Zuberoa incognita: bi bazterretan mendixka


2003ko uztailaren 27an

Oso ezezaguna da, ez baita ez bortukoa, ez eta Ühaitza ibaiaren ürrüperakoa (errepira, erriberakoa). Lehenik eta bat Maulez iparretik dago, eta menditik behera Maulen gelditzen dira Züberoako mapa batzuk. Ene herria Baxenabarren kokatzen zuen aita Lhande zenak "L'emigration basque" liburuan. Gainera bere hiztegi sonatua hemengo herritarrok "ürrüstoies" eta "larrabiles" deitzen gaitu, hemen gaindi sekula santan entzun ez ditudan izenez, aspaldi handian ürrüstoitar eta larrabiltar baigara.

Itsusi omen da Züberoako Pettarra, behereko partea: hegoaldeko bati behin entzun nion iritzia. Dena ordoki zela erran zidan beste behin heletar adiskide batek: jakina, Donapaleutik Maulera ibili zen txirrindulaz, lasai asko, inongo Himalaiarik igaro gabe, Nafarroa beheretik Zuberoako hiribururaino! Hori da Basabürüan ere gure eskualdeaz duten ikuspegia. Behin ikustera etorri zitzaidan Altzaiko askazi batek erran zidan: "Uste nian dena ordoki zela Pettarra!". Ordoki da bai, ohartu zen bezala, Ühaitzetik berrehun bat metroko zabaleran eskuin, beste hainbat ezker. Gero zeiharka zetorkio erreka ondo hertsia, aldapa gogorra, basoa, otardia, tontorra, ibar estua... Hots mendixka ñapurra!

Mendi mazelan edo ezponda baten hegian, baserri-etxalde patarra, bere belardi maldatsuen magalean edo kaskoan. Edonon haritz multzoak, abereen aterpe.

Xoko galduetan, ustekabean, burgi edo karrikune gabeko herrixkak eta auzo txikiak: ekialdetik Ürrüstoi, Larrabile, Larrori, Mendibile, Mitikile Zerra, Ospitalepea, Sohütan Peko Ibarra, Hoki, Gaineko Ibarra, Aranbeltze... gero Larraja (hau Barkoxeko auzo bat, beraz, Basabürüko), eskuinera Arrokiaga herria, ahoz "Arrokiaga" (hori Arbaila Handiko), Maidalena mendi hegiraino (kasik 800m.).

Ühaitzaren ezker aldetik ere, sartalderuntz, badago toki "eijer" eta politik: ürrüperako herrien goiak eta basabazterrak, Sarrikotapean hasirik Lextarre gaineraino; bistan dena Oihergi eta Ainharbe tontor gorenetan goaitari; Lanbarako aska bukoliko, nasai, ospetsua mendi biribilen artean...

Nire haurtzaroan fama txarra zuen Lanbarak gure xaharren mihietan, huntza entzutean erraten baitzuten, halako trufaño batekin: "Lanbarako ülün-zeinüa!" (iluñabarreko ezkila). Alta zer ibar gozoa! Baina errepiderik ez zuen berriki arte, eta ezagutzen ez dugun hura itsusi zaigu, ez zaigularik etsai!

Beste haran politean Pagola, ber denboran zuberotarra (Arbailakoa) eta baxenabartarra (Oztibarrekoa). Handik gora San Antoni mendia (706 m.) mendebaleko mendixkaren erpiña, Ühaitzaren haranaz beste aldetik Maidalenaren bizkia.

Bakoitza libre da, jakina, eta nahi duena jinen zaigu. Haatik ahalza, turista bezala baino hobe, lagun kontu etortzea, bide txikiak eta denbora hartuz, batzuetan bederen oinez, mapa bat eskupean. Ibilaldi politik badago, familian edo lagunartean egiteko. Adibidez Ündüreineko zubitik Larrabileko elizara, handik ezkerrera itzuliz, edo Ürrüstoira helduz, berdin luzatuz Larrori, Mitikilera, handik zeren ez Mendibilera.

Beste ibilaldi bat: Mitikile Zerratik, Nabarrenkoseko bidean, hegoalderuntz hartu Sohütako basoruntz: hau pagadi ederra, ematen baitu bortu goran zaudela; eskubira Gaztelaia mendi kaskoa, lurrezko gotorleku prehistorikoarekin; ezkerrera errepidea jarraituz mendate baten behera, Aranbeltzeko haran polita, kurioski Sohütakoa; errekaz harainditik Barkoxeko Larraja auzoa...

Xehetasunik ez dut emango sartaldekoaz, baina han ere hainbat ibilaldi goxo asma daiteke, adibidez Aruetik edo Lohitzünetik Oihergira iganez, handik hegiz-hegi Ainharbera, hortik, Ezpeizera, Maulera edo Lanbarako ibarrera jaisteko...

Ikuskizun harrigarri guti dago Pettarreko mendixkan, salbuespen bikainena delarik Ospitalepeko eliza mozarabe zoragarria, bisitatzekoa: azalpen grabatuak entzun daitezke hor, euskaraz ere. Baina denetan paisaje maitagarria, emea, bere lau bular nagusiekin: jadanik aipaturiko Maidalena eta San Antoni, gehi Lanbarako San Gregori eta Mendikota Galarragako Santa Barba, bakoitza bere baselizaz hornitua eta zoragarriko ikuspuntuaren jabe denetara, bereziki Piriniora, Hazparneko Urtsu mendi tontorretik Bigorrako Pic du Midi hartaraino.

Bai, mendixka da nire Züberoa. Hemen jaio nintzen eta hemen bizi naiz. Haurtzaroan oso nekez jaisten nintzen ürrüpera horretara, erosketa txiki zenbaiten egiteko amarentzat. Atzerria, arrotz herria, niretzat Ündüreineko zubian hasten zen, lehenbiziko makal eta zurzuriekin. Eta hor, Ühaitzaren gainetik iragaitean, iduri zitzaidan geroztik ezagutu dudan Aturri edo Garona bezalako muga naturala pasatzen nuela. Haraindian orduko frantsesez elerraten hasiak ziren gure adineko putikoak, gerra ondarrean, nahiz euskaraz bazekiten.

Ene mendixkan bizi nahi nuke bururaino. Zer bakea hemen, turistarik gabe, nekazarien artean. Iraun dezatela bizirik etxaldeek, emaztegai bedera ediren dezatela mutiko gazteek. Besteak oroitu daitezela Zuberoan dagoela xoko galdu hau. Bakeaz beste abantaila bat badu: bortu gora hemendik ageri da hurbiletik baino hobeki, eta haren bistatik kanpo nolaz bizi? Gainera hangoa nuen ama.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude