Bero-beroan


2003ko irailaren 07an

Alardearen auzia berriz ere Hondarribian.

Datorren astelehenean alarde nagusia berriz abiatuko da Hondarribiko kaleetan barrena, eta berarekin berriz ere emakumezkoak ekitalde horretatik baztertzearen salaketa. Abuztuaren erdian, Mertxe Agundez EAEko Arartekoak alarde mistoa bultza zezala aholkatu zion Hondarribiko udalari, Alardea eta festen pribatizazioa ez dezala baimendu eskatuz. Emakunde, halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunaren aldeko legea bultzatzen ari da eta jadanik 50en bat elkarte presioa egiten ari da emakumezkoek elkarteetan partehartzeko eskubidea aipatzen den artikulua alda dadin, beren ustez elkarteetan libreki antolatzea Espainiako Konstituzioak bermatzen duen eskubidea delako.


Mario Onandia eta Saez de Santamaria hil dira.

Mario Onaindia Arabako PSE-EEko lehendakaria eta Espainiako Saez de Santa Maria generalaren heriotzek izan dute beren oihartzuna Euskal Herrian, oso modu desberdinean bada ere. Mario Onaindia ETA eta Burgosko prozesutik PSE-EEko buruzagitzarako jauzia egin zuelako eta bizitza politiko oso ezagun eta oparoa eraman izan duelako ETA, EIA, EE eta PSEn, besteak beste. Azken urteetan, halaber, idazle gisa ere nabarmendu zen. Saez de Santamaria generala ere arras ezaguna izan zen 80ko hamarkadan ETA eta oro har ezker abertzalearen errepresioan izandako garrantziagatik. PSOEren garaira ongi egokitu zen militarra eta PPrenean bere sufrikarioa bizi izan zuen, nagusiki estatuaren gerra zikina dela eta.


Enrike Letonak espetxean jarraitzen du.

Enrike Letona arrasatearra maiatzaren 16an atera zen Murtziako espetxetik, ia 16 urteko espetxealdiaren ondoren eta 30 urteko espetxe zigorra beteta. Uztailaren 31n Ertzaintzak atxilotu zuen Arrasaten Auzitegi Nazionalaren aginduz. Bere familiak salatu duenez, «1981eko sumario bat berrireki diote orain, baina sumario hori 1988an ireki zioten lehenbiziz eta, beraz, hamabost urtez eduki dute epaitu gabe». Bere abokatuaren esanetan, Enrike Letonaren kasua halako lehena da, eta leporatutako delitua 1981ekoa denez, orain arte bete duen 30 urteko zigorrarekin betea izango luke, baita berriz errudun aterako balitz ere». Kasua paradigmatikoa izan daiteke 30 urteko espetxe zigorra beteta ateratzen diren beste preso batzuentzat ere.


Urtebete legez kanpo

Urtebete iragan da Baltasar Garzon epaileak Batasunaren jarduera eten zuenetik. Urte honetan bertan, halaber, Espainiako Auzitegi Nagusiak legez kanpo utzi zuen Batasuna. Estatu Batuek eta Europako Batasunak ere talde terroristen zerrendetan sartu dute. Korapilo juridiko-politiko estua egin zaio alderdi politikoari, baina honek aurrera jarraitzen du bere jardunean, funtsean, euskal gizartean sostengu garrantzitsu bat duelako eta gizartearen gehiengoak aintzat hartzen duelako bere jardun politikoan. PP eta PSOEren ilegalizazio apustuak, dena den, bere alde beltz ugari ditu: batetik, Batasunak berak joko politiko osoan aritzeko dituen zailtasunak begi bistakoak dira; bestetik, euskal gizarteak ere arazo gordina du gai honekin, ezin baita aritu ezer gertatuko ez balitz bezala eta elkarbizitzan ondorioak etengabekoak direlako, hauteskundeetatik mundu oso bat baztertzeak dakartzanak, esate batera, edota manifestazioen debekuetatik sortzen direnak.




Ibarretxe plana: dena prest txanpari ekiteko

Juan Jose Ibarretxek hilaren 26an auzkeztuko du bere planaren testu artikulatu ospetsua Eusko Legebiltzarrean. Zirriborro ugari ezagutu ondoren, zer aldatzen den eta zer ez harrapatzeko, arretaz jarraituko da bere diskurtsoa. Ez da zalantzarik bide malkartsua duela planak ikasturte osoan zehar, baina egoera bitxi eta berriak sortzeko gaitasuna ere izan dezake. Espainiako indar nagusienen jarrera eta Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko diren zailtasunak ikusita, planak, legegintzaldi honetan behintzat, bere bidea agortua duela pentsa liteke gainbegirada orokor batean. Urtebeteren iraganean, dena den, zirrikitu ugari zabaltzen dira eta Ibarretxe lehendakariaren planean ere bai seguruenik. Ikusmina behinik behin sekulakoa da.




Nafarroako diru laguntzen auzia

Pedro pegenaute Nafarroako Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiaren aurka ustezko prebarikazioarengatik zabaldu diren aurretiazko diligentzien barruan, Zuzendaritzako hainbat arduradun eta teknikarik deklaratuko du hil honen 10 eta 11n Nafarroako II. Instrukzio Epaitegian. Zuzendaritzak 2001eko diru laguntza deialdian "Euskaldunon Egunkaria"ri laguntza ukatu zion dokumentazioa epez kanpo aurkeztu zuela argudiatuz eta bitartean "Diario de Navarrak" diru laguntza jaso zuen, hark ere eskaera berandu aurkeztu arren.




Ikasturtea gainean eta adostasunik ez

Ez dira garai onak euskalduntze-alfabetatze alorrerako. Uztailaren amaieran Jaurlaritzak EAEko euskaltegiak arautuko dituen dekretua onartu zuenetik, aurretik zetorren euskaltegi pribatuen eta administrazioaren arteko tirabirak bere horretan dirau. Abuztuan egindako bileran ez zuten adostasunik erdietsi. Administrazioak eutsi egin zion dekretuaren filosofiari eta euskaltegi pribatuetako arduradunak kritiko agertu ziren euskara ikasleei emaitzen araberako diru laguntzak emateko planarekin. Azken hauek euskaltegien finantzaketa maila gutxitzea etorriko dela eta matrikulak igo beharko dituztela adierazi zuten. Hilaren 1ean, aldizkari hau itxi ostean, biltzekoak ziren bi parteak. Ikasturte berria gainean dago eta auzia nola ebazten den ikusi behar.




Mugikorren mezuak liburuan

Kilometroak 03ren ekimenez «SMS. Segapotoen Mezu Sekretuak» liburua izango da aurki kalean. Asisko Urmenetak, Antton Olariagak eta Kike Amonarrizek osatutako lanak mugikorretan mezuak idazteko pistak ematen ditu. Hiztegia, laburdura atala, emotikonoak (zeinuz osatutako irudiak) eta iruditzak bilduko ditu. Batxilergoko ikasleen artean banatuko dira liburuak eta Kilometroetan, urriaren 2an, salgai izango dira.




Autoan ere euskaraz

Karrikiri elkarteak «autokideak» zerbitzua jarri du abian, bidaia merkeago, ekologikoago eta euskaldunagoak egin ditzaten zerbitzuaren erabiltzaileek. Iruñeko euskaldunen elkarteak euskaradunentzako zerbitzu ugari eskaini izan ditu, pisukide euskaldunak topatzeko zerbitzua edota lan poltsa esaterako. «Autokideak» zerbitzua erabiltzeko honako baldintzak bete behar dira: bidaia berbera egitea, euskalduna izatea eta gastuak banatzeko gogoa izatea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude