argia.eus
INPRIMATU
Neurgailua
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 16a
Iruinseme baten ahoan topikoa da Sanferminen izaera askotarikoaz mintzatzea. Zinez hala da, ordea. Batetik, hiriburuak bederatzi egunean janzten duen mozorro xarmangarria: Iruñea ez-Iruñe bilakatzen den aste iheskorra, urtearen gainerako hirurehun eta berrogeita hamasei egunetan agertuko ez duen bisaia alai koloretsu abegikor begirunetsua. Eta bertzetik eta aldi berean, Iruñea, inoiz baino Iruñeagoa: muturbeltz, hits eta bertzeekiko zakarra. Bestak bai, baina herritarren erdiendako. Dekretuz txoznarik ez. Egurra ikurrina daramanari. Polizia desgisatua nonahi, probokatzaile. Euskal Telebista Iruñetik kanpo. Salbuespenik? Bai. Nafarroa Oinez salbatu da aurten; zokoratua eta bestagunetik kanpora izan bada ere -bestagunea Pocholorendako da- bere txokoa izan du behingoz Taconeran. Gupidatu ote dira UPNkoak Irunberriko ikastolaz? Ez. CDNk bere gobernukideak ekarri ditu nahi ez zuten tokira. Pozgarria? Eguneroko bataila guztiak galtzera ohituta, pozteko modukoa da noizean behin bat edo bat irabaztea. Marka da, hala ere, alderdi bateko lehendakariarenganaino jo beharra berrogei metro karratuko eremu publikoaz baliatu ahal izateko zure hiriburuan berean atzerritartzat har ez zaitzaten, Casa Andaluza edo Hogar Asturiano ez bezala. Sanferminak, bertzeak bertze, neurgailu ere baitira. Ez ote genekien, jakinean gaude: latzak izanen dira hurrengo lau urteak Nafarroan. Juan Cruz, begira gaitzazu.