argia.eus
INPRIMATU
Etxetik kanpo
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Ematen ditugu, gure aurrekoek ez bezala oporretako zenbait egun. Neurriz halere, visa txartelak sukarra izaten baitu motzean gurean. Eta hor ibili gara traineru estropadak ikusteko irrikatan, tabernaria ETBko kanal internazionala jarri diezagun konbentzitzeko eginahaletan. Egia esan, estropada borrokatuenak ere, gureak besteren txoparen ondotik ikustean ez digu onik egiten. Oriotarrak han eta hemen, gu bezalaxe etxetik kanpo dabiltza banderaren bat irabazi ezinik. Etxekoak "porrai" eta asturiarrak etxean. Puntako koadrilatan, sanjuandarrak ditugu etxean hazitakoekin dabiltzan bakarrak aspaldiko uberari jarraituz. Eta galiziarrak, errumanoekin batera Kantabriako Astillero handi egiteaz gain, Vigoko urek zaildutako arraunlariak badirela erakutsiz. Aurki, gureetan ere ale bat baino gehiago ikusiko dugulakoan nago. Euskal gunea genuena, arriskuan. Ekipo deitzen diote orain koadrilari. Eta hankakoari marka. Marka da bai, arraunlariari bogador esatea. Gaitzerdi banderak herrira ekarriko balituzte. Baina kia, ez bat, ez bestea gure visa txartelak sukartzen baitzaizkigu kalma txitxan ere. Marea bizitan itoko zaizkigu gogoak eta hotzak gailenduko ez baldin badugu gurea zaintzen. Kontxa zain. Eta portaletasen trabiesak euskaraz.