Ebroren igurtziak


2003ko irailaren 07an
Txangoa herriko plazatik hasiko dugu. Bertan, maldan behera joan eta lehenengo errotondan aurrera jarraituko dugu. Ardo upategiak errepidearen bi albotara utziko ditugu. Berehala, bidegurutze batera iritsi eta ezkerreko bideari ekingo diogu Ebrora hurbilduz. Eskuinean, ibai inguruan basoa edo zuhaitz lerroa dugu; makal, zurzuri, sahats, zumar eta lizar hostoestuekin. Azken hau, lizarraren berdintsua da nahiz eta, izenak dioen moduan, hosto estuagoak izan. Ezkerrean aldiz, ibaiak higaturiko hormak ditugu. Berak milaka urtetan zehar utziriko harri, harea eta hautsak berriro aztarkatu ditu. Lurzoru biluzi honetan, ezkai, erromero eta otaberez osaturiko sastrakak tartekatzen dira. Lur-jausiak sarri gertatzen direlako, ingurune ezegonkorra da. Zulotxo borobilak ere ugariak dira eta bertan bizi diren hegaztiak guztiz deigarriak. Erlatxori, Martin arrantzale, argi oilar eta karrakekin batera koraziformeen ordenako hegaztiak dira. Talde tropikala izan arren, batzuk bertan bizi dira eta beste batzuk uda igarotzera datoz. Erlatxoria, esate baterako, uda partean gerturatzen da Ebroko ingurura. Forma bitxi eta kolore deigarrikoak dira guztiak. Erlatxoria taldekoia da eta goizalde eta ilunabarretan, ibai honen ertzetako zuloetatik ateratzen ikus dezakegu.

Aurrerago ibaiak utzitako sedimentuek terrazak eratzen dituzte eta lur hauek oso emankorrak dira. Lur arin eta gozoak erraz ureztatu daitezke ibaiko urekin. Askotan, ur hau bera, pestizida eta ongarri mineralez lepo egoten denez, ez da baratzerako ezertxo ere falta.

Ibai ertza jarraitu eta makaldietan sartuko gara. Urak izandako gorabeherak bidea tontor eta zuloz betetzen du. Gune aldakorrak izaten dira ur ertzak. Ura bera gai dinamikoa baita eta ingurune guztia dinamizatzen du bai izotz, euri, lurrun edo ibai modura ere. Gizakiari ahaztu egiten zaio ezaugarri hau, eta ibai ertz guztiak berdindu eta kolonizatu nahirik milaka deskalabruetan erortzen da. Baina ibai ertz naturaletako gorabehera hauetan ibili besterik ez dago indar horretaz ohartzeko.

Ingurune basati hau atzean utzi ondoren, gizakiaren arrastoek muturrean kolpatuko gaituzte, ibaia alde batetik besteraino presatua dago. Presagain edo uharka alboan atseden-lekua dago, mahai, eserleku eta parrilekin. Ibaian gora jarraitu eta lertxun eta gereziondoak alboan utziz, hurrengo bidegurutzean maldan gora joko dugu, ezkerretara dagoen mendixkara igotzeko. Hemen, gero eta gutxiago landatzen diren olibondoak, amandaondo edo almendrondoak aurkituko ditugu. Mahatsa bihurtu den maukarekin oliba eta almendrak ez dira hainbeste ekoizten eta lur gehienak mahatsondoarekin ustiatzen dira.

Mendixkaren gailurrean sastrakadia dugu ezkai, erromero eta otaberaz eraturikoa. Bertan, sugeen mudak topatu genitzake eta zorte apur batekin sugeak beraiek. Monpelierreko sugea eta eskailera sugea dira aurkitu ditzakegunetako batzuk. Lurzorua ongi miatu ondoren sugerik aurkitzen ez badugu paisaiaz goza genezake. Egindako ibilbidea ikusi eta ibaiaren meandroez, edo norabide aldaketa bortitzez ohartu eta ibaiak bere ibilbidean uzten dituen irlak ediren.

