Pitinka-pitinka, baldin norbaitek konponbiderik jartzen ez badio, hots, instituzioek, hautetsiek, politikoek edo sindikatuek, Ipar Euskal Herria bilaka daiteke basamortu industrial, eremu abandonatu, eta gera daiteke gure herrialdeko iparreko lurralde horietako ekonomia erabat turismoan -alfer-alferrik?- funtsatu nahi dutenen esku. Izaera nazionaleko etorkizuneko zeinahi proiektuk berez behar ditu, turismoa eta hirugarren sektorea ez ezik, beste hainbat, hala nola arrantzakoa, laborantzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta industriala. Eta, hain zuzen, eredu sozioekonomiko horixe dago kinka larrian.
Iparraldean, krisian ziren jada arrantzako, laborantzako eta abeltzaintzako sektoreak, eta orain sektore industriala bera ari zaie bizkor baino bizkorrago lotzen. Urtebete eskasean, enpresak itxi direlako edo plantillak murriztu, industriako 700 bat enplegu suntsitu dira: Ruwell (355 enplegu), Gema (80), Chupa Chups (60), Safam, Lauak, ADA, Etxandy, eta abar. Eta beste ehunka batzuk zeharo kolokan daude, hala nola ARCCkoak (140), enpresa kiebran eta judizialki interbenitua dago, eta Bonnet Nevek (478), 250 enplegaturen laneguna murrizteko espedientea hasi du. Bestalde, gogoan izan behar da Iparraldeko enpresa nagusi gehienak (hemeretzitik hamahiru) multinazionalen esku daudela. Eta badakigu, jakin, nola funtzionatzen duten, zeinen erraz irekitzen eta ixten dituzten instalazioak, interesen arabera. Gaur egun, pastel gozoa da Europako ekialdea!
Arrantza eta lehortea. Hegoaldean, heldu zaigu arrantzako kanpainen balantzea egiteko garaia, eta ondorioa da aurtengoak historiako okerrenetakoak izan direla. Berdelak eta antxoak huts egin dute gehien, baina hegaluzearena ere ez da ona izan; hegaluzeak ihesi ibili dira gogoz. Prestige ontziko galipotaren gorabehera bakarrik ote da, edota ez ote dugu planteatzen hasi behar zer neurritaraino ari garen ahitzen arrantzako baliabideak eta ez ote zaigun komeni lanuzte biologikoak egitea?
Laborantzako eta abeltzaintzako sektorean, bero itogarriaren jipoia ezagutu dute aurtengo udan: animalia asko hil du beroak, negurako bazka aurrez kontsumitu behar izan da, zenbait uzta galdu egin da, eta abar. Horrek guztiak balio bat du dirutan, eta larriak izan dira erregistratutako galerak. Administrazio publikoek aztertu egin beharko dute egoera, eta konpentsazioko formularen bat aurkitu beharko diete familia erasanei, sindikatuak eskatzen ari diren moduan. Eta, batez ere, prebentzioko neurriak aztertu beharko dituzte, geroko beste berote handiren batek honelako hondamenik egin ez dezan.
Bien bitartean, Ezkerraldeko enpresa historiko inportante batzuk, hala nola Babcock Wilcox, BW (hil honetan jakingo dugu zein den eroslea) edo La Naval, lan kargarik gabe dabiltza, Korearen konkurrentzia handia aurrean dutela... eta etorkizunean zer gertatuko ez dakitela iritsi zaie iraila. ACBk, Bizkaiko Labe Garaiak enpresa historikoaren ordezkoak, iragarria du enpleguaren erregulazioa, baita Nafarroako VWk ere. Gure sare industrialeko multinazionalak mugitzen hasiak dira Europako ekialdeko negozio aukeren usainera, eta berehala mehatxatzen dituzte langileak "ihesarekin" eta alde batera uztearekin. Jakina, beren eskariak gutxi ditzaten, lan gehiago egin dezaten eta gutxiago kobra dezaten. Horixe da orain bertan Gasteizko Mercedesen kasua.
Hobetuzek etorkizunik ez. Hobetuzek, EAEn langileen prestakuntza jarraituaren ardura duen erakundeak, jai du aurrerantzean. Lehen ere etorkizun gabea zen, gure subiranotasun nazionala baliatzeko eskurik gabe segitzen dugunez gero, Madrilen edo Parisen interesen mende segitzen baitugu. Prestakuntza jarraituaren kasuan, Espainiako Gobernuak dekretu bat onetsi zuen, eta, haren bidez, Espainiako patronalaren (CEOE eta CEPYME) eta sindikatuen (CCOO eta UGT) esku utzi zuen prestakuntza hori. Horretan ere zentralismoa sagaratu zen, eta, orobat, lanbide heziketako kuotaren kutxa bateratua, zeinen bidez enpresek deskontatu baitezakete Gizarte Segurantzako kuotatik langileen formaziorako jartzen dutena. Kontuak horrela, euskaldunok urtero lanbide heziketako kutxan jartzen ditugun 45 milioi euroak Espainiako patronalak eta sindikatuek gestionatuko dituzte. Beraz, patronalak, sindikatuek eta Gasteizko gobernu hirukoak indarrak batu beharko dituzte, Hobetuz patronatuak eduki erreala izan dezan eta gureak diren baliabide ekonomiko horiek kudeatzeko tresna izan dadin.
Cancún eta Globalizazio Antikapitalista. Egun hauetan, 10etik 14a bitartean zehazki, Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) Mexikoko Cancún hirian egingo du urteko gailurra. Bilkura horretan, aurrerako beste urrats batzuk egingo dituzte globalizazio kapitalistan, multinazionalen zerbitzura: lan bizitza laboral luzeagoa, babes sozial eskasagoa, prekariotasun handiagoa eta errepresio larriagoa. Hala eta guztiz, denek ez dute amore ematen horrelako printzipioen aurrean. Globalizazio antikapitalistaren dinamikari jarraiki, mundu osoko milaka pertsonek mundu humanoago, solidarioago, bidezkoago eta ekologikoagoa posible dela adierazten duen lekukotasun garbia utziko dute Mexikon.