz ez dago beste biderik.


Bien bitartean, Nicolas Sarkozyren etorrera espero da. Nola ikusten duzu Sarkozy Iparraldeari begira?
Sarkozyrentzat, irudiz, Korsikakoa berebiziko arazoa da, biziki inplikatu da Korsikako aferan. Alta, erreferendumean izandako emaitzarekin alimaleko zartada hartu zuen. Aitzitik, Sarkozyk ez du Iparraldean aparteko arazorik ikusten, ez benetako arazorik bederen. Nire ustez, etortzen bada, hautetsiak entzunak izanen gara. Ez duela «euskal arazoa»rekiko taburik erakutsi nahiko digu, Korsikan erakutsi duen bezala. Elkarrizketaren alde agertuko da, eta horri ez zaio uko egin behar. Pentsa, Chevenementekin elkarrizketatu baginen, Sarkozy ez da bera baino okerragoa izanen. Hautetsien Kontseiluaren jarrera ez da abertzaleena edota Baterarena, gure jarrera eta eskaera apala da, apalena. Guk ahal duguna egiten dugu, eta egiteko horretan, abertzaleok gutxiengoa garela gogorazi behar dugu. Irudi du, nahi duguna egin dezakegula, baina ez da inola ere horrela. Demokratak garenez gero, horrela uste dut, besteen jarrerak onartu behar ditugu, aliatuak bilatu eta haien nahiarekin kontatu. Batera ere, horretarako sortu zen, besteak beste.

Azkenik, Batera urriaren 11n manifestazioa antolatzen ari da, iaz bezala. Abertzale batzuek manifestazio hauek zalantzan jartzen dituzte. Merezi al du manifestazio hauek egitea?
Bai, dudarik gabe. Guk abertzaleok bi aldarrikapenak bultzatu ditugu: euskal departamendua eta euskararen koofizializazioa. Batera sortu ondoren bi eskaera gehiago dira: laborantza ganbera eta unibertsitatea. Bidea interesgarria da. Departamenduaren alde arras ez zeudenak, epelak zirenak eta direnak, Bateran bildu dira. Indarren gehitze hau ez da lau eskaera hauen onarpen erabatekoa. Ezin da «bi gehi bi lau dira» beti esan. Ados. Baina manifestazioek gizarte zibilaren sostengua neurtzen laguntzen digute, baita Bateraren errealitate soziala ezagutzen lagundu ere, hots, gure benetako indarra zein den ezagutzen. Ez bagara manifestatzen ez dugu hori sekula jakinen, politikoki ezin dugu indar birtual gisara agertu. Baterak egiazko indarra bilakatu behar du.

«Batasuna Ibarretxe planaren erabat aurka azaltzea triste atzematen dut»
Urte bat joan da Batasuna ilegalizatu zutenetik. Nola ikusi duzu urte honetan Batasuna?
Abertzale eta demokrata naizen aldetik ilegalizazioaren aurka nago, jakina. Demokraziaren historian ez dugu halakorik egundo ezagutu. Ni Hegoaldekoa izanez gero, debekatu izan diren plataformen alde bozkatuko nukeen. Alabaina, Batasunak mantentzen duen jarrerarekin ez nator bat, gainontzeko abertzaleengandik gero eta aldenduagoa dago, finean, espainolek nahi dutena egiten duelarik. Ibarretxeren planari dagokionean, esaterako. Ez da panazea, bistan da. Baina egoera desblokeatzeko plan bat da, hasteko PSOE mugiarazi duena. Maragallen proposamena hor dago, bestalde. Orduan, Batasuna planaren erabat aurka azaltzea triste atzematen dut, ez dut planaren jarraitzaile sutsuak izan behar dutenik erran nahi, baina, Batasunak, gutxienez, alternatiba bat aurkeztu beharko luke eta elkarrizketa ere bilatu egungo egoeratik ateratzeko.

Iparraldean, berriz, nola ikusten dituzu AB eta Batasunaren arteko harremanak?
Batasuna sortzean, HB Batasuna bihurtu nahi izatean, Batasunak proiektu global bat garatu nahi izan zuen Iparraldean, baita AB alderdi horretan sartu ere. ABk, hala ere, hastapenean, ez zuen bidea guztiz errefusatu. ABko 300 kidek egoeraren bilakaera aztertu eta Iparraldean Batasuna ABren baitan gelditzeko aukera proposatu zien hemengo kideei. Batasunak, aldiz, hori debekatu zuen eta AB Batasunan sartzea proposatu zuen. Proposamenak bozen %27 erdietsi zuen, eta guk, ABk, % 63. Ondorioz, eta zoritxarrez, Iparraldean beste alderdi abertzale bat sortu zuten ezker aldean. Egoera tamalgarria da.

Iparraldea ezker abertzalea batzeko abiapuntua izan al daiteke? ABk lagundu dezake horretan?
Nekez. ABk alderdi abertzale guztiekin harremanak sustatu nahi ditu, Batasunarekin barne. Baina Batasunarekin harremana garatzea ez da ezker abertzale osoarekin harremana garatzea. Aralar ere ezker abertzalea da eta harremanak ditugu. Abertzaleok hainbat premisa argi izan behar ditugu: hala nola, abertzaletasunak Iparraldean bere berezkotasuna daukala, Frantzia ez dela Espainia. Gure azken mendeetako historia ezberdina da, Hegoaldeko eta Iparraldeko mentalitateak ez dira berak. Hemen abertzaleak gutxiengo bat gara, hegoaldean gehiengoa. Beraz, alderdi bakarra zazpi lurralde historikoentzat sortzea zientzia fikzioa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


"Sionistek palestinarrak erreserba batzuetan edo beren lurretatik kanpo nahi dituzte"

Maulen eta Baionan egon berri da Pierre Stambul, Palestinaren alde dabiltzan kolektiboek gomitaturik. Judu laikoa eta nazien genozidioa hurbiletik ezaguturikoa da, bere amaren alde guztia deuseztatu zutelako. Erresistente komunistak zituen gurasoak, aita Manouchian talde... [+]


Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


Eguneraketa berriak daude