Mahastietan zehar jaitsiko gara hasieran utzitako bidearekin bat eginez. Ardo upategi eta etxe artean herrira itzuliko garA.

Monpelierreko sugea eta erlatxoria
Txango honetan topa genitzakeen ornodunen artean bi nabarmendu nahiko nituzke, lehena alai eta taldekoia eta bigarrena, beldurgarri eta bakartia. Biak liluragarriak.

Lehenari, erlatxoriari (Merops apiaster, gaztelerazko abejaruco) ikusi orduko nabari dizkiogu milaka kolore. Hegazti honek kopeta zuria du betaurreko beltzekin, kokots horia eraztun beltzarekin, bular eta sabela urdin-berdeak, bizkar horia, txapel gorria, hego punta zorrotzak urdin eta gorriak ertz beltzekin eta buztan erroboideoaren gailurrera iritsi aurretik bi luma gailentzen dira. Mokoa luzea eta behera okertua du. 30cm-ko luzera duenez, erraz ikusten da eta oraindik bereizten ez badugu, kontuan izan taldeka agertzen dela eta Nafarroa eta Araba hegoaldeko ibai ertzetako lurretan topatuko dugula uda partean.

Lur biluzi edo hareatzetan zuloak eginez eraikitzen dituzte habiak. Bien artean eraikitzen dute, arraren eta emearen lanarekin, alegia. Urtean behin, 6-7 arrautza zuri jartzen dituzte, 26mm-koak. Biak arduratzen dira arrautzak bero mantentzeaz 20 egunetan zehar. Txitoak nidikolak dira, hau da, itsuak eta lumarik gabeak, biluziak, eta gurasoak elikatu behar dituzte. 20-25 egun barru lumekin hegan egiteko gai dira. 48 hilabetetan zehar gaztetxoa da kolore apalagoekin, heltzean, koloreak bizitu eta ugaltzeko gai izaten da.

Hegan doala harrapatutako intsektu handietaz, sorgin-orratz, eltxo, liztor eta batez ere erletaz elikatzen da. Eta hau da bere alderdi iluna. Izan ere, erlauntzetan ikaragarrizko txikizioak eragiten dituzte.

Ibilbide honetako bigarren ornodun izarra Monpelierreko sugea da (Malpolon monspessulanus, gaztelaniazko Culebra bastarda). Bi metroko luzera izan dezakeen suge arre berdexkak bizkarraldea zilarkara eta sabelaldea horixka du. Gorputzean zehar orbain beltzak ditu. Burua zanpatua eta bekain formak nabarmentzen zaizkio. Begi inguru beltzak begirada zorrotza eskaintzen dio. Suge hau, arina eta bizkorra da, harrapakinen bila zuhaixketara igo daiteke eta uretan igeri ere egiten du. Harrapakin ugari ehizatu ditzake, sugandilak, gardatxoak, hegoaldeko suge leuna, sagutxo eta hegaztiak, baita bere espezieko ale gazteak ere.

Toloñotik behera penintsula osoan bizi da, sastrakadi eta labore lurretan, bai zekale nahiz mahastietan.

Udaberriko haizearekin parekatu eta ernaltzen dira. Uda hasieran arrautzak erruten dituzte, karraskarien galerietan edo harri azpian, 4-14 arrautza errutaldi bakoitzean. 19 x 55 mm-ko arrautzek, bi hilabete barru jaio berriek, oskola apurtu eta lur azalera atera beharko dute. 25 cm-ko gaztetxo hauek bizkor eta ausartak dira eta dena miatzen dute mokadu goxo bila. Edozein larba, intsektu edo ornogabe dastatu eta jan dezakete.

Izaki «beldurgarri» hau ez da batere arriskutsua. Oso zaila baita honek gizakiari hozka batekin azala zulatzea eta pozoia sartzea. Horretarako, eskuan denbora luzez izan behar da narrasti eder hau.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude