argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2003ko irailaren 14a

Barbara Dührkop, Enrique Casasen alarguna eta PSOEko eurodiputatuak «El Diario Vasco»n: «Inuzenteki, ezin dut imaginatu terrorismoaren biktimei gure senide maiteen hiltzaileen familiartekoen bidaiak ordaintzea eskatu ahal izatea. Pertsonalizatu egingo dut: nire senarraren hiltzailearen konplizea Santoñan (Kantabria) ‘hurbildua’ dago. (Eta, seguruenik, datorren urtean Donostiako kaleetan agurtu ahal izango dut)».


Hilaren 6an ezezagunek eragindako sutearen ondorioz, Errenteriako PSE-EEren egoitzak kalte handiak izan ditu. Astelehenean, PSE-EEk deituta, protesta bilkurak egin ziren Errenterian kale borrokarekin lotu den eraso hau salatzeko.


Euskal Preso Politikoen Kolektiboak espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten 99 presorentzat hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskatu dio Entzutegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari. Kolektibo honek hirugarren gradua eskatzen duen lehen aldia da. Orain arte 99 preso hauei etengabe ukatu izan diete baldintzapeko askatasuna.